}

CAF-Elhuyar sariak 2021: ezagutza da txertoa

2021/04/28 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

caf-elhuyar-sariak-2021-ezagutza-da-txertoa
2021eko CAF-Elhuyar sarien irabazleak, ezker eskuin: Nahia Seijas Garzón, Iñaki Sanz-Azkue, Jon Urzelai Urbieta, Helene Sánchez Zelaia, Jabier Agirre Lasarte, Itxaso Navarro Celestino eta Asier Albite Arregi. Arg. Iñigo Ibañez/Elhuyar

“Ezagutza da txertoa” lelopean banatu ziren atzokoan CAF-Elhuyar sariak, Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan, Donostian. Inoiz baino sari gehiago banatu dira aurten. Hauek izan dira lan irabazleak:

Alferrik saiatzen gara natura giltzapetzen”, Nahia Seijas Garzónena. Dibulgazio-artikulu orokorraren saria.

Polimero jasangarriak garatzea elikagaiak ontziratzeko”, Ainara Sangroniz Agudorena. Doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria.

Betizua, Europako azken behi basatia desagertzear?”, Asier Albite Arregirena. Lehen sektoreko lan onenari Neiker Sari Berezia.

Klima-aldaketa eta mahastizaintza”, Helene Sánchez Zelaiarena. Neiker Sariaren aipamen berezia.

Etxeko leihoak naturaren behatoki”, Iñaki Sanz-Azkuerena, Gaur8 astekarian eta Naiz egunkari digitalean argitaratua. Zientzia-kazetaritzaren arloko saria.

Pentsatu, ez sinistu”, Jon Urzelai Urbieta. Zientzia-kazetaritzaren arloko aipamen berezia.

Sonata 00001011-Spam irudien soinu transdukzioen kontzertua, Itxaso Navarro Celestinorena. Sorkuntza beka.

15 minutuko hiria, 45 minutuko lurraldea. Euskal kartografia garaikideak”, Ander Gortazar Balerdi eta Jacek Markusiewiczena. Sorkuntza beka.

Jabier Agirre Lasarte medikua. Elhuyarren Merezimendu Saria.

 

Alferrik saiatzen gara natura giltzapetzen

Nahia Seijas Garzón, Dibulgazio-artikulu orokorraren sariaren irabazlea. Arg. Iñigo Ibañez/Elhuyar

Nahia Seijas Garzón amurriotarrak irabazi du Dibulgazio-artikulu orokorraren saria, “Alferrik saiatzen gara natura giltzapetzen” izeneko artikuluarekin. Epaimahaiaren arabera, Saijasek historiaren historia modu atsegin eta erakargarrian kontatzen du, eta kazetaritzaren ikuspegitik, artikuluaren haria ondo josia dagoela azpimarratu du.

Seijasek, saria jaso duenean, giza eskubidetzat jo du garai hauetan zientzia-aurrerakuntzak ulertzeko, jarraitzeko, parte hartzeko aukera izatea; kultura zientifikoaz gozatzea, azken batean. Eta hezkuntzari ere erreparatu dio: “Biologia eta geologia oso modu abstraktuan ematen dira eskoletan. Askotan ahaztu egiten dugu biologiak eta geologiak duten parte historikoa, eta testuinguru edo interpretazio historiko hori gabe erakusten dira. Hori iraultzea izan da artikulua idazteko nire motibazioa; espazioan eta denboran kokatu nahi izan ditut natur zientziak”.

Polimero jasangarrien garapena elikagaien ontziratzerako

Ainara Sangroniz Agudok eskuratu du doktore-tesian oinarritutako artikuluaren saria, “Polimero jasangarriak garatzea elikagaiak ontziratzeko”lanari esker. Sangroniz Elgetakoa da. Epaimahaiaren iritziz, gaur egungo arazo bati erantzuten dion ikerketa bat da, eta gaurkotasuna eta egilearen helburua azpimarratu ditu: mundua hobetu nahi izatea. Haren tesi-zuzendari Agustin Etxeberriak jaso du saria, Sangroniz AEBn baita egun. 

Betizua, Europako azken behi basatia desagertzear?

Asier Albite Arregik jaso du aurtengo Neiker Sari Berezia. Arg. Iñigo Ibañez/Elhuyar

Lehen sektoreko lanak saritzeko helburua du Neiker Sari Bereziak, eta aurtengo saritua Asier Albite Arregi zumaiarra izan da, “Betizua, Europako azken behi basatia desagertzear?”lanari esker. Kategoria honetako epaimahaikideek garrantzi berezia ematen diote lana berritzailea izateari, teknologian oinarritua egoteari eta erabilgarritasunari.

Albitek galtzeko zorian dagoen betizuaren aldarria egiteko aprobetxatu du, saria jasotzean. Ez bakarrik hori, betizuekin batera, haiek bizi diren baserriak eta baserritar familiak ere desagertzear daudela gogorarazi du; hain zuzen, abeltzaintza eta nekazaritza estentsiboa egin eta natur bioaniztasuna mantentzen duten horiek. “Gure arbasoen ondare kulturalaren gordailu ere badira”, adierazi du, kezkaz.

Helene Sánchez Zelaia. Arg. Iñigo Ibañez/Elhuyar

Aurten, lehengo sektoreko bigarren lan bat nabarmendu nahi izan du epaimahaiak, aipamen bereziaren bidez. Oraingo honetan, Helene Sánchez Zelaia durangarra izan da saritua, “Klima-aldaketa eta mahastizaintza” lanarekin. Epaimahaiaren arabera, egileak, artikulu honetan, puri-purian dagoen arazo bati irtenbide bat ematen dio, diziplinartekotasunean eta praktikotasunean oinarritua.

Etxeko leihoak naturaren behatoki

Zientzia-kazetaritzaren arloko saria gaurkotasun beteko artikulu batek eskuratu du, egilearen ikuspegi pertsonala azaltzen duena, behaketan eta kontenplazioan oinarritua, eta horrek originaltasuna ematen diola adierazi du epaimahaiak. Iñaki Sanz Azkue hernaniarrak idatzitako “Etxeko leihoak naturaren behatoki” lana izan da irabazlea, eta Gaur8 astekarian eta Naiz egunkari digitalean argitaratu zuten iazko martxoan.

Iñaki Sanz Azkue hernaniarra. Arg. Iñigo Ibañez/Elhuyar

“Denok konfinatuta eta etxeko leihotik begira geundenean idatzi nuen artikulua, pandemiaren erdian —gogoratu du Sanzek—. Hausnarketarako gai asko ekarri ditu pandemiak: besteak beste, zientzia-dibulgazioaren ezinbestekotasuna. Zientziaren eta gizartearen lotura horretan, ezinbesteko aldagaia da bihurtu da. Artikulu zientifikoetako ondorioak gizarteak uler ditzan, mezu garbiak eta zuzenak behar ditugu, euskaraz egiten direnak”. Biodibertsitateaz ere hausnartu beharko genukeela adierazi du: “Datozen hurrengo pandemiei egiteko, biodibertsitatea izango da horma nagusia. Biodibertsitatea hitz larritan txertatu beharko genuke gizarte honetan”.

Jon Urzelai Urbieta, “Pentsatu, ez sinistu” irrati-pilulen egilea. Arg. Iñigo Ibañez/Elhuyar

Bestetik, arloko lan bakarra saritu badaiteke ere, epaimahaikideek erabaki dute beste lan batek aipamen berezia merezi duela: Jon Urzelai Urbieta zumarragarraren “Pentsatu, ez sinistu” irrati-pilulek. Epaimahaiak dio Urretxuko eta Zumarragako proiektu komunikatiboaren KKinZona irratsaioan emandako lan horrek izurriari buruzko kontzeptuak argitzen dituela, sineskeri asko argituz. “Nire inguruan sumatzen nuen giro sozialari erantzun nahi izan nion —adierazi du Urzelaik—. Zientziari mesfidantzaz begiratzeko joera sozial bat ikusten dut inguruan, gaitz asko leporatzen dizkiona, eta logika ekonomiko jakin bati erantzun diola argudiatzen dutenak. Hori dena, pentsatuz transgresore izaten ari direla, eta balizko ikuspegi kritiko bat ahotan dutela. Egoera konplexua bizi dugu orain, eta gizarteak erronka konplexuak izango ditu aurrerantzean. Horretarako, zientziari kritikoki begiratu behar zaio, utopismo teknologikoa eta zientifismoak alboratuz, baina ahaztu gabe ikuspegi kritikoak behar-beharrezkoa duela zientzia”.

Zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duten proiektuetarako laguntza

Sariez gain, 5.000 euroko diru-laguntza bat ere eman ohi du CAF-Elhuyar sariketak, zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duen proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurtengoan, ordea, horrelako bi diru-laguntza banatu dira: bata Itxaso Navarro Celestino donostiarrak jaso du ”Sonata 00001011-Spam irudien soinu transdukzioen kontzertua”lanarengatik. Epaimahaiak azpimarratu du teknika berria proposatu eta gogoeta interesgarria egiten duela Navarrok, spama beste hizkuntza batera eramanaz.

“Proiektu hau duela lau urte hasi zen, hain zuzen Elhuyarri esker, Miraila proiektuak jasotako sariari esker. Proiektu hartan gure arbasoak ekarri genituen gogora, haiek kobazuloetan utzitako margo-lanak. Eta, horretan ari ginela, konturatu nintzen etorkizunean gu geu ikertuko gaituztela, nolakoak ginen jakiteko. Eta sortzen ditugun soberakinak izango direla gugandik ikusiko dutena; gehienbat, zabor digitala, spama. Sare sozialetan egunero argitaratzen dugun informazio hori guztia izango da etorkizunean guri buruz jakingo dena. Horregatik, nire proposamena da soberakin horiek musika bihurtzea, etorkizunean nola entzungo gaituzten erakusteko”

Itxaso Navarro Celestino. Arg. Iñigo Ibañez/Elhuyar

Bigarren diru-laguntza Ander Gortazar Balerdidonostiarraketa Jacek Markusiewicz poloniarrak jaso dute, “15 minutuko hiria, 45 minutuko lurraldea. Euskal kartografia garaikideak” lanarengatik. Urbanismoarekin lotura duen kezka garaikide bat azaleratzen duela lanak, eta gizartean gogoeta egiteko baliagarria izan daitekeela dio epaimahaiak. Euskal Herritik kanpo zirenez, saria ezin izan dute zuzenean jaso.

Jabier Agirre Lasarte

Jabier Agirre Lasartek jaso du 2021eko Elhuyarren Merezimendu Saria. Arg. Iñigo Ibañez/Elhuyar

Elhuyar Fundazioaren patronatuak Jabier Agirre Lasarte medikuari eman dio Elhuyarren Merezimendu Saria, euskaren normalizazioan eta zientzia eta teknologiaren dibulgazioan ibilbide luzea izan duela azpimarratuz eta aitortuz.

“Euskara eta medikuntza izan dira Agirreren bi pasioak, dibulgatzaile aparta bihurtzeraino”, gogorarazi du Txema Pitarke de la Torre nanoGUNEko zuzendari nagusi eta Elhuyar Fundazioko lehendakariak. “Irratian, telebistan eta papereko prentsan aritua da. Elhuyar aldizkarian, esaterako, 21 urte eman ditu hilero-hilero medikuntzaren arloko artikuluak idazten; guztira, 219 artikulu”. Agirrek, bere aldetik, etxekoei eman dizkie eskerrak, hunkituta.

Epaimahaikideak

Epaimahaikideei dagokienez, hauek izan dira dibulgazio-artikuluak eta kazetaritza-lanak epaitu dituztenak: Arturo Elosegi Irurtia, ekologoa eta EHUko ikertzailea; Marian Iriarte Ormazabal, kimikaria eta EHUko ikertzailea; Alberto Barandiaran Amillano, kazetari eta idazlea, eta Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute Elhuyar aldizkariko zuzendaria. Neikerreko sari berezia aukeratu dutenak, berriz: Arantza Madariaga Aberasturi, Elika Fundazioko zuzendaria; Pilar Santamaría Martínez, HAZI Fundazioko arloko burua eta Rikardo Bueno Zabalo, BRTAko zuzendaria.

Zientzia Gizartean sorkuntza-bekara aurkeztutako proiektuak honako hauek epaitu dituzte: Lorea Agirre Dorronsoro, Jakin Fundazioko zuzendaria; Koldo Almandoz de La Cruz, zinema-zuzendaria; Josu Rekalde Izagirre, EHUko Artea eta Teknologiako katedraduna, eta Irune Bengoetxea Lanberri, Elhuyarreko komunikazio-arduraduna.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia