}

Robot "idealaren" bila

2010/08/08 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Jakina da robotak diseinatzeko eta egiteko teknikak etengabe ari direla garatzen. Eta, oraingoan, robotikan “oinarrizkoa eta garrantzitsua” izan litekeen beste urrats bat eman nahian dabilela jakinarazi du AEBko ikertzaile-talde batek. Modu eraginkor batean ibili eta korrika egiteko gai den robota sortzea eta prozesu horretan ahalik eta energia gutxien xahutzea da xede nagusia.
Uda amaitu aurretik aurkeztu nahi duten robotaren prototipoaren infografia bat da irudian ageri dena.
Oregoneko Unibertsitatea

Oregoneko Unibertsitateko ikertzaile-talde batek berriki eman du eskuen artean darabilen lanaren berri. Uda amaitu aurretik aurkeztu nahi du robot “berritzailea”. Ibili eta korrika erraz egiteko gai izango omen da. Dena den, antzeko beste robot batzuek darabilten energia-kantitatea murriztea da taldearen lehentasunetako bat.

Gainera, taldeak dio proiektua lagungarria izan litekeela etorkizunean misio konplexuetarako robotak sortzeko; “baita hobeto kontrolatu ahalko liratekeen protesiak sortzeko edo gurpil-aulkietan mugitzen diren zenbait pertsonak ibiltzeko nolabaiteko gaitasuna lortu ahal izateko ere”.

Oro har, lan mekanikoak egiteko diseinatuta daude robotak. Egoera zehatz eta kontrolatuetan baliatzen dira; behin eta berriz errepikatu behar diren ekintzak edo jarduerak egiteko sortu izan dira gehienak. Besteak beste, erraz lotzen ditugu espazioko esplorazioaren, automobilgintzaren edo ekoizpen-industriaren alorrekin. “Baina lokomozioari dagokionez, gizakiak eta beste zenbait animalia zailak dira emulatzen”, esan du taldekideetako batek.

BigDog robota ia edozein asaldurari aurre egiteko gai da. Energia asko kontsumitzen du, ordea. (Argazkia: Boston Dynamics ) .

“Luzaroan, adituek batik bat esperientzia eta intuizioa izan dituzte oinarri, roboten lokomozioan lan egiteko. Guk, ordea, atzera begira urrats bat eman nahi izan dugu, sistema mekanikoaren oinarrizko dinamika aztertu eta sistema robotiko jakin batentzako portaera benetan zein izan daitekeen zehazteko. Alegia, harri batek ezin du hegan egin, harentzat prestatzen den softwarea dena delakoa izanda ere!”, erantsi du. Ikuspuntu horren arabera, beharrezko eraginkortasunarekin zein elementuk funtzionatuko duen eta zeinek ez zehaztea litzateke gakoa, “haiek fabrikatzen hasi aurretik ere”.

Ereduak uztartuz

Energia-kantitate xume bat baliatuz, gizakiok erraz mugi gaitezke, lur malkartsuetan barrena ere. Besteak beste, muskulu eta tendoien bitartez lortzen dugu oreka. Eta indarrak ongi neurtu eta erabiltzeko era ezberdinak ditugu: objektu bat leku finko batean manten dezakegu, eta zuloz betetako errepide batean, autoz joanda, kafe-katiluaren edukia ez isurtzea ere lor genezake.

Oraindik ere robotak ezin izaten dira gizakiok bezain dotore mugitu. (Argazkia: Boris Furlan) .

Robot ibiltari edo korrikalari gehienek, ordea, ahal bezain zurrun egon behar dute, ibiltzeko oinarrizko modu bat lortu bitartean; ezin izaten dira gizakiok bezain dotore mugitu. Gainera, energia asko eskatzen du prozesuak, eta murriztu egiten dira haien balio eta aplikazio posibleak.

AEBko taldeak merkatuan aurki daitezkeen bi robot-eredu uztartu nahi dituela azaldu du. “Badaude lautadetan kontrol aktiborik gabe ondo ibil daitezkeen robotak; energia gutxi behar dute, baina asalduren aurrean gaizki moldatzen dira”, argitu du. Gizakion ibilera simulatzeko dinamika pasiboa izeneko teknika bat baliatu ohi da horiekin. Horri esker, urrats bateko inertzia eta grabitatea hurrengo urratsean erabiltzeko aprobetxatzen da, eta, ondorioz, robotak ez du gizakiok baino energia gehiago behar ibiltzeko.

“Bada, dinamika pasibodun robot horiek beste muturrean leudekeen robotekin, hala nola BigDog ekin , uztartu nahi ditugu guk, azken horiek, energia asko kontsumitu arren, ia edozein asaldurari aurre egiteko gai baitira”, esan du. “Finean, kontrol aktiboak edo motorrak behar diren uneetan soilik baliatzea da gakoa. Softwareak asaldura bat agertzean hartuko du kontrola; gainerako prozesu guztian zehar dinamika pasiboa izango da protagonista”.

7K-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia