}

Zientziaren Liburutegi Publikoa

2001/11/01 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zientzia nahasita dabil azken hilabeteotan. Hori ez da kontu berria, askotan sortzen baitu zeresana. Baina oraingo honetan, milaka ikertzailek beren lanak argitaratzen dituzten aldizkari zientifikoak boikota egitearekin mehatxatu dituzte. Ikertzaileek Zientziaren Liburutegi Publikoa eratu nahi dute, eta hura oztopatzen duten argitaletxeetan lanik ez dutela argitaratuko adierazi dute.

Ikerkuntza zientifikoak aurrera egin dezan ezinbestekoa da mundu osoko literatura zientifikoa eskura izatea. Horregatik argitaratzen dituzte zientzialariek beren lanen emaitzak aldizkari espezializatuetan, gerora lanen egile-eskubideak aldizkariek berek jasotzen dituzten arren. Hori dela eta, beste ikertzaileen emaitzak eskuratu ahal izateko, harpidetza garestiak ordaindu behar izaten dituzte aldizkari horietan.

Azken hilabeteotan ikertzaile-talde batek informazioaren eskuragarritasunaren arazoa ezagutzera eman du. Literatura zientifikoak, neurri handi batean diru publikoz finantzatutako ideia eta aurkikuntza zientifikoen artxibo iraunkor bakarrak, jabetza pribatuen kontrolpean egon behar ote duen galdetu dute zientzialariek. Ideia horretan oinarrituta, Zientziaren Liburutegi Publikoaren aldeko apustua egin dute.

Zientzialarien eskakizunak

Eskaera garbia egin du ikertzaile-talde horrek: sarean dauden lan horiek doan jar ditzatela aldizkariek. Horretarako, mundu osoko ikertzaileei gutun ireki bat igorri diete beren asmoarekin bat egin dezaten, eta dagoeneko 170 herrialdetako 26.000 zientzialarik sinatu dute.

Iaz Estatu Batuetako Osasunaren Institutu Nazionalak (NIH) PubMed Central deritzon foruma sortu zuen, aldizkari zientifikoek beren edukia hara igor zezaten. Hala ere, garai hartan ez zuen oso harrera ona izan, oso aldizkari gutxik hartu baitzuen parte azkenean.

Argitaletxeek, artikuluak dohainik eskaintzeaz gain, gune komun batera —PubMed Central gunera— igorri beharko dituzte artikuluok. Horrela errazago egingo dira bilaketa bibliografikoak. Ikertzaile-talde horren esanean, hobe da artikulu zientifikoak bilatzerakoan erreferentzia-puntu bakarrera jotzea ehunka aldizkarien web guneetan sartzen ibiltzea baino.

Liburutegiaren aldekoek proiektuak zientziari asko lagunduko liokeela adierazi dute. Horien ustez, nabarmen handituko litzateke literatura zientifikoaren eskuragarritasuna eta erabilgarritasuna; edozeinek informazioa edonon lortu ahal izango luke, muga eta preziorik gabe. Horrek zientzia-ekoizpena handiaraziko luke, eta pentsamendu komunitate zientifiko desberdinen lanak plazaratzeko gune aproposa izan daiteke.

Zientzian aski ezaguna da, adibidez, ADNaren kasua. ADNaren sekuentziak nahi duenarentzat eskuragarri daude GenBank-ean, eta horrek asko erraztu du horretan dabiltzan ikertzaileen lana.

Aldizkarien jarrera

Aldizkari espezializatuek informazioa sarean jarri dute, baina ez doan.

Oraingoz, izen handiko hainbat aldizkarik baiezkoa eman diote proiektuari, hala nola, Proceedings of the National Academy of Sciences, British Medical Journal, Molecular Biology of the Cell, Bioinformatics, Canadian Medical Association Journal, Journal of the American Medical Informatics Association, Genome Biology eta beste hainbatek. Aldizkari horiek beren lanak argitaratu eta handik sei hilabetera igorriko dituzte liburutegi komun horretara.

Science aldizkariaren jarrera, ordea, bestelakoa izan da. Liburutegiaren alde azaldu diren arren, hor aurkitutako edozein artikuluk irakurlea jatorrizko aldizkariaren web gunera igorri beharko lukeela adierazi dute aldizkariko arduradunek.

Beste hainbat aldizkarik tarteko urratsa egin dute, besteak beste, Nucleic Acid Research, Genetics, American Journal of Human Genetics eta EMBO Journal aldizkariek eta Amerikako Mikrobiologiako Elkarteak argitaratzen dituen aldizkariek bitarteko urratsa eman dute: argitaratu eta handik urte-erdira testu osoak doan eskuratu ahal izango ditu edozeinek, baina artikuluok beren web guneetan baino ez dira egongo eskuragarri; ez dituzte fondo komun horretara igorriko.

Hala ere, aldizkari gehienak Zientziaren Liburutegi Publikoaren aurka daude, beraiek argitaratutako lanen egile-eskubideak gorde nahi dituztelako batik bat. Gainera, EMBO Europako Biologia Molekularreko Erakundeko zuzendari Frank Gannon-en ustez, beren artikuluak doan jartzeak diru-galera handia ekarriko lieke eta oso zaila izango litzateke artikuluen zuzenketak eta argitaratzeak dakartzaten gastuei aurre egitea.

Literatura zientifikoa osorik web gune bakarrean izateak argitasun apur bat ekar diezaioke oraingo nahasteari.

Gainera, editoreek hori ez egiteko bestelako arrazoiak ere eman dituzte, hala nola, lan horien edukiaren kontrola galduko luketeela. Mugarik gabeko banaketa hori beraiei ere badagokien arazoa dela diote, ez baitago birbanatutako material horren zehaztasuna eta osotasuna bermatzeko modurik. “Irakurleak ezingo luke inoiz jakin kopiatutako lan hori zehatza den” adierazi dute Amerikako Biokimika eta Biologia Molekularreko Elkarteko arduradunek.

Hainbat aldizkarik, ordea, bestelako arazoak ere ikusi dituzte. Haien ustean, Zientziaren Liburutegi Publikoaren aldekoek proposatutakoak argitalpen biomedikoak AEBetako gobenuaren eskutan utziko lituzke. Horrek nazioarteko onespena murritz lezakeela adierazi dute.

Boikota

Aldizkari askok beren lanak dohain jartzeko asmorik ez dutela jakinarazi izanak, Zientziaren Liburutegi Publikoaren aldekoak joan den irailean argitaletxeen aurkako boikota hastera bultzatu ditu. Zientzialari-talde horrek adierazi duenez, beren asmoaren aurka doazen aldizkarietan ez dute lanik argitaratuko. Baina ez hori bakarrik. Aldizkari horiek eskatuta ere, ez dute beste ikertzaileen lanik epaituko. Azken finean, argitaratzen diren lanen kalitatea ziurtatzeko, zientzialariek batak bestearen lanak epaitu ohi dituzte, aldizkarian argitaratzeko aproposak diren erabakitzeko.

Ikerketa-zentroetan egindako lanak beren kabuz argitaratuko dituztela mehatxatu dute ekimenaren aldeko zientzialariek.

Referee deritzen horien lanik gabe, kolokan jar daiteke lanen kalitatea ziurtatzen duen sistema. Horren ordez, boikotaren aldeko taldeak lan zientifikoak bere kabuz argitaratzeko asmoa duela azaldu du. Diru-iturri pribatuak erabili nahi dira argitaratze proiektu hori aurrera eramateko, zientzialariak argitaratzen duen lan bakoitzagatik 300 dolar inguru ordaindu beharko lituzke.

Oraingoz, hortxe dago zientzialarien erronka berria. Bi taldeek beren asmoekin aurrera egingo dutela ziurtatu dute, baina zientzia hankaz gora jar daiteke erabaki bateratua hartzen ez badute. Izatez, laister hasiko gara boikot horren ondorioak nabaritzen.

Jakintzaren globalizazioaren aldeko boikota

Zer da zientzia? Zientzialariek zientziatzat hartzen dutena. Hau da: kalitate-kontrol zorrotzak iragan eta gero, aldizkari espezializatuetan argitaratzen dena. Horrela egiaztatzen da artikuluek diotena metodo zientifikoaren arabera landu dela.

Orain zientzialariek, Internetez eta globalizazioaren abantailez baliatuta —horrek ere zerbait ona izan behar zuen—, kalitate-kontrolaren iragazkia iragandako zientzia hori guztion esku egon dadila nahi dute. Horregatik proposatu dute Zientziaren Liburutegi Publikoa sortzea.

Aldizkari espezializatu gehienei ez zaie gustatu ideia. Ez da harritzekoa. Aldizkari arrosak bezala, zientzia-aldizkari espezializatuak ere komunikazio-talde indartsu eta aberatsen jabetzakoak dira, anglosaxoiak oro har. Talde horiek, argitaratzen dena zorrotz kontrolatzeaz gain —eta ondorioz zein zientzia-motari atea ireki eta zeini itxi erabakitzeaz gain—, aldizkarietan pilatzen den jakintzaren jabe egiten dira. Beraz, guztion diruaz ordaintzen den ikerketaren emaitzen jabe egiten dira.

Aldizkarien jarrera ikusita, zientzialariek boikotarekin erantzun dute. Lehen begiratuan ematen duena baino gehiago dago jokoan. Izan ere, aldizkarien artxiboak bizkor, doan eta fidagarritasun osoz eskura izateak, ikerketa egiteko modu berria ekarriko luke: zientzia komunikatzeko orduan, zientzialarien arteko harremanetan eta, ondorioz, lan egiteko moduan.

Ikerketa-talde xumeen eta indartsuen aukerak parekatuko lirateke, elkarlanerako bideak ireki eta, pentsa daitekeenez, ikerketan emaitzak hobetu ahal izango lituzkete. Behingoz, jakintzaren globalizazioak ahulenei ere mesede egingo lieke. Horrela izan dadila!

Beñardo Kortabarria

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia