}

Nafarroako autobidearen proiektua

1987/06/01 Astrain, Javier Iturria: Elhuyar aldizkaria

Nafarroako Foru-Aldundia bere lurraldeko errepideen administratzailea izan da betidanik eta autoestraten plangintza zela eta, Ebroko Erriberatik Frantziako mugarainoko konexio paralelo bat bultzatzea erabaki zuen.

Hirurogei eta hirurogeitamargarren hamarkadetan, Espainiako autoestrata gehienen aurrikuspen, proiektu eta eraikuntza egin ziren. Trafikoaren hazkundea zela eta, autoestraten plangintza nazionala eratu zen. Bertan, erradio-egituran oinarritzea komenigarritzat jo zen, hau da, Madril jatorritzat hartuz I, II, III, IV, V eta VI errepide nazionaletan oinarritzea.

Plangintza honetan kontutan hartutako beste ibilbide batzuk, ondokoak izan ziren: Ebro ibarra, Guadalquivir ibarra eta Asturias eta Gaztelaren erdialdearen lotura, Pajares mendigaina pasatuz.

Nafarroako Foru-Aldundia bere lurraldeko errepideen administratzailea izan da betidanik eta autoestraten plangintza zela eta, Ebroko Erriberatik Frantziako mugarainoko konexio paralelo bat bultzatzea erabaki zuen alde batetik eta Euskal Herri, Aragoi eta Kataluniarekin zeuden trafiko-konexioak hobetzea bestetik.

Horregatik, Ebroko Autoestrata eta Kantaurikoa lotuko zituen eta Nafarroa zeharkatuko zuen autoestrata baten eraikuntza eta ustiapena bultzatu zituen. Beharrezko gestioak egin ondoren, Ebroko Erriberatik Irurtzunerainoko 99 km-ko autoestrata burutu zen 1979. urtean. Ipar mutur hau Kantauriko autoestratarekin lotu gabe gelditu zen, baina orografi oztopoak eta kostu altuak medio, proposamen desberdinetara zuzendu zituzten ikerketak.

Hala ere, 1986ko uztailaren 23an Gipuzkoako Foru-Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak sinatutako akordioan Irurtzun eta Oria ibarra standard altuko autobide batez lotzea erabaki zen, Administrazio bakoitzak bere lurraldean dagokion autobide-trailua eraikiko zuelarik.

Egindako estudioen arabera, ibilbidea zehaztu zen eta Gipuzkoako Billabona eta Andoainen artean dagoen Aduna herria abiapuntutzat hartu zen.

Honela Nafarroako autoestrata eta Kantauriko autoestrata lotuta geratzen dira.

Ondoren, aurrikusitako obraren eta bere ezaugarri nagusien deskribapena egingo dugu.

Ibilbidea, Iparretik Hegora, hauxe izango da: Aduna EN-Iekin lotura, Billabona, Elduain, Berastegi, Leitza, Areso, Gorriti, Azpiroz, Lekunberri eta Irurtzun; hemen, dagoen autoestratarekin elkarketa egingo da. Ibilbide hau Aduna - Lekunberri bitartean zehaztuta dago, baina Lekunberri - Irurtzun bitartean ez. Hortaz, hemen azalduko diren obren ezaugarriak, aipatutako trailuari hau da, Aduna - Lekunberri bitarteari dagozkionak izango dira. Autobideak Gipuzkoan egingo duen ibilbidea 16'8 km-koa izango da eta Nafarroan egingo duena 16'4 km-koa.

Oria ibarra, Gipuzkoako zatia hasiko deneko ingurua, 45 kotan dago. Gipuzkoako zatiaren bukaera, Leitza inguruan dago 615 kotan. Kota-diferentzia honen eraginez, autobideak gorako aldapa izango du Nafarroa eta Gipuzkoaren mugaraino. Autobideko punturik altuena, Gorozmendi parean dagoena da. Puntu hau Adunatik 12,800 km-ra dago.

Honela, Araiz ibarrean 5 kilometrotan igotzen dena autobidean 12,8 kilometrotan igo behar da.

Autobideak ez du 250m baino erradio txikiagoko kurbarik edukiko. Kurbak klotoideak izango dira, hau da, erradioak ibilbidearen arabera aldatuko dira eta zati zuzenen kopurua oso txikia izango da ohizko arauei jarraituz.

Autobidearen abiadura espezifikoa 80 km/h izango da.

Lurraldea oso menditsua denez, lur-mugimenduak eta tunelak egin beharko dira. Proposatutako tunelak ez dira oso luzeak eta ez da uste zailtasun-maila handia izango dutenik, txosten geologikoak ikusiz gero. Hala ere, tunelak beti oztopo dira injineruentzat eta halaber puntu ahul ere bai komunikabideetan, zeren eta aireztapen, argiteria eta zainketa bereziak behar bait dituzte.

Paisaia eta ekologiaren ikuspegitik abantailak badituzte ere, istripu-arriskuak eta garraio berezietarako mugak dituzte.

Nafarroa-Gipuzkoa autobidean, Gipuzkoari dagokionez, hiru tunel eraikiko dira. Horietako bat, Urdalekukoa, 350 m-koa eta besteak 250 m eta 200 m-koak. Nafarroan, Azpirozen, 230 m-ko tunela egingo da eta Lekunberri-Irurtzun tartean premien arabera.

Tunelak independenteak izango dira galtzada bakoitzarentzat eta beren azalera beste autoestrata-tunelen antzekoa izango da; bi zirkulazio-erreia izango ditu, bakoitza 3'5 m-koa, bazter-bideak 1,5 m-koak eta espaloiak metro batekoak.

Autobidearen zeharkako ebakidurari buruz, ondoko datuak eman ditzakegu: 3'5 m-ko bi erreia, 1'5 m-ko bazter-bidea kanpotik eta 0'5 m-koa barnetik, galtzadak bereizteko 1'5 m-ko erdibitzailea eta 0'5 m-ko kanpoko bermak. Hortaz, errodadur galtzada gutxienez 20'5 m-koa da.

Eraikuntza honek zubi eta zubibide garrantzitsuak izango ditu. Adunan hasiko den trailuak, zubi nahiz zubibide handiak izango ditu, Oria ibaia, Madril-Irun trenbidea eta EN-I errepidea gainditzeko. Aurrerago, zenbait zubi eta zubibide beharrezkoak izango dira, zenbait ubide, ibar eta bide gainditzeko. 400 m-ko bat, 200 m-ko bi eta mugan Leizaran ibaia zeharkatuko duen zubi berezi bat azpimarratuko ditugu bereziki: Nafarroako trailuan 300 m-ko zubibide bat, 200 m-ko beste bat eta goiko eta azpiko zenbait pasabide.

Bestalde, eraikuntz lanak egiten diren aldi berean, ingurugiroa babesteko beste ekintza batzuk ere burutuko dira. Lan hauek arreta bereziz egingo dira: espezie autoktonoak landatu, lurkentzeagatiko ezpondak tratatu (belarra ereinda), bazterrak egokitu nahiz biribildu eta zuhaitzak landatu egingo dira.

Bertako faunak izango duen eragina zaindu nahi da eta horretarako autobidearen azpitik pasabide ugari egingo da piztientzat.

Inguruko erreka eta ibaietan produktu arriskutsuen isurketek sor ditzaketen kalteetatik ihes egiteko, dekantazio-ganbara duten kutxatilak eraikiko dira. Honela, istripu baten eraginez galtzadan isuritako likidoa kutxatilan geratuko da eta geroago jaso ahal izango da.

Hain ohizkoak ez diren beste zenbait lan ere azpimarragarri dira, hala nola, balazta-bide edo geratzeko bideak. Arrazoia hauxe da: Gipuzkoako trailuak 12,8 km-ko aldapa dauka, batzuetan malda %6ra iristen delarik. Horregatik, ibilgailu batek, pisutsua bada are eta gehiago, matxuraren eraginez balaztatu egin behar badu, noizbehinka hondarrezko bidea alboan izatea komeni da.

Zaintza- eta laguntza-zerbitzuak ez dira faltako, zeren eta autobidearen 33,3 km-tan edozein emergentzia gerta bait daiteke.

Loturei dagokioenez, ondoko hauek aurrikusten dira: Gipuzkoan Aduna, Amasa eta Berastegin, eta Nafarroan Leiza, Areso, Gorriti, Lekunberriko Iparraldea eta Lekunberriko Hegoaldean.

Geralekuez gain begiratokiak prestatuko dira inguruaren edertasunaz gozatu ahal izateko.

Bi administrazioek egindako aurrikuspenak betetzen badira, 1992. urtean lana bukatzear egongo da.

Une honetan Baldintza Tekniko eta Ekonomiko-Administratibozko Pleguak prest daude. Proiektua aurtengo martxoan hasi da erredaktatzen eta urtebete inguru beharko da guztia burutzeko. Okupazio-lurrak lortzeko desjabetzapen-izapideak egin beharko dira eta honela 1989. urtean posible izango da obrei hasiera ematea.

Kostuei dagokienez 1985. urtean egindako aurrikuspenak ondokoak dira (Aduna - Lekunberri).

    Gipuzkoako zatia 10.000 milioi pezeta
  • Nafarroako zatia 12.000 milioi pezeta.

Lekunberri eta Irurtzunen artean 12.000 milioi gastatuko direla pentsatzen da.

Kantitate hauek 1987. urtean zehar gehiago zehaztu beharko dira.

Distantziei dagokienez, tarte desberdinenak hauexek izango dira:

Donostia-Aduna 15 km
Aduna-Gipuzkoako muga 16'8 km
Gipuzkoako muga-Lekunberriko Saihespidea 16'4 km
Lekunberriko Saihespidea-Irurtzuneko Lotura 18'2 km
Irurtzuneko Lotura-Iruñea 15 km
Guztira (Donostia-Iruñea) 81'5 km

Batezbesteko abiadura 100-110 km/h izango dela kontutan hartuz, 47 minutu beharko dira bide osoa korritzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia