}

Zertan da Euskal Herriko nekazaritza tradizionala?

1997/12/01 Bengoa Ansa, Aitor Iturria: Elhuyar aldizkaria

Azken urte hauetan, nekazaritza, sektore ekonomikoa izatetik, kezka sozial handiko iharduera izatera pasa da. eta egia esan, horretarako bada arrazoirik; urte gutxitan aldaketa handiak jazo baitira sektorean, batzuk onuragarriak eta beste batzuk ez hainbeste.
Noaua!

XXI. mendeko nekazaritza-eredua zein izango den aurreikustea zaila da teknologia, zientzia eta erabaki politikoen menpe dagoen iharduera aldakor honetan. Edonola ere, argi dago, orain hartzen diren erabakiek etorkizuneko nekazaritza baldintzatuko dutela eta, beraz, arreta handiz jarraitu beharreko sektorea dela. Izan ere, kontuan hartu behar da, jokoan dagoena, ez dela gure baserritarren etorkizuna soilik, herri baten kultura eta bizitzeko modu bat baizik.

Zaharrak berri

Pierre Etcheverryk idatziriko Laborarien Gidarian azaltzen den pasarte honek, gaur egungo arazo asko aspaldikoak direla ohartzeko balio dezake: “Zertan diren laborantzan ari direnak: Hainintz arrangura dira bazterretan esku lan guti dela eta denak ere ez duela biziki balio; nigar egiten da zeren bazterrak husten diren eta hiriak bethezen; emplegatuak bethi emendatzen ari dira. Laborariak ez du begi onez ikusten bere semea ezin ezkonduz, ibilirikan ere laborantza ona, zeren hainintz neskato gazteek nahiago baitute yaunskila tcharrena laborari abilena baino. Gauza horiek guziak egiak dire eta bethi hola izanen da, laborarien bizi moldeak hain aphal egoiten direno. Oraiko egunean, yende klasa guziak handizkiago bizitzen dire; yatekoa hobea da; yostetak nahi dire; kurridak gutizia emaiten du; urguluak lehen ez ziren behar orduak kreatzen ditu; eskolak ere bethi emendatuz bertze asko gauza galdegiten ditu. Hola hobekiago dea yendea ala gaizkiago ?”

Nekazaritzan hartzen diren oinarrizko erabaki politiko askok, Europan hartzen badira ere, eragin nabarmena izaten dute askorentzat; agian beste lan-sektore askotan baino gehiago.
Noaua!

Nekazaritzan eraldaketa handiak izan direla esaten dugu behin eta berriro baina harrigarria da arestiko pasarte hori 1922. urtean idatzi zela ikustea eta bertan esaten diren zenbait gauza, gaur egun bere horretan daudela baieztatzea; batez ere, hiritar eta baserritarren harremanei dagokiona. Izan ere, eta nekazaritzaz eta baserriari buruz asko idatzi eta hitz egin den arren, oraindik, baserritarrek ez dute kaletarrengandik merezi duten benetako begirunea jaso. Askotan aurreiritzi okerrez beteriko ikusmoldeak izaten ditugu, onerako eta txarrerako, eta ez da ezagutzen langintza honen benetako funtsa.

Gaur egungo eta etorkizuneko nekazaritza ulertzeko ezinbestekoa da lehenengo nekazaritzaren pasadizo batzuk ezagutzea. 60. eta 70.eko hamarkadetan, baserrietatik jende asko hirietara jaitsi zen lanera, baina kasu askotan, fabriketan lan egin arren, baserrian bizitzen segitu zuten. Ondorioz, lur-sail askotan pinu-landareak aldatu ziren eta baserriko lanak arindu. Garai hartako baserritarren seme-alabak hirira jaitsi ziren bizitzera eta, beraz, gaur egungo baserritarren batezbesteko adina handia da. Garai hartan eraiki ziren industrialde askok, nekazaritzarako lur onenak hartu zituzten eta arazo honek, oraintxe arte iraun du. Izan ere, Euskal Herriko bailara gehienetako lur ordekak, industriak eta herriguneek estali dituzte, eta nekazariak bailaran gora, lekurik aldapatsuenetara bidali dira.

Dena ez zen, ordea, kalterako izan, eskulan eskasiak, eraldaketa teknologiko handiak bultzarazi zituen eta baserrietako produkzioa asko emendatu zen. Esate baterako, Gipuzkoan eta Bizkaian, 1960. urtean 47 motokultore zeuden eta 1972.ean berriz, 2.698. Laburbilduz, 60. eta 70.eko hamarkadetan, nekazaritza artisau-egituratik, sistema kapitalistera murgildu beharrean aurkitu zen, eta ordurarte nekazariek etxerako ekoizten zituzten jaki asko baztertu eta merkatuan gehien eskatzen ziren elikagaiak ekoizteari ekin zioten.

Bestetik, garai horretan beste fenomeno aipagarri bat gertatu zen. Baserrian baino lan egiten ez zuten baserri-buru asko kanpora lanera joan zirenean, baserriko ustiapen asko mantendu egin ziren eta autore batek baino gehiagok aipatzen du emakumeak une horretan egindako lana. Izan ere, egoera horretan, emakumearen lana areagotu egin zen eta baserriko zenbait eginkizun mantentzea lortu zen.

Arazoak nonahi

Inguruotan ustiatzen diren lur gehienak txikiak izan ohi dira eta, ondorioz, lur-azalera txiki horiei etekin handiagoa eskatzen zaie.
Noaua!

60. eta 70.eko hamarkadetan gertaturiko fenomeno hauek, neurri handi batean gaur egungo nekazaritza egituratu dute. Nekazaritzan agertzen diren berrikuntza teknologikoak gauzatzeko eta praktikan jartzeko lur aproposak gero eta urriagoak dira, eta ondorioz, lur-azalera berean produkzioa emendatzeko joera izaten da. Horra hor eskutik helduta datozen bi arazo: lur falta batetik eta berauen intentsifikazioa bestetik.

Lur faltaren arazoa, nekazaritzako sindikatuek behin eta berriro salatu izan duten arazoa da. Esaterako, EHNE sindikatuaren ustez, gure gizartean azpiegitura urbanoek nekazaritzako lurrekiko lehentasun nabarmena dute. Eta ez soilik etxegintzan hartzen diren lurrengatik. Industrialdeak, gasbideak, autobide eta errepide berri askok ere, nekazaritzako lurrak estaltzen dituzte. Ondorioz, Euskal Herri txiki eta malkartsu honetan berez eskasak diren nekazaritzarako lur egokiak urritzen ari dira. Horregatik, Lurralde Antolaketak egiten direnean, nekazaritzarako lurrek gaur egun ez duten garrantzia ematea eskatu izan dute nekazariek.

Arestian aipaturiko beste arazoa intentsifikazioarena da. Inguruotan ustiatzen diren lur gehienak txikiak izan ohi dira eta, ondorioz, lur-azalera txiki horiei etekin handiagoa eskatzen zaie. Horretarako derrigorrezkoa da lur horietara kanpotik energia ekartzea, hots, ongarritzea. Kasu askotan, ez dira errentagarri suertatzen intentsifikazio-maila horiek eta kasu gehienetan lur horiek hondatu egiten dira eta ingurugiroan kalteak sortu.

1997.eko irailean EHNE sindikatuak antolatu zituen desintentsifikazioari buruzko ihardunaldietan, hainbat proposamen plazaratu zen; esaterako, nekazaritzaren inguruko ikerketak berbideratzeko premia azaldu zen. Izan ere, nekazaritzaren inguruko ikerketa gehienak, produkzioa emendatzeko tekniketara bideratuta daudela zioten eta agian egokiagoa litzatekeela, ikerketa hauek elikagaien kalitatea hobetzera joko balute. Bestetik beharrezkotzat jotzen zuten, prezioen politikak diseinatzeko garaian produkzio-kostuen eta prezioen arteko korrelazioa ezartzea.

Nekazaritza-eskualdeek betetzen duten eginkizun multifuntzionala onartu eta barneratu egin da Baserrialdeko Estrategi Planean.
Noaua!

Azken urteotan mendialdeko nekazaritzan agertu den beste elementu berri bat turismoa izan da. Ezin esan turismoa arazo denik, baina zenbaitzuen ustez, tentuz erabili beharreko diru-iturria litzateke. ENBA sindikatuak iritzi garbia du gai honen inguruan. Hauen ustez: “Nekazal turismoa errenta osatzeko iharduera da eta, horrenbestez, nekazaritza guneetako turismoa baserritarrengan oinarritu egin behar da. Iharduera osagarri hauek oso interesgarriak lirateke enpresako lan-banaketa egiteko eta kasu gehienetan, emakume eta gazteentzat oso aproposa izango litzateke, beren lan propioa izan dezaten”.

Bidea ibiliz egiten da

Ohituta gaude hedabideetan nekazarien aldarrikapen eta kexuak ikusi eta entzuten. Askotan kaletarroi zaila zaigu arrangura hauek ulertzea. Izan ere, nekazaritzan hartzen diren oinarrizko erabaki politiko askok, berebiziko garrantzia izaten du baserri txiki nahiz handietako etorkizunean. Erabaki askok, Europan hartzen badira ere, eragin nabarmena izaten dute askorentzat; agian beste lan-sektore askotan baino gehiago.

Gauza jakina da Europako Nekazaritza Politika Bateratuak (PAC/NPB) euskal nekazariengan buruhauste asko sortu duela. NPB egitean, Europako estatuen interes nazionalak, komunitatearen interesen aurretik jarri dira maiz, eta horregatik zenbait nekazaritzako azpisektore eta era berean, zenbait eskualde, oso kaltetuak irten dira erabaki horietatik.

Euskal Herrian bultzatu nahi den kalitatezko nekazaritzak, Europako arautegi orokor eta urrunekin egiten du topo askotan. Alboko herriko merkatuan, kalitatezko produktuak saltzen dituen nekazariari, Europako produkzio-indizeetan oinarrituriko merkatu librearen politika ezartzea ez dirudi oso bidezkoa denik.

Eskulan eskasiak eraldaketa teknologiko handiak bultzarazi ditu Euskal Herriko nekazaritzan.
Noaua!

Edonola ere, Europako NPB eboluzionatzen eta garatzen joan da, eta hasieran zuen kutsu esperimental hura baztertu eta gero eta pragmatikoagoa bihurtuz joan da. Bide horretatik sortu ziren, 5b eskualdeak garatzeko programak. Mendialdeko herri txikietan era guztietako azpiegiturak eta zerbitzuak sortuz, bertako nekazaritza tradizionala, iharduera errentagarri eta bideragarri bihurtzeko asmoa zegoen. Neurri hauekin, era berean, herri horiek, herri izaten jarraitzeko baliabideak jartzen dira. Izan ere, 5b eskualdeetan sartzen diren herri gehienek, biztanlegoaren murrizketa nabarmena jasan dute azken urte hauetan.

5b programa, 1994-1999 denboraldirako diseinatu zen eta EAEn 2.600 milioiko aurrekontua du. Euskal Herriko nekazaritzako eskualde gehienek jasotzen dituzte diru hauek.

Dena den, Europatik gertuago, badugu etorkizuneko nekazaritza baldintzatuko duen tresneria. Duela gutxi onetsi den Baserri aldeko Estrategi Plana (1997-2000) dugu horietako bat. Plangintza honek ekarri duen berrikuntza nabarmenena oso adierazgarria izan daiteke etorkizuneko nekazaritzaren nondik norakoak finkatzeko. Izan ere, Baserrialdeko Estrategi Plan honetan, nekazaritza-eskualdeek betetzen duten eginkizun multifuntzionala onartu eta barneratu egin da. Hau da, orain artean, nekazaritza beste sektore ekonomiko bat bailitzan planifikatu izan da. Oraingoan ordea, baserrialdeak duen funtzio ekonomiko horrez gain, funtzio ekologiko eta soziokulturala onartu zaizkio, eta horren arabera, berauen garapena finkatu da. Plangintzak, guztira, 182.000 milioiko aurrekontua iragarri du.

Aipaturiko funtzio ekonomiko hori garatzeko aurreikusi diren ekintza nagusiak, elikagaien kalitatearen inguruan bildu dira. Izan ere, Euskal Herriko nekazaritzak etorkizunik izango badu, berau da jorratu beharreko atalik garrantzitsuena.

Bestalde, emakumeak eta gazteak, nekazaritzako ihardueretan murgiltzeko programa bereziak ere aurreikusi dira. Gaur egungo nekazariak, batezbeste, zaharregiak dira sektorea berritu eta aurrera ateratzeko eta jende gaztearen premia sumatu da.

Eskulan eskasiak eraldaketa teknologiko handiak bultzarazi ditu Euskal Herriko nekazaritzan.
Noaua!

Baserrialdeari aitortu zaion funtzio ekologikoa bermatzeko berriz, agrodibertsitatearen kontserbazioaren aldeko apustua egin da. Bestetik, lurraldearen antolamendu egokia burutuz, baserrialdean ingurugiro-heziketa, aisialdia eta garapena uztartzeko saiakera aipatzen da Baserrialdeko Plangintza Orokorrean. Ildo beretik, gaur egun dauden ingurune babestuez gain beste 46 eremu babesteko premia ikusi du plangintza berri honek.

Azkenik, funtzio soziokulturalaren ardatza, baserrialdeko biztanleen bizi-kalitatearen hobekuntzan egituratu da, beste egitasmo askoren artean.

Baserrialdeko Plangintza Orokor honek, nekazaritzaren munduko ordezkari sozial eta ekonomiko gehienen oniritzia jaso zuen. Orain ordea, zailena geratzen da; paperean idatzitakoa gauzatzea, alegia.

Hotzean pentsatuta, egitasmo, plangintza eta hausnarketa hauen guztien premia izango du euskal nekazaritzak. Izan ere, eta ezkorrak izateko intentziorik gabe, nekazaritza nola edo hala aurrera aterako delakoan gaude, baina ia orain arte ezagutu dugun baserrialde bukolikoa desagertutzat jo genezake.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia