}

Mina garunean dago

2025/03/01 Echeazarra Escudero, Leyre - UPV/EHUko Farmazia Fakultateko irakaslea eta ikertzailea. Fisiologia Saila | Aguirrezabal Bazterrika, Iñaki - Osakidetzako familia-medikua. Minari Modu Aktiboan Aurre Egiteko Unitatea (Salburuako Osasun Zentroa) Iturria: Elhuyar aldizkaria

“Mina dut. Nahiko maiz buruko mina izaten dut, baina normala da. Nire familian beti izan ditugu migrainak, batez ere hego-haizeak jotzen duenean. Amari ere gertatzen zaio. Nire amamari ere gertatzen zitzaion. Familia-­kontua da. Okerrena da botikek ez didatela ezer egiten eta ezin dudala ezer egin. Etsita nago”.

mina-garunean-dago
1. irudia. Bide nozizeptiboen ilustrazioa. Ehunaren lesioak (adibidez, bero-iturri baten aurrean) arrisku/kaltearen hartzaileak) (nozizeptoreak) estimulatzen ditu, eta bide nozizeptiboak aktibatzen dira. Seinalea garunean jasotzen da; bertan, seinale hori interpretatzen da eta mina sortzen da. Arg. Leyre Echeazarra Escudero, AAren bidez sortutako irudia (OpenAI, 2024).

Mina esperientzia sentsorial eta emozional konplexu bat da, ehun-kalteari lotuta egon daitekeena, edo ez [4]. Nerbio-sistemaren seinale bat da, gorputzean zerbait gaizki egon daitekeela adierazten duena. Akutua edo iraunkorra izan daiteke, eta oso desberdina izan daiteke intentsitateari, iraupenari eta kalitateari dagokienez.

Ikuspegi biologikotik, minak funtsezko babes-­funtzioa betetzen du ohartarazpen-seinale gisa, kaltearen iturburutik aldentzeko erreakzionarazten baitigu, kalte handiagoa prebenitzeko helburuarekin [2]. Adibide argi bat, non minaren funtzio babeslea ongi ikusten den, beroegi dagoen elementu bat (sugarra, adibidez) ukitzean gertatzen den erreakzioa da. Elementu beroa ukitzean, gure azaleko kaltearen hartzaileak* (“nozizeptoreak” ere deituak) estimulatzen dira, estimulu kaltegarri gisa detektatzen baitute beroa. Gero, transdukzioa gertatzen da; hau da, estimulu kaltegarria (edo potentzialki kaltegarria) bulkada elektriko bihurtzen da neuronetan. Ondoren, nozizeptore horiek arrisku-­seinale bat bidaltzen dute nerbioetatik bizkarrezur-muinera, eta berehala sortzen da erretiratze-erreflexu automatikoa. Horrek adierazten du bizkarrezur-muinak erantzun-­seinale bat bidali duela eskuko muskuluetara adimenak arrisku-­seinalea erabat prozesatu aurretik, ahalik eta azkarren urrundu gaitezen bero-iturritik. Arrisku-­seinale hori burmuineraino ere iristen da, transmisio izeneko prozesu baten bidez. Bertan, gertatzen ari denari buruzko informazioa prozesatzen da. Alde batetik, seinalea azal sentsorialera iristen da, eta, horri esker, jakin dezakegu gorputzean estimulu mingarria non dagoen. Bestalde, sistema linbikora iristen da seinalea, minaren alderdi emozionala modulatzen duen sistemara. Azal prefrontalera ere heltzen da; minaren esanahia interpretatzeko eta horren aurrean nola erantzun erabakitzeko aukera ematen digun azal horretara. Informazio hori guztia prozesatu ondoren, minaren pertzepzioa sortzen da. Kaltearen iturritik (kasu honetan, sugarretik) urrundu ondoren, eta ehun-­kalteak sendatu ahala, mina pixkanaka baretzen da, desagertu arte [11] [24]. 

Hala ere, kasu batzuetan, min-sentsazioa ez da desagertzen hasierako kausa konpondu arren eta denboran luzatzen da, patologiko bihurtu arte [23]. Min iraunkor horrek (min kronikoa ere deitua) jada ez du betetzen ohartarazteko edo babesteko eginkizuna, eta kalte egin diezaioke pertsonaren bizi-­kalitateari. Bestetik, hasierako ehun-kaltea sendatu ondoren minak irauteak adierazten du mina kalte fisikoarekiko independente bihurtu dela. Hori gertatzen da nerbio-sistema sentsibilizatuta egon daitekeelako edo seinaleak “gaizki interpretatzen” dituelako, eta, ondorioz, mina eragiten du lesio aktiborik gabe ere.

Mina eta kaltea ez dira gauza bera

Lesio bera duten bi pertsonak minaren intentsitate-­maila desberdinak senti ditzakete. Are gehiago, pertsona batek mina senti dezake inolako kalterik izan gabe ere. Beraz, esan dezakegu mina eta ehun-kaltea ez direla gauza bera, nahiz eta askotan erlazionatuta egon. Lesioa gorputzeko ehunen lesio fisikoari edo alterazioari dagokio. Mina, ordea, esperientzia sentsorial eta emozional subjektiboa da, hots, gorputzak kaltegarritzat jotzen dituen estimuluei erantzunez sortzen da [2] [5] [22]. 

Esan dugun bezala, sintomarik gabeko lesioak egon daitezke, hau da, mina senti dezakegu (etengabe, batzuetan) ehun-kalterik izan gabe ere. Hori gertatzen zaie, adibidez, “min fantasma” deritzon sindromea pairatzen duten pertsonei [21]. Dirudienez, burmuinak jada existitzen ez den gorputz­-­­adar baten “mapa” bat gordetzen du, eta mingarritzat jotzen jarraitzen du, kalterik ez izan arren.

Kontrako egoera ere gerta daiteke, hau da, ehunetan kalte nabarmena egon daiteke minik sentitu gabe. Hori gertatu zitzaion Illinois-eko (AEBetan) 32 urteko gazte bati, Dante Autullo izenekoari. 2012an, Dante etxola bat eraikitzen ari zen eta nahi gabe iltze-pistolari tiro eragin zion. Berak zauri arin bat besterik ez zuen nabaritu; erraz sendatu zen eta ez zion garrantzirik eman. Hurrengo egunean, ordea, zorabiatuta sentitzen zen eta ospitalera joan zen. Garunaren erresonantzia egitean, iltzea garunean sartu zitzaiola ikusi zuten [16]. 

2. irudia. Sintomarik gabeko lesio baten adibidea. Arg. Leyre Echeazarra Escudero, AAren bidez sortutako irudia (OpenAI, 2024).

Mina garunean dago, eta beti da erreala

Mina, gorputzeko hainbat ataletan sentitzen dugun arren (larruazalean edo muskuluetan, esaterako), garunean sortzen da beti. Adimenak kalte-seinaleak interpretatzen ditu eta min-sentsazioa sortzen du. Beraz, nahiz eta batzuetan ehunetan kalterik ez egon, mina beti da benetakoa. 

Mina izatea “minaren matrizea” deritzon sare neuronal konplexu baten aktibazioaren ondorioa da [18] [19]. Matrize horrek ebaluazio-batzorde moduan funtzionatzen du, eta garuneko hainbat eremuk osatzen dute. Adibidez, estimulu kaltegarri edo mingarri bat hautematen denean, azal somatosentsoriala aktibatzen da, eta, horri esker, minaren kokapena eta intentsitatea identifika ditzakegu. Aurreko azal kingulatua ere aktibatzen da (minarekiko erantzun emozionalean inplikatua), baita azal prefrontala ere; azken horrek estimulu mingarriari esanahia ematen eta horren aurrean nola erantzun behar dugun erabakitzen laguntzen digu. Eremu horiek elkarrekin lan egiten dute, seinale nozizeptiboa (edo arrisku-­seinalea) interpretatzeko eta segurtasun-maila etengabe ebaluatzeko. Organismoak arrisku-egoeran dagoela uste badu, min-sentsazioa pizten du. 

Segurtasunaren eta arriskuaren arteko balantzea modu subjektiboan zehazten dugu. Hori bizitza osoan egiten dugu, eta aldez aurreko esperientziek, jasotako hezkuntzak, kulturak eta sinesmenek baldintzatzen dute. Horrela uler daiteke zergatik agertzen diren batzuetan estimulurik gabeko sintomak. Adibidez, armiarmen edo zorrien irudi bat ikusten dugunean, azkura kontrolaezina sentitzen has gaitezke. Gauza bera gerta daiteke min-­sentsazioarekin; batzuetan, burmuinak mehatxu gisa interpretatzen ditu benetako mehatxuak ez diren gauzak. Adibidez, hego-haizea eta buruko mina edo aldaketa meteorologikoak eta belauneko mina erlazionatzen ditugunean. Harreman horiek guztiak bizitzan zehar sortutako sinesmenetan oinarritzen dira, eta gure adimenak egiten duen balorazioa baldintzatzen dute. Bestetik, frogatu da beste pertsona batzuen sufrimendua ikusteak minarekin erlazionatutako eremuak aktiba ditzakeela behatzailearen garunean [20]. David Butler eta Lorimer Moseley Explain Pain liburuaren egileek dioten bezala, “mina existituko da arriskuaren ebidentzia sinesgarria handiagoa denean segurtasunaren ebidentzia sinesgarria baino” (8]. Beste modu batean esanda, mina existitzen da pertsonak mina sentitzen duela esaten duenean [17]. 

Mina ikasi egiten da

Adimenak, bizi garen munduaren aurrean erreakzionatzeaz gain, etengabe eguneratzen du munduari buruzko bere barne-eredu propioa. Barne-eredu hori iraganeko esperientzietan eta etorkizuneko itxaropenetan oinarrituta eraikitzen dugu, eta zer gertatuko den aurreikusteko balio digu. Badirudi gure adimenak, inkontzienteki, sinesmen propioak berresten direla ziurtatzeko moduan interpretatzen duela errealitatea. Horrela izanda, pisu handiagoa ematen diogu gure sinesmenak edo aldez aurreko hipotesiak baieztatzen dituen informazioari (eta, beraz, gure munduari ordena eta zentzua ematen dion informazioari). Aldiz, baztertu egiten dugu edo garrantzia kentzen diogu haien kontra egiten duen ebidentziari. Horri “baieztatzeko joera” esaten zaio [13]. 

3. irudia. Mina ez da sortzen sentitzen dugun tokian, garunean baizik, minaren matrizea deritzon neurona-sare konplexu bat aktibatu ondoren. Arg. PxHere

Fenomeno hau ideia politikoetan edo sineskerietan ere gertatzen da, baita min-esperientzian ere. Gure sinesmenak berresteko joera horrek min-­esperientzia okerragotu dezake, eta tratamenduari edo pronostikoari buruzko uste negatiboak indartu. Adibidez, pertsona batek iragartzen duenean sentituko duen mina kontrolaezina izango dela edo okerrera egingo duela tratamendu jakin batzuen ondoren edo kanpoko baldintzen ondorioz (klimaren ondorioz, adibidez), hori baieztatzen duen informazioa bila dezake, modu inkontzientean, sinesmen ezkor horiek baieztatzeko. Fenomeno horri “nozebo-efektua” deritzo [12]. 

Garrantzitsua da pertsonek (bai pazienteek, bai osasun-profesionalek) minari buruzko uste mugatzaileak edo negatiboak identifikatzea eta interpelatzea, min-sentsazioa ez larriagotzeko [9]. Horretarako, beharrezkoa da norberaren ikuspegitik aldentzen diren beste iritzi batzuk kontuan hartzea, eta ebidentzia zientifikoan oinarritutako informazioa bilatzea. Badaude pazienteak laguntzeko tresna eta tratamendu erabilgarri batzuk, hala nola terapia kognitibo konduktuala, ariketa terapeutikoa eta minaren neurozientzia alorreko hezkuntza. Ildo horretan ari dira lanean hainbat erkidego autonomotan sortzen ari diren Minari Modu Aktiboan Aurre Egiteko Unitateak. Lehenengoa Valladoliden sortu zen, 2019an, eta bigarrena Gasteizen jarri zen martxan 2023ko azaroan [10]. Unitate horietan, fisioterapeutek, erizainek eta familiako medikuek elkarlana egiten dute migraina, fibromialgia eta bizkarreko min iraunkorra duten pazienteak tratatzeko. Mina hobeto kudeatzeko lortutako emaitzak oso positiboak eta itxaropentsuak izaten ari dira [1] [3] [6][15]. 

Bukaera: fokua jartzen den tokian, hor dago arreta

Ikusi dugunez, gure garuna ez da estimuluen hartzaile pasibo soila, baizik eta errealitatearen pertzepzioa modu subjektiboan eraikitzen duen eragile bat. Horrek mina nola ulertu behar dugun birplanteatzera garamatza: erreakzio fisiko soil batetik harago, esperientzia subjektibo bat da mina, gure espektatibek, aurretiko esperientziek eta gauden testuinguruak moldatua. 

“Minaren matrizea”ren aktibazioak min-sentsazioa eragiten du, eta modula daiteke. Emozioek, estresak, sinesmenek, itxaropenek eta minean jartzen dugun arretak, besteak beste, eragina izan dezakete mina sentitzeko moduan. Zenbait pertsonatan, “minaren matrizea” hipersentikor bihurtzen da, eta, beraz, estimulu kaltegarririk gabe ere sortu daiteke mina, eta, batzuetan, kroniko bihurtzen da. Minari Modu Aktiboan Aurre Egiteko Unitateetan, non ariketa terapeutikoak egiten diren eta minari buruzko hezkuntza zientifikoa eskaintzen den, itxaropena eta tresna baliagarriak eskaintzen ari zaizkie min iraunkorra pairatzen duten pertsonei, haien bizi-­kalitatea hobetzen laguntzeko. Eskerrik asko zuen lanagatik!

 “Adimenak emozioa sortzeko erabiltzen 
dituen osagaiak aldatzen badituzu, 
zure bizitza emozionala eralda dezakezu”. 

(Barrett, 2017) 

 

Bibliografia

[1]    Aguirrezabal, I., Pérez de San Román, M. S., Cobos-Campos, R., et al. 2019. “Effectiveness of a primary care-based group educational intervention in the management of patients with migraine: A randomized controlled trial”. Primary Health Care Research & Development, 20, e155.
[2]    Aguirrezabal, I., Ramos, A. C., Urquiza, M. N. eta Aguirre, I. M. 2024. “Fisiopatología del dolor”. FMC. Formación Médica Continuada en Atención Primaria, 31(8), 450-455.
[3]    Areso-Bóveda, P. B., Mambrillas-Varela, J., García-Gómez, B., Moscosio-Cuevas, J. I., González-Lama, J., ArnaizRodríguez, E., et al. 2022. “Effectiveness of a group intervention using pain neuroscience education and exercise in women with fibromyalgia: A pragmatic controlled study in primary care”. BMC Musculoskeletal Disorders, 23(1), 323.
[4]    Asociación Internacional para el Estudio del Dolor (IASP). 2022. Revised definition of pain.
[5]    Baliki, M. N., & Apkarian, A. V. 2015. “Nociception, pain, negative moods, and behavior selection”. Neuron, 87(3), 474–491.
[6]    Barrenengoa-Cuadra, M. J., et al. 2021. “Effectiveness of a structured group intervention based on pain neuroscience education for patients with fibromyalgia in primary care: A multicentre randomized open-label controlled trial”. European Journal of Pain, 25(1), 1–13.
[7]    Barrett, L. F. 2017. How emotions are made: The secret life of the brain. Houghton Mifflin Harcourt, Boston.
[8]    Butler, D. S. eta Moseley, G. L. 2013. Explain Pain  (2. ed.). Noigroup Publications, Adelaida. 
[9]    Darlow, B. 2016. “The confluence of client, clinician and community”. International Journal of Osteopathic Medicine, 20, 53–61.
[10]    Eusko Jaurlaritza. 2024. “Osakidetzan minari aurre egiteko unitateak 768 paziente tratatu ditu lehenengo urtean”. 
[11]    Ferrándiz, M. 2006. Fisiopatología del dolor. Societat Catalana d’Anestesiologia, Reanimació i Terapèutica del Dolor.
[12]    Ferreres, J., Baños, J.-E. eta Farré, M. 2004. “Efecto nocebo: la otra cara del placebo”. Medicina Clínica, 122(20), 511–516.
[13]    Friston, K. 2005. “A theory of cortical responses”. Philosophical Transactions of the Royal Society B: Biological Sciences, 360(1456), 815–836.
[14]    Fundación Grünenthal & Observatorio del Dolor de la Universidad de Cádiz. 2022. Barómetro del dolor crónico en España 2022. Fundación Grünenthal.
[15]    Galán-Martín, M. A., Montero-Cuadrado, F., Lluch-Girbés, E., Coca-López, M. C., Mayo-Iscar, A., eta Cuesta-Vargas, A. 2019. “Pain neuroscience education and physical exercise for patients with chronic spinal pain in primary healthcare: A randomised trial protocol”. BMC Musculoskeletal Disorders, 20(1), 505.
[16]    Main, F. 2012. “‘Unfreaking-believable’: fiance says Orland man recovering from nail in his brain”. Chicago Sun-Times
[17]    McCaffery, M. 1979. Nursing Management of the Patient with Pain (2. ed.). Lippincott, Filadelfia.
[18]    Melzack, R. 1999. “From the gate to the neuromatrix”. Pain, 82(6), S121–S126. 
[19]    Moseley, G. L. 2003. “A pain neuromatrix approach to patients with chronic pain”. Manual Therapy, 8(3), 130–140.
[20]    Osborn, J., eta Derbyshire, S. W. G. 2010. “Pain sensation evoked by observing injury in others”. Pain, 148(2), 268–274.
[21]    Villaseñor Moreno, J. C., Escobar Reyes, V. H., Sánchez Ortiz, Á. O., eta Quintero Gómez, I. J. 2014. “Dolor de miembro fantasma: fisiopatología y tratamiento”. Revista de Especialidades MédicoQuirúrgicas, 19(1), 62–68. 
[22]    Wall, P. D. 1986. “The relationship of perceived pain to afferent nerve impulses”. Trends in Neurosciences, 9(12), 435–439.
[23]    Woolf, C. J. 2011. “Central sensitization: Implications for the diagnosis and treatment of pain”. Pain, 152(3), S2– S15.
[24]    Zegarra, J. W. 2007. “Bases fisiopatológicas del dolor”. Acta Médica Peruana, 24(2), 35-38.