}

Udaberria, alergien urteroko hitzordua

2001/04/29 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Eguzki-izpiak indar gehienez berotzen duen egunean, alergologoak eskuak burura eraman eta "gero eta alergia-mota gehiago, eta gero eta alergiko gehiago dago!" oihukatzen du. Eta komunikabide guztiek doministiku guztien atzean alergia-kasu bat dagoela saltzen dute. Noski, udaberriko alergia duen pertsonak urte-sasoi hau polenik gabe askoz ere ederragoa litzatekeela pentsatuko du, baina zer litzateke udaberria lorerik gabe?

Ezagutzen diren alergia-moten kopurua goraka doa, baina inor harritzen al da horrekin? Zertarako egiten dira, bada, hainbeste ikerketa, alergien eragile berriak atzemateko ez bada? Azken finean, alergia eragiten duten faktore berriak sortu baino zaharrak identifikatzea da ikerketa horien helburua. Hortaz, pozgarria baino ez da alergeno eta alergiko gehiago dagoela esatea, horrela bakarrik lortuko baita alergien aurkako tratamendu egokiak edo txertoak sortzea.

Poluzioa, polena, akaroak eta orain geneak

Aspalditik esaten da alergiak hirietako gaixotasuna direla eta, neurri batean, industriak eta automobilek sortzen duten aire-poluzioari egotzi izan zaio urte askotan alergia-kopuruaren igoera. Hala ere, adituen arabera, kanpoko poluzioa ez da alergia berrien sortzaile bakarra.

Etxeko animaliak (katuak eta txakurrak) apartamentuetan edukitzeko ohitura eta kanpoko usain eta zikina ez sartzeko aitzakian, leihoak itxita edukita alergiko bihurtzea ez da harritzekoa. Izan ere, nahiz eta inoiz baino produktu garbitzaile gehiago egon, etxeko hauts eta ke artean itotzeak ez dio alergikoari batere mesederik egiten. Udaberriko loreek jaurtitzen duten polenak doministiku egiteko gogoa, arnasa hartzeko arazoak, eztula, etab. sortzen baditu ere, ez ahaztu giza ezkatez elikatzen diren akaroen –armiarma-itxurako intsektu mikroskopikoak– bizileku gogokoenak, oheak, alfonbrak eta errezelak direla. Adituen arabera, nahikoa da hautsean % 2ko akaro-kontzentrazioa egotea alergia lehertzeko eta kontzentrazioa % 10era heltzen bada, epe luzera lehendik alergikoa ez zena alergiko bihur daiteke.

Bestalde, oraindik ez dago argi alergikoa izatea hereditarioa den ala ez, baina zerikusia duela pentsatzeko adinako datu esanguratsu daude. Gurasoetako bat alergikoa bada, seme-alabak gaixotasun alergiko bat edukitzeko arriskua % 29 da. Bi gurasoak alergikoak direnean, arrisku hori % 47ra igotzen da eta gurasoetako bat bera ere alergikoa ez bada, arriskua % 13ra jaisten da. Oraindik definitzeko dago, hala ere, zein alterazio genetiko dauden datu horien gibelean.

Gorputzaren erantzuna

Alergiko bakoitzak bere erara kanporatzen du gorputzaren erantzuna eta nahiz eta alergia bera izan, ohikoa da bi pertsonak erantzun bera ez izatea.

Batzuek konjuntibitisa, doministikuak, sudurreko azkura, ur-jarioa eta gisa horretako sintomak izaten dituzte. Horiek dira ohikoenak edo behintzat gehien nabaritzen direnak, erosoak ez izanagatik ere, kalera ateratzera eragozten ez dutelako.

Beste kasu batzuetan, asmarekin adibidez, bronkioetako sintomatologia da nagusi. Bronkioetako mukosaren hantura, bronkioen konstrikzioa, zainen hantura... izaten dira. Sintoma nagusiak arnasa hartzeko zailtasunak, itotze-sentsazioa eta eztula izaten dira.

Azkenik, azaleko sintomak ager daitezke. Horrelakoetan, azalarekin kontaktu fisikoa izan duen zerbaitek sortutako alergia dela pentsatzea izaten da ohikoena, baina ez da beti horrela izaten. Normalean, azkura handia sortzen duten alergiak izaten dira, baina ez da hazka egin behar azala ez gehiago narritatzeko.

Alergien mekanismoaren lerro nagusiak ezagutzen dira, baina oraindik ere misterio asko daude argitzeke. Besteak beste, urte batzuetan alergikoa izan den pertsonari alergia besterik gabe zergatik desagertzen zaion argitu nahi da orain.

Nola babestu alergenoetatik?

Medikuntzan aurrerapen handiak egiten direla eta, pentsatzekoa da noizbait alergien aurkako txerto edo tratamendu egokiak iritsiko direla, baina, zoritxarrez, oraindik pazientzia pixka bat izateko eskatzen dute adituek. Hala ere, sendagai zehatzik ez badago ere, alergia zerk sortzen duen ongi identifikatzeko, alergologoari bisita egin eta testa egitea komeni da. Azken finean, alergia saihesteko erarik onena gorputzeko erreakzioak sortzen dituen eragilea saihestea da.

Arazoa etxeko aireztapen faltak sortzen duenean, mihiseak astero ur beroz garbitu, xurgagailua maiz pasatu (edo alfonbrak auzokoari oparitu) eta etxeko hezetasuna kentzeko leihoak ireki eta etxea aireztatzea aholkatzen da. Etxeko animaliei dagokienez, ez dago erdibiderik; onena etxetik kanpo edukitzea da.

Kanpoko faktoreen eragina, berriz, ezin kontrola daiteke eta, noski, onena, ahal dela, polen asko dagoen egunetan ez ateratzea da. Hala ere, txerto bidez, alergenoaren kantitate txikiak injektatuz, gorputza ohitzea lortu nahi izaten da. Pertsona bakoitzak tratamendu horri erantzun bat ematen dionez ez da jakiten zenbat denbora behar izaten den emaitzak ezagutzeko.

Alergikoentzako garairik txarrenean sartu berri garen honetan, bi hilabetez gutxienez mukizapirik gabe ez ateratzea komeni da. Animo eta udaberriari erakuts, loreek bezala, zure aurpegirik ederrena!

80 milio alergiko baino gehiago


1997an hasi eta iazko udazkenean kaleratutako ikerketa baten emaitzak.

7.000 europarrek erantzun diete agente etiologiko, sintomatologia, jasotako tratamendu eta bizi-kalitateari buruzko 34 galderei.

Lehen datuak harrigarriak dira:

  • Europako biztanleen % 25ak alergiaren bat omen du, hau da, Europan 80 milioi alergiko dago.
  • Pazienteen % 80ak tratamendu bat du, baina horietarik % 30ak ez du arrakasta handirik izan.
  • Pazienteen % 70ak eguneroko bizitzan eragozpenen bat izaten du alergia dela eta.
  • Pazienteen % 30ak ez du analisi etiologikorik egin.

7K-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia