}

Marrubizko jogurta

1998/05/01 Zabala, Joserra Iturria: Elhuyar aldizkaria

½Gezurra dirudien arren, estatuek inpaktu ekologiko handiena duten industriak eta energia-iturriak subentzionatzen dituzte. Zentral nuklear batek errazago eskuratuko ditu laguntza ofizialak eguzki-energiarako instalazio batek baino. ½

Ez dakit deskrematua edo osoa, fruta zatiez eginikoa edo aromazkoa, gauza da jogurt-mota horrek garrantzi berezia izan omen duela Erromako Klubak sortutako ekonomiari buruzko “Faktor vier” (4 faktorea) izenburuko txostena bultzatzeko, eta, horrekin batera, ekokapitalismoaren kontzeptu bera plazaratzeko.

Aipatutako txostenaren egileek, Ernst Ulrich von Weizsäcker, L. Hunter eta Amory B. Lovins-ek, honela kontatu dute istorioa eta sinetsi egin beharko diegu: 1993ko goiz batean, Alemaniako iritzi publikoaa asaldatuta esnatu omen zen Stefanie Böge kazetariak egindako ikerketa baten datuekin.

Artikuluan bezeroaren etxera ailegatu arte jogurt batek egiten duen bidea azaltzen zuen: osagarriek, ontziko materialek, tapak eta jogurtak, 3.500 kilometro baino gehiago guztira; baina osagai desberdinen aurreko hornitzaileen kilometroak ere gehitu behar zaizkio, 4.500 kilometro egin arte. Jogurt ibiltaria eta ondo nahasia, benetan.

Alemanei izugarri gustatzen zaie marrubizko jogurta, eta eguneroko beste errealitateek agian ez hainbeste, baina datu horiek polemika piztu zuten. Ondorioa erraza zen: tokian tokiko produktuak kontsumitu behar dira, ekonomiaren deszentralizazioa bultzatuz. Horrekin batera aferak zergen garrantzia eta erabilpena jarri zuen mahai gainean, ezen bestela ezin baitziren jogurtaren diru-etekinak ulertu.

Gezurra dirudien arren, estatuek inpaktu ekologiko handiena duten industriak eta energia-iturriak subentzionatzen dituzte. Zentral nuklear batek errazago eskuratuko ditu laguntza ofizialak eguzki-energiarako instalazio batek baino. Era horretan, garraioak eta petrolioa barra-barra erabiltzen dituztenek, gure jogurt xelebreak esaterako, laguntza handiagoa jasotzen dute.

Kontraesan franko horiek salatu zituen Erromako Klubak aipatutako txostenean. Zergen bidez estatuak pertsonen eta enpresen dirua biltzen du. Horrekin estatu-makinaria osoa ordaintzen da: armada, azpiegiturak, gizarte-laguntzak. Zergen bidez bildutako dirua, besteak beste, pertsonen arteko desberdintasunak gutxitzeko erabil daiteke edo gizarte ekologikoagoa lortzeko; azken honetan izan ditzakete ekotasek garrantzia, hots, beste garapen-eredu berri bat indartzen.

Ingurugirorako funtsezko ondorioak dituzte zergek. Lehen esan dugunez, naturarako kaltegarriak diren aktibitate asko ekotasen bidez, horiek garestiago eginez, murriztu daitezke. Esaterako, berritzen ez diren energia-iturriek zerga gehiago izango balituzte, bestelako energiak eta energia-gastuak gutxitzeko proposamenak indartu egingo lirateke nolabait. Gure eguneroko errealitatean, urarekin ari da hori gertatzen zenbait tokitan: uraren prezioa igo egin da eta kontsumitzaileek orain ezin dute, lehen sarritan gertatzen zen bezala, matxurak konpondu gabe utzi edo inongo arazorik gabe ura zarrasteldu, garestiagoa delako besteak beste.

Dena dela, egungo zerga-sistemak ez ditu ingurunea edo gizarte-beharrak kontuan hartzen, handikien eta multinazionalen interesak baizik, eta horiek, normalean, ez dituzte benetako prezioak ordaintzen; hots, produktuarena gehi ingurugiro-inpaktuarena. Bestela, ekotasen bidez, ezingo genituzke jogurt bidaiariak erosi.

Azken finean, zera aurkitu dugu: ekologian ere, bizitzaren arlo gehienetan bezala, ekonomia eta diruaren menpe gaudela eta zerbait aldatzeko ekologistok, agian, biologoen laguntza baino gehiago ekonomialariena beharko dugula. Bitartean, alemanek, Euskal Herrian ia ezagutu ere egin ez den polemikaz ahaztuta, betiko marrubizko jogurta jaten jarraitzen dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia