Elhuyar zientziaren komunikazioa

Nobel sariak

1992/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Kimika

  • Rudolph Marcus

Kimikako Nobel saria Kaliforniara joan da; bertako Teknologi Institutuan lanean ari den Rudolph Marcus kanadarraren eskuetara. Bere hitzetan “kimikan den erreakziorik sinpleena”ri buruzko ikerketekin lortu du saria.

Marcus, kimikari teorikoa da eta 1956. eta 1965. urte-bitartean elektroi-transferentziazko erreakzioen teoria landu zuen. Garai hartan oso harrera epela egin zitzaion bere lanari, baina gerora 1980.eko hamarkadan esperimentalki frogatu ahal izan dira bere teoriak.

Elektroi-transferentziazko erreakzioak bizitzaren prozesuaren oinarrian daude. Fotosintesia, adibidez, multzo honetan sar daiteke. Baina erredox-erreakzioak edo baterien funtzionamendua eta korrosioa bera ere talde honetan sar ditzakegu.

Itxuraz oso sinpleak diren erreakzio batzuen abiadura erreala kalkulatutakoa baino askoz ere txikiagoa zela eta, horren arrazoiaren bila abiatu zen Marcus bere ikerketetan. Bera izan zen erreakzioaren abiaduran disolbatzailearen molekulen geometriak zeresan handia zuela lehenbizi konturatu zena. Disolbatzailearen molekulak antolatu egiten dira ioien inguruan eta antolamendu horrek egokitu beharra dauka; ez baita berdina erreakzionatzaileen edo erreakzioko produktuen inguruko antolamendua. Horixe da itxuraz sinple diren erreakzio horien abiadura moteltzen duen faktorea. Marcusen teoriari esker posible da erreakzio-abiadurak oso zehatz kalkulatzea eta disolbatzaile desberdinen arabera abiadura hori nola aldatuko den jakitea.

Nobel saria ikerketa honegatik eman bazaio ere, Marcusek beste arlo askotan ere egin ditu ekarpenak. Besteak beste, erreakzio molekulabakarren (molekula-klase bakarreko erreakzioen) teoria eta trantsizio-egoerari buruzkoak.

Fisika

  • Georges Charpak

George Charpak, Fisika alorrean saritua, jaiotzaz poloniarra da. Bere gurasoekin batera Frantziara emigratu zuen eta bertan egin zituen ikasketak. 1959. urteaz geroztik CERN famatuan, hau da, Partikulen Fisikarako Ikerketa-Zentru Europarrean dihardu ikertzen.

Charpaken ikerketak badu halako kutsu berezia instrumentu berrien diseinuagatik baitatorkio saria. Charpaken ganbara deitutakoak hala ere, ez du artisauen lan egiteko moduan iturria. Berak dioenez, “teoriarako joera” duelako heldu baitzen ganbara hori asmatzera. Bere esanetan, partikula azpiatomikoak detektatzeko tekniken teoria ongi ulertzetik sortu zitzaion ideia.

Partikula azpiatomikoak detektatzea da partikulen fisikaren ardatza. Hasieran, materian zehar bidaiatzen duen energia altuko partikula batek bere ibilbidean ionizatuta utzitako arrastoa nolabait “ikusi” ahal izatea izan zen partikula horiek detektatzeko era eta hor egin ziren hainbat ahalegin. Baina gero eta arraroagoak ziren partikulak detektatu nahiak, arazoak sortzen zituen. Milioika gertaera arrunten artean berezi hori (ibilbide berezi hori) detektatzeko moduko sistemak behar ziren.

Charpaken ekarpena, bereizmen handiko aparatua azkartasun handiko detekzio elektronikoaren bidezko sistemekin lotzea izan zen. Dagoeneko 1908. urtean erabiltzen zen kontadore proportzionala berreskuratu zuen horretarako. Kontadorea gasez betetako hodi bat da; erdian harizpi bat duena. Energia altuko partikulak pasaz gero, gasa ionizatu egiten da eta pultsu bat sortzen da harizpian. Charpaken ideia, 1-2 mm-ko tarteetara harizpi paraleloak jarri eta pultsu elektrikoak ordenadorez jasotzea izan zen. Horrela segundoko milioika partikula detekta zitezkeen.

Tresna hau erabili ahal izanak, izugarrizko astindua eman dio partikulen fisikari; lehenago heldu ezineko muturretaraino heltzeko bidea eman baitu. Fisika ondo ulertzeak gailu guztiz praktikoa nola sortaraz dezakeen azaltzeko adibide polita!

Medikuntza

  • Edmon H. Fischer Edwin G. Krebs

Fisiologia eta Medikuntzako Nobel saria aurten jaso dutenak bi biokimikari estatubatuar dira: Edwin Krebs eta Edmond Fischer. Sariaren jatorri den ikerketa, ohi bezala, ez da gaur goizekoa: orain dela ia berrogei urte Seattle-ko Washington Unibertsitateko bi ikerlari hauek egindako lanetan du abiapuntua.

Entzima berezi batzuen (proteina-kinasa deitutakoen) aktibazio-prozesua aztertzen ari zirela, fosforilazio-prozesuaren ondorioz funtzio zelular batzuk martxan jarri edo, alderantziz, gelditu egiten zirela ikusi zuten. Entzima hauek proteinak egoera ez-aktibotik aktibora pasatzea eragiten zuten beraz. Proteina-kinasek fosforilazio-erreakzioetan katalizatzaile-papera jokatzen zutela egiaztatu zuten. Fosforilazioan, fosfato-talde bat konposatu energi garraiatzailetik (TPAtik) proteinara transferitzen da eta horren ondorioz proteina aktibatu egiten da.

Honela azaldu zuten sarituek kinasen mekanismoa. Geroztik milaka proteina-kinasa aurkitu dira eta izugarrizko garrantzia dute esparru askotako ikerketetan, genetika ere tarteko delarik.

Baina orain dela urte gutxi bi ikerlari hauek zirkulua ixten duen beste aurkikuntza bat egin dute. Fosfatasa izenez ezagutzen diren entzimak identifikatu dituzte. Hauek kontrako norantzan gertatzen den energi transferentzia katalizatzen dute. Orain beraz, kinasak eta fosfatasak direla eta, proteinen fosforilazio itzulgarriaren mekanismo osoa ezagutzen da.

Aurkikuntza honek oso arlo desberdinetan izan ditu aplikazioak, hala nola transplanteetako errefusen prebentzioan edo minbizi batzuen azterketan.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia