Elhuyar zientziaren komunikazioa

5b eta Leader II, nekazaritza bultzatu eta hobetzeko programak

1997/12/01 Bengoa Ansa, Aitor Iturria: Elhuyar aldizkaria

ZETIAZ-Elhuyar: Zer dira 5b eta Leader II programak?

Xabier Arruti: Europako Batasunak, lurralde bakoitzaren arazo eta beharren arabera, zonifikazioa bat egiten du. Zonifikazio honetan, 5b zonaldeak nekazaritzako garapena behar duten zonalde gisa definitzen dira. Eskualde hauetan, 5b helburua eta Leader II programa aplikatzen dira. Bi programa hauek bi aldiz jarri dira martxan EAEn. Lehenengo aldian, Arabako bi eskualdetan egon zen indarrean, baina orain EAE-ko hiru lurraldeetako zenbait eskualdetan jarri da indarrean eta 1994-1999 bitartean iraungo du. Beraz, urte hauetan subentzionatuko diren proiektuek Europatik eta Euskal Administraziotik jasoko dute dirulaguntza (erdia Europatik eta beste erdia Euskal Administrazioetatik). Leader II programaren berezitasunak 5b helburuarekiko bi dira nagusiki: batetik proiektu berritzaileentzat da, eta bestetik, Leader programaren bultzatzaileak, Mendikoi, Nekazaritzako Garapen Institutua eta Mendi Elkarteak dira.

ZETIAZ-Elhuyar: Euskal Herrian non gauzatzen dira programa hauek?

Xabier Arruti: EAEn, 7 zonalde daude: Arabako Ibarrak, Arabako Mendialdea, Arabako Errioxa, Arratia-Nerbioi, Gorbeia Inguruak, Enkartazioak eta Tolosaldea-Urola. Nafarroan berriz, 5b helburuaren funtzionamendua zerbait bereziagoa da eta Leader II programak eskualde desberdinak hartzen ditu, batez ere iparraldean. Ipar Euskal Herriari dagokionez, aipatu beharra dago Akitania eskualdean barneratuta dagoela eta hemen Leader II programako proiektu desberdinak daudela. Horietako bat da “Barneko Euskal Herria” deritzona.

ZETIAZ-Elhuyar: Zein irizpide erabiltzen dira 5b eremuak aukeratzeko?

Xabier Arruti. 5b eta Leader II programetako Gipuzkoako Koordinatzailea.
A. Bengoa Ansa

Xabier Arruti: Batez ere, biztanlegoaren beherakada eta nekazaritzak beste sektoreekiko daukan pisu erlatiboaren garrantzia. Biztanleko Barne Produktu Gordina Europako batezbestekoa baino txikiagoa izatea, zerbitzu aldetik azaltzen diren eskasiak eta abar dira erreferentzia.

ZETIAZ-Elhuyar: Zein dira programa hauen helburuak?

Xabier Arruti: Nekazaritzako iharduerak bultzatu eta hobetzea, lanpostuak sortzea, batez ere, industrian eta zerbitzuetan. Bestalde azpiegitura ekonomiko eta sozialak bermatu behar ditugu. Izan ere, dirulaguntza hauek ez dira nekazaritzako ihardueratara mugatzen eta nekazaritza-eskualdeetako bizimodua era guztietan hobetzea bultzatzen da. Gakoa nekazaritza-eskualdeetako biztanleria mantentzean datza. Bertan jendea bizi bada, nekazaritzako lurrak landuko dira eta era berean zerbitzuak bere kasa etorriko dira. Horregatik gure helburu nagusietakoa, gazteak herrietan bizitzen gelditzeko baliabideak ipintzea izaten da. Eskualde hauen arazorik larrientzat jo daiteke biztanleria murrizketa.

ZETIAZ-Elhuyar: Nola ikusten dituzu mendiko nekazaritzan gertatzen ari diren aldaketa hauek guztiak? Esate baterako, turismoak garrantzi handia hartu du urte gutxitan.

Xabier Arruti: Une honetan nekazaritza tradizionalean gertatzen ari diren aldaketak beharrezkoak dira. Arriskutsua da herri osoa nekazaritzatik soilik bizitzea eta leku horietan beste elementu batzuk sartu behar dira. Turismoarekin lotuta zerbitzuak etortzen dira eta hauek onuragarriak dira edonon. Batzuetan, nekazariak oso eszeptikoak izan ohi dira edozein aldaketaren aurrean, eta neurri batean normala da, baina aldaketak beharrezkoak dira nekazaritza garatzeko. Garai batean, garia ereiteari utzi eta artasoro eta aziendarentzat larre zabalak eratu zituztenean ere, eraldaketa itzela gertatu zen eta, ziur aski, berau bultzatu zutenak kritikatu egingo zituzten garai hartan.

ZETIAZ-Elhuyar: Etorkizunari begira, nola ikusten duzu mendialdeko nekazaritzaren garapena?

Xabier Arruti: 5b Helburua eta Leader II programak 1994. urtean hasi eta 1999. urtera arte onartu ziren. Hortik aurrera, ez dakigu programa hauek indarrean segituko duten ala ez, baina badirudi Europako Nekazaritza Politikan aldaketa nabarmenak aurreikusten direla, batez ere Ekialdeko estatuei Europako Batasunean sartzeko aukera ematea aztertzen ari direlako. Horrek badirudi dirulaguntzen murriztea eta aukeraketa selektiboagoa ekarri duela. Dena den, zonalde behartsuenek eta nekazaritzako gune arriskutsuenek dirulaguntzak izaten segituko dutela uste dut, baina hori bai, beti ere ingurugiroa errespetatzen duten nekazaritzako ereduak bultzatuz.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia