}

Legenarraren bakterioaren genoma sekuentziatu dute

2001/02/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Urtero 700.000 gaixo berri eragiten dituen legenarraren bakterioaren genoma sekuentziatu dute Frantziako Pasteur Institutoko eta Britainia Handiko Sanger Zentroko ikerlariek. Horri esker, gaixotasunari aurre egiteko bide berriak zabalduko dira, baita antzekoa den tuberkulosiaren aurka ere.

Mycobacterium leprae -ren genoma aztertzean, eboluzioan zehar bakterioak bere genoman galerak izan dituela ikusi dute. Irauteko behar-beharrezkoak dituen geneak besterik ez ditu gorde eta zelula ostalariaren azpiegitura erabiltzen du bere beharrak betetzeko. Hori gizakira egokitzen daramatzan milaka urteren buruan lortu du.

Galdu dituen gene horietako asko metabolismoarekin erlazionatuta zeuden; horregatik biderkatzen da hain mantso. Biderkatze erritmo baxu hori eragozpen bat zen legenarraren aurkako tratamenduen ikerketan. Izan ere, Escherichia coli 40 minututik behin zatitzen den artean, legenarraren bakterioa bi astetik behin besterik ez da biderkatzen.

Bakterioaren genomaren azterketari esker, antibiotikoei erresistentzia ematen dioten mutazioak zein diren jakin dute. Horrela, erresistentzia detektatzeko test berri bat garatzea lortu dute, emaitzak bi edo hiru egunetan ematen dituena. Orain arteko metodoarekin, berriz, gaixoaren odol-laginak laborategiko saguei injektatu eta antibiotikoei nola erantzuten zieten ikusi beharra zegoen. Bakterioak ugaltzeko hamalau egun behar dituela kontuan hartuta, test berriaren onurak agerikoak dira.

Orain tratamendu berriak ikertzen ari dira, antibiotikoen bidez egiten den tratamendua oso luzea eta astuna baita. Sei hilabetetik bi urtera iraun dezakeenez, osasun-zerbitzuak azpigaratuta dauden zenbait herrialdetan, askotan tratamendua eten egiten da. Horregatik, ikerlarien helburu nagusia txertoa lortzea da, gaixotasunari aurre egiteko bide eraginkorrena izango litzatekeelako.

Mycobacterum tuberculosis tuberkulosia sortzen duen bakterioa da eta legenarraren familiakoa denez, antzekotasun asko dituzte. Tuberkulosiaren aurkako txertoa legenarraren aurka ere neurri batean eraginkorra dela ikusi dute. Bien genomak ondo ezagutzen direnean, bi gaixotasunen aurkako txerto bikoitza garatzea da ikerlarien etorkizunerako erronka.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia