}

Asteroideak binaka

2002/04/18 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Neptunotik haraindi dagoen asteroide-eraztunean bikote bitxia aurkitu dute Hawaiin dagoen teleskopio baten bitartez. Hasieran, objektu bakarra zelakoan, 1998 WW31 izena eman zioten. Dena dela, behaketa askoren ostean, bi aleko sistema dela ikusi dute.

Asteroide bakoitzak bestearen inguruan egiten du bira, 570 eguneko periodoarekin. Errotazio hori elipse-itxurako orbita batean gertatzen da: elkarrengandik gertuen daudenean, 20.000 kilometrora daude; eta urrunen daudenean, berriz, 40.000 kilometrora.

Mota horretako sistemak aurkitzea ez da erraza, teleskopiotik elkarrengandik gertu dauden bi argi-puntu ikusteak ez duelako esan nahi bi asteroide direnik: askotan atzerago dagoen izar batekin nahasteko arriskua izaten da. Beraz, bikotea aurkituz gero, irudi horri jarraitu behar zaio elkarren inguruan biraka ari diren ala ez baieztatzeko.

Horrelako sistemak ez dira ohikoak, baina adibide bakar batzuk ezagutzen dira. Ospetsuena, dudarik gabe, Plutonek eta Karonte bere sateliteak osatzen dutena da. Dena dela, 1998 WW31 asteroide-parea aurkitu dutenen arabera, ezaugarri ezberdinak dituzte bi sistema horiek. Beharbada, bien artean izango da zer ikasi Kuiperren Gerrikoaren jatorriari buruz.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia