}

Musika, sexuaren eta drogen pare

2011/01/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Musikaren historiak jaso duenez, 1977an sortu zuen Ian Dury musikariak " Sex, drugs and rock rol l" esapidea. Udaberri hartan atera zuen singlearen izenburua zen, eta, laster, garaiko gazteek bere egin zuten. Orain, zientzialariek arrazoia eman diote Duryri: bete-betean asmatu zuen hirurak parekatzean, garunean eragin berbera sortzen dutela frogatu baitute. Hori bai, garuna ez da rockera mugatzen; norberaren gustuko edozein musikak sortzen du eragin hori.

Zehazki, gustuko musika entzutean dopaminaren ekoizpena areagotu egiten dela ikusi dute ikertzaileek. Gozamenarekin lotutako neurotransmisorea da dopamina, eta bizitzeko beharrezkoak direnak eskuratzean sortzen du garunak. Hala, janaria edo sexua lortzean, garunak dopamina jariatzen du, eta ordainsari-mekanismoa aktibatu egiten da: plazera sentitzearekin batera, motibazioa pizten da, eta plazer-iturriarekiko atxikimendua indartzen da.

Ikertzaileek esperimentu baten bidez azaldu dute zergatik den musika sexua edo drogak bezain ahaltsua eta gozagarria.
(Argazkia: Shai'Tan. CC lizentzia)

Eboluzioaren ikuspuntutik, mekanismo ezin hobea da, bizirik irauteko behar ditugun gauzak lortzeko ahalegina egitera bultzatzen baikaitu. Hala ere, badu albo-ondorio bat: substantzia psikoaktiboek ere mekanismo hori bera aktibatzen dute; horregatik sortzen dute mendekotasuna .

Eta musikak, zer du sexuaren eta drogen parekoa izateko? Musika ez da ezinbestekoa bizitzeko, baina entzuteak plazera sortzen du; kultura guztietan dago musika-zaletasuna, eta, kulturaren arabera eta pertsona batetik bestera gustuko musika erabat desberdina izan daitekeen arren, eragina antzekoa da denetan. Hori guztia dela eta, musikak dopaminarekin zerikusia izan zezakeela susmatzen zuten zientzialariek.

Susmoa egiaztatzeko (edo ezeztatzeko), esperimentu bat egin dute Kanadako McGill Unibertsitateko ikertzaileek. 19 eta 24 urte bitarteko gazteak bildu dituzte, denak musika-zaleak baina ez adituak edo musikariak, eta musika-estilo desberdinak dituztenak gustuko, klasikotik hasita, jazzera, teknora edo punkera.

Bakoitzaren gustukoa eta musika neutroa entzunarazi zieten ikertzaileek, eta, bitartean, zenbait parametro fisiko neurtu zizkieten: bihotz-taupaden maiztasuna, larruazalaren eroankortasun elektrikoa, gorputzaren tenperatura, arnasketa... Horrela baieztatu zuten gustuko musikak erreakzio fisikoa eragiten ziela. Aipatzekoa da musika instrumentala bakarrik erabili zutela, jakina baita pertsonen ahotsak eragin sakona eragiten duela garunean, eta aldagai horren eragina baztertu nahi zuten ikertzaileek.

Garunean barrena

Gero, parte-hartzaileen garun-jarduera aztertu dute. Horretarako, bi teknika erabili dituzte: positroien igorpen-tomografia (PET) eta erresonantzia magnetiko bidezko irudigintza funtzionala (fMRI). Lehenengoarekin, dopaminaren ekoizpena areagotzen ote den ikus daiteke, eta, bigarrenarekin, non eta zenbat askatzen den.

Horrela, frogatu dute gustuko musika entzuteak dopamina sorrarazten duela, eta, gainera, ohartu dira garunaren erantzuna aurreratu egiten dela. Izan ere, musika-zati gustukoena entzun baino segundo batzuk lehenago hasten da dopaminaren jarioa, garunaren eremu jakin batean. Gero, norberarentzat hunkigarriena den zatia iristen denean, beste leku batean jariatzen da. Hain juxtu, aurreikuspenak egiteko eta aurre hartzeko sistemarekin lotzen da lehen eremua, eta emozioekin, berriz, bestea.

Ikertzaileen esanean, esperimentua lagungarria da ulertzeko zergatik duen musikak hainbesterainoko eragina pertsonongan. Hain zuzen, dopamina-jarioak azal dezake musikaren eraginkortasuna erritualetan, marketinean edo terapian. Bestalde, plazer-iturri abstraktuak aztertzeko abiapuntua dela ere adierazi dute. Nature Neuroscience aldizkarian argitaratu dute ikerketa , eta haren webgunean irakur daiteke osorik.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia