Elhuyar zientziaren komunikazioa

Berriro Ilargira

2008/03/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

1960ko hamarkadan, Ilargia munduko bi estatu boteretsuenen borroka-lekua zen. Azkenean, Estatu Batuek irabazi zuten Ilargia zapaltzen lehenak izateko lehia. 1969. urtea zen. Hurrengo urteetan, bai estatubatuarrek bai errusiarrek espazio-ontzi gehiago bidali zituzten Ilargira, baina, denborarekin, interesa galdu zuten, eta beste helburu batzuk bilatu zituzten. Orain, ordea, badirudi Ilargia berriro erakargarri bihurtu dela; horren adierazle dira gaur egun martxan dauden hainbat misio eta laster abiatuko diren beste batzuk.

Apollo 11 misioan lortu zuten Ilargiaren azala zapaltzea estatubatuarrek.
NASA

1969an Apollo 11 espazio-ontzia Ilargiratu zenetik 1970eko hamarkadaren erdira arte, estatubatuarren eta errusiarren bisita ugari jaso zituen Ilargiak. Geroztik, ordea, misio gutxi batzuek besterik ez dute izan helburu Ilargia. Egin kontu: 1976tik 1990ra ez zen satelite bakar bat ere bidali harantz. 1990eko misioa, berriz, Japoniako espazio-agentziak egin zuen, JAXAk . Ondoren, NASAk hiru misio egin ditu Ilargiaren inguruan, eta Europako espazio-agentziak, ESAk, bat baino ez.

Orain, baina, espazio-agentziek begiz jo dute berriro, eta Ilargira hurbiltzen hasi dira. Dagoeneko Ilargiaren orbitan da JAXAk iazko urrian bidali zuten zunda. Kaguya izena du (lehenago Selene deitzen zioten bera da), eta haren egiteko nagusia Ilargiaren azaleraren mapa zehatza egitea da.

Kaguya hiru satelitez osatuta dago, eta horietako batek 13 tresna zientifiko ditu, tartean, bereizmen handiko telebista bat. Horren bidez, xehetasun handiko irudiak eta ikuspegi ederrak jasotzen ari dira astronomoak. Horrez gainera, Ilargiaren grabitate-mapa egiteko tresnak ditu sateliteak, eta baita azalean eta sakonean dauden elementuak identifikatzeko eta aztertzeko behar direnak ere. Beste elementuen artean, Japoniako zientzialariek ur izoztua bilatuko dute krater sakonen hondoan. Izan ere, ura gakoa da gizakiak bidaltzeko Ilargira.

Txina, India, eta.. Estatu Batuak, nola ez

Baina Kaguya ez dago bakarrik Ilargiaren inguruan: 2007ko azaroan, Txinak Chang'e-1 satelitea jarri zuen Ilargiaren orbitan. Txinatarren misioak urtebete iraungo du, eta, denbora horretan, sateliteak Ilargiaren azalera osoaren hiru-dimentsioko irudiak jasoko ditu, poloetakoak barne. Berriro ere, ura egoteko itxaropenak bultzatuta aztertuko dituzte poloak, han ur izoztua aurkitzeko aukerak inon baino handiagoak direla uste baitute zientzialariek.

Chang'e-1 satelitearen ondoren, txinatarrek beste bi bidaltzeko asmoa dute: Chang'e-2 , Ilargiaren azalean ibilgailu bat jartzeko helburuarekin, eta Chang'e-3 , laginak jaso eta Lurrera ekartzearenarekin. Helburu horiek bete eta gero, datuak eta informazioa biltzen jarraitu nahi du Txinako espazio-agentziak, egunen batean Ilargian base iraunkor bat eraikitzeko.

Japongo bereizmen handiko kameraren bidez jasotako irudian, Lurra Ilargitik ateratzen ikusten da.
JAXA

Ilargian ezer eraiki aurretik, datorren hilean bertan, Indiak ere bidaliko du zunda bat Ilargi aldera. Chandrayaan-1 izena du, alegia, ilargiko ontzia , eta, besteak beste, Ilargiaren azalaren mineralogia aztertzeko tresna bat darama, infragorrizko espektrometro bat. Mineralak ez ezik, topografia ere aztertuko du zundak, eta bildutako datu guztiak oso baliagarriak izango dira hurrengo misioa diseinatzeko. Hain zuzen ere, 2010-2011rako Chandrayaan-2 misioa prestatzen ari dira. Horretan, ibilgailu robotiko bat jarriko dute Ilargian, azalaren laginak eta arrokak biltzeko, eta analisi kimikoak egiteko.

Ekialdeko herrialdeek, beraz, hitzordu dezente dituzte Ilargiarekin hurrengo urteetan. Edonola ere, mendebaldekoek ez diete utziko Ilargiarekin bakarka egoten. Hala, NASAk urrian bidali nahi du zunda bat Ilargiaren orbitara. Horrek ere Ilargiaren azaleraren mapa zehatza egitea du helburu, eta, bide batez, baliabideak bilatzea, hala nola ura eta eraikuntzako materialak.

Horrez gain, zundak pertsonen larruazalaren antzeko material bat darama kanpoaldean, aztertzeko nola eragingo liokeen erradiazioak gizakiari. Eta 2011n, NASAk bi ontzi biki bidaliko ditu grabitate-eremua neurtzeko eta Ilargiaren sorrerari buruzko galderei erantzuna bilatzeko. Informazio hori guztia izandakoan, pertsonak Ilargiratzeko egitasmoa abiatu nahi du NASAk.

Bakoitza bere aldetik

Ingeniari estatubatuarrak, Ilargira bidaliko duten zunda prestatzen.
NASA

Azkenik, errusiarrek ere badute Ilargiari bisita egiteko asmoa, aspaldiko partez. Are gehiago, haiek ere base bat eraiki nahi dute Ilargian. Hori baino lehen, baina, Luna-Glob proiektua egia bihurtu behar dute. Proiektu horren barruan, 13 zunda jarri nahi dituzte, batzuk Ilargiaren orbitan eta beste batzuk azalean. Zertarako? Bada, aurrekoek bezala, Ilargiaren mapa zehatza egiteko, sakonean ezagutzeko, sorrerari buruzko misterioa argitzeko... a, eta ura bilatzeko!

Antza denez, joan den mendean bezala, espazio-agentzia bakoitzak nahiago du bere aldetik joan, teknologia eta jakintza partekatu baino. NASAkoek azaltzen dutenez, hobe da bakoitzak bere proiektua garatzea eta besteen menpeko ez izatea; bestela, herrialderen batek atzera egiten badu edo tresnaren batek huts egiten badu, egitasmo osoa bertan behera geratzeko arriskua dago. Arrazoi hori ematen dute, beraz, besteekin elkarlanean ez aritzeko, alderdi gutxi batzuetan izan ezik. Gainerako herrialdeek ere berdintsu jokatzen dute.

Horrenbestez, egunen batean Ilargian baseak eraikitzen badituzte, ez dirudi hango mapa Lurrekoarekiko oso bestelakoa izango denik...

Gara -n argitaratua

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia