Lertxun-marrak: Estatu Batuetako Euskal arte ezezaguna
1989/11/01 Mallea Olaetxea, J. Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ba zen garaia artzainen arte berezia Euskal Herrian ezagutzera emateko, bada nik dakidanez, gai hau ia aipatu ere ez da egin gure artean. Hemen Iparramerikan bai, izan dira arlo hori aztertzen hasi diren eta banaka idazlan labur batzuk publikatu dituzten bizpairu idazle, baina haien ikerketak oso mugatuak eta orokortasun gabekoak izan ziren. Gainera, euskararik ez zekitenez, euskaraz marrazturiko hitzik ez zuten irakurri, eta gaztelaniazkoak ere ez asko. Beraz, ikerketa honi serioki atxiki zaion euskaldun bakarra eta lehena neu naizela uste dut.
Artelan hau guztiz jatorra ezezik, inongo eskolan irakasten edo ikasten ez dena duzue. Inork ez daki gure baserritarrek, gehienak eskola gutxikoak izanik, Ameriketako eremuetara artzain etorrita lertxunak marratzen zergatik hasi ziren. Norengandik ikasi zuten antze hori? Harpetar prehistorikoengandik? Lertxuna zergatik marratzen duten argi dago behintzat; alegia, azal fin eta zurixka duelako (pagoarena baino bigunagoa). Beraz, bertan idazteko aukerakoa da.
Euskaldunok bidaiari ginen eta gara oraindik, baina yankee-en Iparramerikara beranduxe heldu ginen. Lehenengoak Kaliforniako 1849ko “urre-lehia” zela eta etorri ziren honantz Hegoamerikatik. Urrerik denentzat aski ez eta Kalifornian laborantza eta abeltzantzari ekin zioten batzuek. Laster bestetzu ere baziren eta artzainak ugaldu zirela, larre-bila ardiekin Sierra mendi garaietarantz hedatu ziren 1860ko urteetatik aurrera. Gero eta hedatuago, urrunago, gorago, mendien ekialdera, Nevada aldera, iritxi ziren beste 25 urte barru. Geroztiko historia badakizue: Idaho, Oregon, Wyoming, Utah, Colorado eta Arizonako basamortuetan bazen hamaika euskaldun artzain, Kristoren bakardadea eta kultur alienazioa jasaten.
1940ra arte goi-mendiak artzainenak ziren, baina orduan eski-estazioen jabeek eta udetxe-eraikitzaileek bultzaka ekin zioten ardiak uxatu nahirik, eta harez gero artzantza beheraka joan da alde hauetan. Goi-mendietan larre eta ur ugari dagoenez, artzainak bazuen astia lo egiteko nahiz lertxunak marratzeko. Eta izan ere, askok horixe egiten zuten. Badira “harri-marra” banaka batzuk ere han-hemen, hots, harrietan egindako irudiak, baina gutxi.
Reno ondoan dagoen lertxuna: "Arno onak parerik ez du, basonbat baino hobe, biga. Ez dea eukia? banaski hobe" (Heletako Jean Biscay artzainak 1959an marratua). (Mallearen fotoa).Ez dakigu lertxunak marratzen nor hasi zen, baina ezagutzen den marrarik zaharrena 1887. urtekoa da; Kaliforniako Plumas National Forest basoetan dagoena. Ba omen da beste bat 1870ekoa, baina nik ez dut ikusi. Aski zaharra da hori; lertxun gehienek 60-80 urteko bizitza bait dute. Gaur egun Sierra mendietan eta mendebaldeko beste errekondo askotan dauden lertxundiei begira hasten bazara, haietan milaka eta milaka izen, urte eta hitz ikusiko dituzu; ia denak euskaldun artzainek eginak. Marra asko zoritxarrez galdu dira betiko, eta urtero-urtero lertxun asko lur jota usteltzen dira. Geratzen direnak hor daude sekulako tokietan, jakintza dariela, baina isilik, norbaitek aurkitu eta katalogatu arte. Gainera, gaur egun lertxun-marragilerik ez dagoenez, bizimodu baten arte eta kultura akabatzera doa; hau da, euskaldunen historiaren barruti bitxi bat.
Beraz, ikerketa hau denboraz mugatua delako eta luzatzerik ez dagoelako, hasia nauzue lanean, foto-hartzen eta datu-biltzen. Batek daki zenbat historia kokatua den arbola horietan!
Gaur, lantxo honekin hasiera ematen diot, eta sarrera bezala, lertxunetan datzan informazioa klasifikatuko dugu.
Lertxun-marren sailkapena
1. Gehienetan, artzainak bere izena, deitura eta urtea marratzen zuen. Batzuetan sorterri edo lurraldearen izena ere bai. Noizbehinka, urteguna edo adina.
Informazio hau, ezer ez delakoan ere, oinarrizkoa da historian: izenak, tokia eta garaia… horra literatura kokatzen duten hiru elementu. Hainbat ondorio atera daiteke pilo horretatik.
Renotik iparraldera, 1960 ingurukoa: "ArrupeVizcaya Ibarranguelua Espana" (Mallearen fotoa).2. Nik ez dakit gure baserritar hauek giza gorputza, burua, ilea, bularra, iztar, jantzia, txapela eta abar marratzen non ikasi zuten, baina badira Picasso berak ere pozik sinatuko lituzkeen ale batzuk. Beldur gabe esan dezakegu badela “artzain estilo” berezia arte-barrutian. Artzainak denak gizonezko gazteak ziren eta basamortuko bakardade ikaragarri hartan ez da harritzekoa emakume-nahia izatea. Gogo horretxek eraginda, milaka emakume-irudi ikusten dira zuhaitzetan, ia beti biluzik eta atze-aurre galantekin. Gizonezkoen irudiak jantzita ageri dira ia beti; kapela buruan eta pipa ahoan asko.
Ar-eme irudi sexualak falta baziren berriz, arduratzekoa izango zen, baina egon lasai; horietatik ugari dago eta pornografikoak ez gutxi.
3. Orain hamar mila urte euskaldunen arbasoek harpetan zaldi, bisonte eta beste abereak pintatzen omen zituzten. Mende honetan, harpetan ez baina lertxunetan marraztuak daude hainbat asto, zaldi, hartz, lehoi, txori, arrain eta abar. Eta ardiak? Ez da erraz sinistekoa, baina ardien marrarik ez dago ia, eta zakurrenak ere gutxi.
4. Herrimina. Hori zen artzainaren eguneroko etsaia, eta tristetasuna arindu beharrez, urruneko aberria zerabilen gogoan. Sentimendu hau arboletan sarri ageri da. Sorterria gogoratzen zuten lehenbizi, baina Amerikako basoetan nork daki Makea edo Natxitxu non den edo zer den? Horregatik Bizkaia, Nafarroa, Espana eta France idazten zuten.
Euskaldun izatearen adarra ere ageri da: Basqo, Bask, euzkotarra eta baita espanol ere. Eta jakina, politika gaiak, nola ez ba? Gora Euskadi, Gora Nafarroa, Biba espainiarrak , etab.
Renotik hegoaldera: "Que monada Eustaquio Irazoqui 1966" (Mallearen fotoa).5. Erlijiozko esaldiak eta gurutze-marrak ere badaude, erlijio-hutsak baino gehiago bakardade izugarriak eraginda askotan, nik uste.
6. Badira barietate handiko beste iruzkin, eritzi eta gaiak ere: artzain-bizimoduaz, artzantza, nagusi, artzain-lagun, Amerika eta amerikarrez, etab.
7. Guztiz interesgarriak (eta batzuetan barregarriak) dira artzainek ingelesez idatzitako hitzak ere. Liburuak ez baina mendia zen haien eskola eta belarriak ematen zien eran idazten zuten. Esaterako siper “sheepherder” beharrez; kasepik “Castle Peak” ordez, Saniskibi “Thanksgiving” ordez, etab. Ingeles hitzak euskaratzen ari diren linguistek beharbada zerbait ikasiko lukete etsenplu hauetatik.
Handia da lurralde arrotzaren eragina, Frederick J. Turner historialariak igarri zionez. Gure artzain askok hementxe Amerikan idatzi zituzten beren lehen hitzak euskaraz. Iparraldekoek besteek baino gehiago idatzi zuten euskaraz. Bizkaikoek politikarako erabiltzen zuten sarri hizkuntza zaharra; nafarrek, berriz, gaztelania zerabilten eskuarki.
Artzainek beste “arte”-mota bat ere utzi dute Amerikako basamortuan. Arbola gabeko toki harritsuetan harri-piloak eraikitzen zituzten, metro t’erdiko oinarri angeluzuzenaren gainean; “harri mutil” izenekoetan. Inork ez daki zeren eraginez hartzen zuten lan hau; apika, harrijasotzaile-ohiturek eraginda, edo trikuharrien oroipenez.
Badira Ameriketan euskal artzainei buruz idatzitako liburuak, eta batzuk onak, baina horietako bat ere ez da lertxun-marren datuez baliatzen, nahiz eta hauek lehen agiriak izan. Hain zuzen, lertxun-marrak artzainen autobiografia direla esan behar da. Eta nik orain zera galdetzen dizuet: munduan zenbat artzainek idatzi dute beren bizitzaz?
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia