}

Aurkikuntza esanguratsuak egin ditu Ilargian Indiako Chandrayaan-3 misioak

2023/09/12 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

aurkikuntza-esanguratsuak-egin-ditu-ilargian-india
Vikram moduluaren argazkia, Pragyan ibilgailu robotikotik hartua, 15 metroko distantziatik. Arg. ISRO

Indiako Chandrayaan-3 misioak bi aste eman ditu Ilargiaren Hego poloa aztertzen, eta emaitza aipagarriak lortu ditu. ISRO Indiako espazio-agentziak jakinarazi duenez, Vikram moduluak, besteak beste, Ilargiaren ionosferaren tenperatura eta dentsitatea neurtu ditu lehen aldiz. Hala, ikusi dute plasmaren dentsitatea, gutxi gorabehera, metro kubikoko 5-30 milioi elektroikoa dela, eta aldatu egiten dela egunak aurrera egin ahala (Lurreko antzeko geruzaren dentsitatea milioi batekoa da). Inoiz kolonia bat ezartzen bada Ilargian, horrek eragina izan dezake komunikazioan eta nabigazio-sistemetan.

Bestalde, zoruaren tenperatura ere neurtu dute, 8 cm-ko sakoneran, eta azalekoa baino 60 ºC txikiagoa dela baieztatu dute. Gainera, azaleko tenperatura 2009an NASAren orbitatzaileak neurtutakoa baino dezente epelagoa da: -10 ºC bainogehiago, neurtu duten sakonera guztietan. Ikertzaileen esanean, tenerpatura horiek altuegiak dira, izotza egonkorra izan dadin. Izan ere, hutsean, izotza oso tenperatura baxuan bihurtzen da gas (-160 ºC).

Ilargikara edo seismo txikiren bat ere neurtu dute, eta sufrea, aluminioa, silizioa, kaltzioa eta burdina aurkitu dituzte. Nabarmentzekoa da ez zutela sufrea aurkitzerik espero, oso lurrunkorra baita. Adierazi dutenez, hurrengo misioen emaitzen zain geratu dira, sortu zaizkien galderei erantzuteko aukera emango dutelakoan.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia