El Sotillo trikuharriko genoma bat, izurri bubonikoaren ebidentzia zaharrenen artean
2022/04/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Neolitotik Eurasian izurri bubonikoak izan duen bilakaera argitu dute, Yersinia pestis bakterioaren genoma zaharrak aztertuta; zehazki, 17. Genoma horiek Eurasian duela 5000-2500 urte bizi izan ziren 252 banakoren hortzetan aurkitu dituzte, tartean, El Sotillo trikuharrian hobiratuta zegoen batean (Arabako Errioxa). Duela 3.300 urte inguru ehortzi zuten, eta harena da penintsulan Yersinia pestis bakterioaren ebidentziarik zaharrena.
Yersinia pestis bakterioak izurri bubonikoa eragiten du, eta, beraz, Brontze Aroan jada gaixotasun hori bazegoela frogatu dute, izurri bubonikoak jota hil baitzen El Sotillon ehortzitako gizon hori. Horrez gain, bakterioen azterketa genetikoak erakutsi du bi andui zeudela Eurasian, eta biak aldi berean egon zirela, gutxienez, 2.500 urtez. Haietako bat arkakusoen bidez transmititzen zen; andui horrek iraun egin zuen, eta izurri handiak eragin zituen askoz geroago ere. Aldiz, bestea galdu egin zen, ustez, Burdin Aroan. Ikertzaileen arabera, galdutako andui hori ez zen arkakusoen bitartez zabaltzen, baina ez dakite zein zen lan hori egiten zuen animalia.
Ikerketan aztertu dituzten genometatik bi baino ez dira arkakusoen bidez transmititzen diren anduiekoak: El Sotillokoa eta Samarakoa (Errusia). Azken hau El Sotillokoa baino 500 urte gazteagoa da, eta bi leku horien artean dagoen distantziak (5.000 km inguru) argi uzten du zenbateraino zegoen zabalduta izurri bubonikoa.
PNAS aldizkarian argitaratu dute ikerketa, irekian, eta ondorioztatu dute Yersinia pestis-en bi anduiek paraleloan eboluzionatu zutela, eta, seguru asko, txoko ekologiko desberdinak hartu zituztela. Bestalde, azaldu dute gaur egungo Yersinia pestis ere transmiti daitekeela arkakusoen laguntzarik gabe, hala nola ahoko tantaxken bitartez, eta infektatutako animaliaren baten haragia erabilita edo janda, baita gorotzen bidez ere.
Dena dela, argi dute migrazioek eta pertsonen arteko harreman estuek garrantzia handia izan zutela bakerioen hedapenean, baita animalien etxekotzeak ere.