}

Txinpantzea berrietan

2005/09/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Askok gustuko ditugu txinpantzeak. Hurbilekoak iruditzen zaizkigu, xelebreak eta bihurriak, haurren antzekoak. Eta gustatzen zaigu haiei buruzko gauzak jakitea. Sarritan, gutaz ere zerbait ikasten dugula iruditzen zaigu txinpantzeen gaineko ikerketak irakurrita. Nolabait, ezin diogu eutsi gure espeziea eta txinpantzeak alderatzeko tentazioari.

Zientzialariak ez dira horretan oso desberdinak. Gainera, medikuntzan, genetikan eta beste arlo askotan, aurrerapen handiak ekarri ditu bata eta bestea alderatzeak. Erabili ere asko erabiltzen dira tximinoak esperimentuetan...

Gaur bi berri plazaratu dituzte txinpantzeekin lotuta. Batetik, txinpantzearen genoma deskodetu dute (tatxan!). Bestetik, lehenengo aldiz aurkitu dute txinpantze baten fosila.

Orain arte ez da txinpantze-fosilik aurkitu, tximino horiek bizi diren inguruko kondizioak ez direlako batere egokiak haien hezurrak fosilizatzeko. Oraingoan, ordea, duela 500.000 urteko txinpantze baten hortz fosildua aurkitu dute Kenyan.

Bai fosila bera bai genomaren datuak oso baliagarriak dira txinpantzeen eboluzioa argitzeko. Horren gaineko azalpenak ere gustura entzun edo irakurriko ditugu, eta, gainera, seguru orduan ere alderatuko dutela giza eboluzioarekin, nola ez!

Argazkia: Science Museum of Minnesota