}

Udako ezbeharrak

2003/07/07 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Uda-garaia lasaitzeko aproposa da eta laneko hilabeteetako erritmo bizkorra zertxobait apaldu eta mantsotzeko ere bai. Baina zenbait kasutan lasaitasun hori hausteko moduko istripuak gertatzen dira; bestela ere gerta daitezke, baina oporretan gertatuz gero amorrazio handiagoa ematen dute. Batzuetan arinak izaten dira eta egun edo ordu gutxitan ahazten dira; besteetan, berriz, oporraldiak goitik behera izorratzeko lain ere gerta daitezke.

Istripu txiki gehienak udako hilabeteetan gertatzen dira eta ez da kasualitate hutsa izaten. Ordu gehiago ematen dira etxetik kanpo, leku ezezagunetan, eta, horregatik, kanpoko arriskuen eragina handiagoa izaten da. Bestalde, oporraldiek beraiek dakarten lasaitasunaren ondorioz, gauza guztiei garrantzi txikiagoa ematen zaie eta, sarritan, ustekabeak gertatzen dira. Beste batzuetan, ordea, istripuak zorte txarraren ondorioa besterik ez dira.

Eta, kasu horietan zer egin?

Bainuaren ingurukoak

Hondartzan, igerilekuan, edota ibai-ertzean egun atsegina igarotzeko, batik bat tartean ume txikiak baldin badaude, onena arau sinple batzuk kontuan hartzea da.

  • Igeri egiten badakiten edo ez alde batera utzita, 6 urtetik beherako umeek gurasoen edo zaintzaileen begiradapean egon beharko lukete beti. Eta ume koxkortuagoekin ere adi egotea gomendatzen da.
  • Igerilekuetako istripu gehienak uretako jauzi eta jolasak direla medio gertatzen dira. Umeek, nerabeek eta gaztetxoek batez ere, igerilekuan ez lukete korrika ibili behar, ez eta ur-ertzean elkarri bultzaka aritu, edota bizkarrez jauzi edo zilipurdiak eta antzekoak egin ere.
  • Igerilekura eta, zer esanik ez, itsasertzera joatean, soroslea ikustea ez da nahikoa arrazoi guraso eta zaintzaileak umeen arduraz ahazteko. Sarritan, sorosleak beste gauzetan dihardute; horrez gain, beren lana ez da umeen edo gaztetxoen barrabaskeriak saihestea, arriskuan daudenei laguntzea baizik.
  • Uretan sartzeko modurik egokiena pixkanaka egitea da. Lehenik lepo aldea busti, besoak eta zangoak ondoren eta azkenik gorputz osoa. Bazkaldu ostean, zuhurrena bainatu aurretik ordu eta erdi itxarotea da; bestela, digestioa eten daiteke eta. Etendura hori berehala agertzen da eta igeri egitea eragozten duten ziztada gogorrak nabaritzen diren arren, batzuetan ez da erreakzionatzeko denborarik ere izaten. Umeetan are larriagoa izan daiteke, buruan eta lepo aldean mina sentitu arren, garrantzirik eman ez eta jolasean edo urpean igeri egiten jarrai dezaketelako konortea galtzeraino. Halaber, tenperatura-aldaketak bat-batean gertatuz gero (adibidez, luzaroan eguzkia hartzen egon ondoren, ur hotzetan bat-batean sartzea), zorabioak edo buruko minak sor daitezke.
  • Uretan zaudela digestioa egiteko atseden-epea bete gabe hotzikarak, nekea, buruko mina, azkura eta zorabio-modukoak nabaritzen badituzu, onena uretatik atera eta itzalera joatea da. Hotzikarek jarraitzen badute, eskura daukazunarekin (esku-oihala, edo beste edozein arropa) gorputza estali. Zurrutada txikitan ura edan, eta ordubete igaro ondoren ondoezak jarraituz gero, zoaz medikuarengana.
  • Murgilketa-jauziek ere arazoak sor ditzakete, batez ere modu arriskutsuan egiten badira (eta gaztetxoei horrelakoak gustatzen zaizkie gehien: aurretik lasterketa txiki bat egin eta buruz behera, are eskuekin lagundu gabe, edo besoak atzean tolestuta dauzkatela). Uretan murgildu aurretik, hondoak duen sakonera aztertu eta, ahal izanez gero, ez egin salto goitik behera, aurrerantz baizik. Besoak aurrean ipini behar dira, gorputzaren jarraipen moduan, alegia, lepoa eta burua babestuz.
  • Zuk zeuk edo besteren batek norbait uretatik erdi-itota aterako bazenute, berehala ahoz ahoko arnasketa egin beharko zeniokete: etzan ezazu lurrean, ahoz gora, burua atzerantz makurtua daukala, eta ekin lanari. Ahoa libre eduki behar du, eztarri eta zintzurresteraino; hortzorderik edo protesirik balu, ken iezaiozu. Sudurzuloak itxi eta bost segundotik behin bere aho-barruan putz egin, bere arnasa bueltatu arte. Nahi izanez gero, putz egiten ari zaren bitartean, bere bularra eta sabelaldea zanpa ditzakezu. Saioa egin ondoren, jar ezazu saihets baten gainean eta eduki ahal bezain babestuen, arropaz estalita. Dena den, trebatutako pertsonaren batek zaindu beharko luke ahalik eta lasterren.
  • Eguzkia hartu behar baduzu, ez ahaztu krema ematea.

Ebaki txikiak

Hondarretan erdi-ezkutuan dagoen objektu punta zorrotzen batekin edota sukaldeko kontserba-lataren batekin zauritzea gauza arrunta da. Odol-jarioa arina bada, garbitu zauria ur eta xaboiaz, eta ezarri ondoren iodoa edo antiseptikoren bat. Azkenik, benda batez zauria estali. Odolik ez bada eta zauria oso handia ez bada, onena tapatu gabe uztea da. Zauria sorrarazi duen tresna zikina edo herdoildua baldin badago, hobe da medikuarengana joatea, tetanoaren aurkako txertoa jartzea beharrezkoa ote den ala ez erabaki dezan.

Odoljarioak

Odoljario handi samar baten aurrean neurririk egokiena larrialdi-medikuarengana joatea da. Bien bitartean, zauria gasaz edo oihal-zati batez estu daiteke. Nahikoa ez bada, zauriaren gainetik dagoen arteria garrantzitsuren bat estutu. Odoljarioa eragiten duen zauria besoan badago, arteria brakiala, besoko arteria, estutu beharko duzu, besoaren barnealdean, galtzarbearen eta ukondoaren artean. Odoljarioa zangoan baldin bada, arteria femorala zanpatu beharko da, izterretik pasatzen den lekuan. Toki horretantxe sakatu beharko da indarrez, bi erpuruak batera jarrita. Horrela ere nahikoa ez balitz eta oraindik medikurik agertu ez bada, torniketea egin beharko da aipatu zona horietan, eta 5 minututik behin edo lasaitu, pilatutako odolari isurtzen uzteko.

Odoljarioa sudurrekoa baldin bada, eta han edo hemen kontrakorik entzungo zenuen arren, egin beharrekoa hauxe da: eseri eta burua aurrerantz bota hamar bat minutuan sudurzuloa erpuru-mamiarekin estutuz. Komenigarria litzateke garondoan edo kopetan ur hotzeko konpresak jartzea ere.

Hausturak eta lokadurak

Horrelako kolpe edo istripuren bat gertatzen denean, zail samarra izaten da lehen begiradan hezurren bat hautsi den ala ez jakitea. Zalantza edukiz gero, hobe da baietz pentsatzea eta kalte gehiago ez eragitea. Ez behartu inola ere mindutako giltzadurarik eta zaurituari ez eman ez janaririk ez edaririk, agian geroago ospitalean anestesiatu egin beharko dute eta, hezurrak bere lekura ekartzeko. Kaltetutako gorputz-atala handitzen hasten bada, kendu estutzen duen edozer eta jarri izotza, hantura jaisteko. Mina besoan edo sorbaldan hartu badu, gorputzadarra immobilizatu, eskuzapi batekin, adibidez, eta zoaz gero larrialdi-zerbitzura. Kolpea zangoan edo bizkarraldean izan bada, hobe da laguntzaren zain gelditzea, kaltetutakoa batere mugitu gabe.

Karranpak

Horrelakoei aurre egin eta desagertarazteko, gatza duten janariak edo edariak hartzea komeni da. Gorputz-atal osoa ur hotzez igurtzi; adibidez, karranpak oin baten sentitzen badira, masajea zango osora hedatuko da. Bestalde, gorputza atsedenean edukitzea ere erremedio ona izan ohi da karranpak uxatzeko.

Gorputz arrotzak arnasbideetan

Objektua (esaterako puxtarria, botoia edo umeak irentsi duen edozer) eztarrian badago, eta arnastea ezinezkoa gertatzen bazaio, berehala atera behar da. Gorputza makurtu ostean, bizkarrean emandako kolpe gogor batek objektua kanpora dezake. Umea txikia bada, har ezazu oinetatik eta, buruz behera dagoela, eman iezaiozu kolpe bat esku irekiarekin sorbaldaren erdi-erdian. Objektua sudurrean sartu badu, eta ikusi egiten baldin baduzu, estali libre daukan sudurzuloa eta, ahoa itxi ondoren, esan iezaiozu putz egiteko: nahikoa izan daiteke. Baina objektua gorago badago edota belarrian sartu baldin bazaio, ez saiatu ateratzen eta zoaz medikuarengana.

Ziztadak

Beroarekin azaltzen dira eta hotzarekin ezkutatu. Horra hor eltxoen ezaugarri deigarrienetarikoa. Beste bat? Ziztatu egiten dute. Eta ez nolanahi, gainera. Aurrean dutena aztertu eta gero, beraientzat onena izan daitekeena aukeratzen dute, eta hari egiten diote ziztada. Gorritasunak, hazkurea eta mina ziztadaren ondorengo sentsazio arruntenak dira; ezohikoenak —alergia kasuetan batik bat— hotzikarak eta sukarra.

Eltxoek zaporea bereizten dute; horregatik, pertsona batzuk majo dauden bitartean, beste batzuei egiten diete eraso. Ondorioz, gainerakoak lasai asko dauden bitartean, ziztada guztiak jasotzen dituen gizarajoaren irudia arrunta da lagunartean edo familian egonez gero. Sarri entzunak dira, "hauek niri bakarrik heltzen didate" edo "niri ez didate ukitu ere egiten" bezalako esaldiak; eta sarriago entzuna behar bada "odol gozoa izango duzu, guztiak zuregana joaten baitira".

Eboluzioaren historian eltxoak milioika urte irauteko gauza izan badira, arrazoi garrantzitsuenetariko bat odol freskoa ondo bereizteko duten gaitasuna izango litzateke. Bereizketa egiteko, lehenik usaimena erabiltzen omen dute eltxoek. Arnasa apur bat hartzen dugun bakoitzean sortzen den karbono dioxidoa eta usaina duten beste substantzia batzuk inguruneko airera pasatzen dira. Aire hori mugitu eta urrundu egiten da. 50 kilometrora urrunduko balitz ere, eltxoak usaintzeko gai izango lirateke.

Eltxoek airea usaintzen dutenean, berehala egiten omen dute lotura, ba omen dakite usaina elikagaiaren iturri dela. Usainaren iturriraino iristeko, airearen korronteari jarraitzen diote —zig-zag eran—. Iritsi eta usaimena ez ezik, ikusmena ere erabiltzen dute, eta, horiekin batera, inguruko gorputzen beroa detektatzen dute. Eltxoek hiru aldagai horiek kontuan hartu eta gero erabakitzen dute ziztada nori eman.

Aukera guztien artetik, beti substantzia erakargarrienen zantzua duten pertsonak edo animaliak hautatzen dituzte. Substantzia horiek oso desberdinak izaten dira. Gorputzak berak sortu eta azalaren bidez kanporatzen diren substantzia naturalak izan daitezke; edo gizakiak berak artifizialki sortutako produktuak, kosmetikoak adibidez; eta gorputzean biltzen den izerdia ere izan daiteke —jakina denez, izerditan bakterioak biltzen dira, eta bakterioak oso erakargarriak dira eltxoentzat—.

Norberaren gorputza eltxoentzat erakargarri bihurtzen duten substantziak bezala, nazka ematen dietenak ere badaude; esate baterako, kolesterolari edo hipertentsioari aurre egiteko erabiltzen diren botikak. Eltxoek kolesterola eta B bitamina derrigorrean behar dituzte, baina ez dira berez sortzeko gai; hortaz, bai kolesterolean eta bai B bitaminan aberats diren pertsonak estimazio handian dituzte.

Ziztatzaile izateaz gain, eltxoak gaixotasunen eroale ere izan daitezke, baina oro har uste dena baino gutxiago. Butler-ek dioenez, mila eltxotik bakarrak daramatza gaixotasunak sor ditzakeen organismoak. Hala eta guztiz, proportzioa txikia izanda ere, argi dago ziztada-kopurua gutxitzeko bidea aurkituz gero, gaixotzeko aukerak ere murriztu egingo direla.

Eltxoek ez dute ziztada nolanahi egiten, badakite gizakien erreakzioa nolakoa izaten den eta; ondorioz, ziztada egiteko toki egokiena aukeratzen dute, gizakia kolpean nekez irits daitekeena. Toki ahalik eta seguruena aukeratu ondoren, lana azkar egiten dute, asko jota 8-10 segundoko ziztada eginez. Konturatzerako gehienetan lana eginda egoten da; eltxoa, berriz, guregandik urruti, tripa beteta lasai-lasai.

Esandakoa gutxi balitz, mokofinak ere badira eltxoak. Izan ere, tokia aukeratu eta pausatzen direnean, ez dira berehala hasten lanean. Lehenik, aukeratutako tokia ahoarekin dastatzen dute, gustukoen duten puntua aurkitu arte. Jomuga parean dutela, eztena indarrez sartu eta bizkor-bizkor zenbait angelutan mugitzen dute, elikagaia hartzeko kapilarrarekin topo egiten duten arte. Prozesua laburra da, baina ez bat-batekoa. Ez pentsa, defentsarako aukeraren bat edo beste badugu.

Horietako bat eltxoak uxatzeko produktuak dira; ez dute eltxoa hiltzen baina urruntzera behartzen dute. Produktu horiek eraginkorrak izan behar dute, iraupen luzekoak, eta seguruak, ez toxikoak.

Erleren batek edo liztorren batek ziztatu bazaitu, eta eztena bertan geratu bada, atera ezazu pintza batzuekin edo larruazala leun-leun arraspatuz, ondoren garbitu zauria ur eta xaboiaz eta, azkenik, jarri izotza ziztada-lekuan.

Eskorpioiaren ziztada edo sugearen hozkada baldin bada, berdin jokatu, baina muskulu-espasmorik edo hanturarik agertuz gero, eta baita bestela ere, mediku batek ikustea komeni da, konplikaziorik gerta ez dadin.

Ziztada marmoka batek eragindakoa bada, garbitu zauria itsasoko urarekin, gero busti zauria alkoholez edo amoniakoz (ura nahasiz moteldu ondoren). Bi horien ordez ozpina ere erabil daiteke. Azkura arintzeko konpresa hotzak edo izotza erabili. Ahal bada, ez ukitu gehiegi zauria, infekzioa beste gorputz-atal batera ez zabaltzeko.

Bero-kolpea

Bero handia egiten duenean, luzaroan eguzkitan egoteak, aire librean lanean jarduteak edo ariketa egiteak, bero-kolpe bat sorraraz dezakete: gorputza gehiegi berotzen da, baina pertsonak ez du tenperatura jaitsiarazteko adina izerdi botatzen. Larruazala beroa eta gorritua dago, bihotzeko erritmoa bizkortu egiten da, eta baita arnas-erritmoa ere. Oso normala da nahasia edo desorientatua egotea, konortea galtzea, baita dardarak edukitzea ere. Gaixoa berehala ospitalera eraman behar da eta, bien bitartean, maindire bustiekin tapatu edota izotza jarri arropatan edota zapiren batean bildu.

Etxetik kanpora

Oporretan umeekin bazaude:

  • Saia zaitez une oro non dauden jakiten. Ez eman ezer jakintzat edo egintzat.
  • Oso txikiak ez badira, aurreneko egunean instalazioak (etxea, kanpina, hotela, etab.) erakuts iezazkiezu, ingurua ezagut dezaten eta arriskuguneak non dauden jakin dezaten (igerilekua, kable elektrikoak, intsektuak ...).
  • Etxean egiten duzun bezalaxe, ez utzi umeen eskura garbiketako produkturik, ez eta botikarik ere.Gurutze Gorriak hondartzetarako emandako gomendioak:
    • Errespetatu segurtasun-banderak: BERDEA (bainu librea); HORIA (kontuz bainatu); GORRIA (bainua debekatuta).
    • Zaindutako eremuetan bakarrik bainatu.
    • 12 urtez beherako umeak bakarrik bainatu ez daitezen kontu izan.
    • Ezagutzen ez duzun leku batean ez egin jauzirik buruz.
    • Ez egin igeri korrontearen kontra, ez eta morruen inguruan ere.
    • Ez egin aurrera oinarekin ukitzen ez duzun lekuetan.
    • Ez sartu bat-batean uretan eguzkia hartzen egon ondoren.
    • Ez bainatu bazkaldu eta berehala, ordu eta erdi itxaron.
    • Ez edan edari alkoholdunik hondartzan.
    • Atera berehala uretik hotzikarak edo buruko mina sentituz gero.
    • Jarraitu beti sorosleen aginduak. Bidaian bazoaz
    • Kontuz ibili jaten eta edaten duzunarekin. Ura kloroaz edo iodoaz desinfektatzea eraginkorra da bakterio batzuei aurre egiteko, eta irakiten jartzea ezinbestekoa. Botilaratutako edariak, printzipioz, seguruak dira, baina kontuz ibili izotza bota behar badiezu, ez baitago jakiterik zein urekin prestatu den.
    • Janariekin segurtasun handirik ez baduzu, zuk zeuk zuritu, irekiten jarri edo sukaldatu.
    • Gutxi egindako arraina jatea osasuntsua da, baina arriskutsua ere izan daiteke, parasitoak izan ditzakeelako.
    • Itsaskiak janda toxikazio-kasu ugari gertatzen da.
    • Esnea eta esnekiak irakinda, pasteurizatuta edo esterilizatuta egon beharko dute.
    • Ahal dela ez zaitez oinutsik ibil, eta oinetako egokiak erabili.

Deia-ren D2 atalean argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia