}

Tuberkulosiaren bakterioa, zelatatua

2000/06/20 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Zientzialariek bakterioaren aktibatze prozesua ikertzea erabaki dute, antibiotikoen irtenbidea agortzen ari baita

Tuberkulosia bakterio batek sortua da. Oso bakterio ezaguna da, bakteriorik patogenoentzat hartu izan baita. Urtero batez beste bi milioi lagun hiltzen ditu mundu osoan, eta gizakien herenentzat arriskua da. Herrialde aberatsetan aspaldiko gaixotasuntzat jotzen zen. Ondorioz, tuberkulosiaren inguruko ikerketa asko murriztu da, baina arriskua ez da desagertu. Pertsona askok gorputzaren barruan darama bakterioa, baina gaixotasuna garatu gabe. Kasu gutxi batzuetan bakterioa aktibatu egiten da, agian urteetan gorputzean izan ondoren, eta tuberkulosia garatzen da.

Herrialde garatuenetan gero eta kasu gehiago agertu dira urte hauetan, eta herrialde teknologikoen arazo bihurtu da berriz. Ondorioz, laborategi aurreratuetan arreta piztu da. Bakterioa ezin da garbitu ohiko antibiotikoekin.

Gure mendeko medikuntza

Arazo hori irtenbidea bilatu ahal izateko, bakterioaren jokaera ulertu behar da: antibiotikoei aurre egiten lortzeko prozesuak ikertu behar dira, alegia. Penizilinaren aurkikuntzak gaixotasun arriskutsu asko sendatzeko modua eman zuen. Dena den, bakterioek ikasteko ahalmena dute, eta, belaunaldi berriak jaio ahala, antibiotikoarekiko erresistentzia garatu dezakete. Horregatik, gizakia antibiotiko berriak eta ezberdinak sintetizatzen saiatu da etengabe. Borroka galdua da. Kasu guztietan bakterioak erresistente bihurtuko dira. Mycobacterium tuberculosis adibide nabarmena da. Baina nola lortzen du?

Turberkulosiaren kontrako kasuan bi ikertzaile talderen berri izan dugu egun hauetan. Stanford unibertsitateko Stanley Falkow mikrobiologoak zuzentzen duen taldeak eta New York-en dagoen Albert Einstein College of Medicine-ko William Jackobs mikrobiologoak zuzendutakoak infekzioak irauteko beharrezkoak diren geneak identifikatzeko helburua zuten.

Stanfordeko taldean tuberkulosiaren animali-eredu bat erabili dute. Tuberkulosiaren baziloaren antzekoa den Mycobacterium marinum -a aztertu dute. Bestea baino azkarrago hazten da, eta ez da airetik kutsatzen. Igeletan infekzio sorra eragiten du, tuberkulosia bezala, granuloma izeneko zelula multzo batzuk sortzen dituena. Proteina fluoreszente bat sintetizatzen duen genea nahastu zen bakterioaren genoman. Horrela, bakteria aktibatzen zenean, distira berdea sortzen zuen. Metodologia horretaz, bakterioaren gene asko identifikatu ziren.

M. Tuberculosis baziloaren genoma 1998tik ezagutzen da. Horrela, azken horrek aurkitutako geneen baliokideak dituela baieztatu zen. Bi genek izan zuten zientzialarien arreta gehiena, oso egitura xelebrea duten proteinak kodetzen dituztelako. Proteina mota horri PE-PGRS izena ematen zaio. Gene horiek kenduz gero, bakterioa ezin da behar bezala hazi. Dena den, taldeak ez daki zehatz zein den PE-PGRS proteinen eginkizuna.

Stanfordeko taldeak ez du zuzenean aztertu tuberkulosiaren germena. Horregatik, bertako emaitzen balioa zalantzan jarri da. Izan ere, Colorado State unibertsitateko Ian Orme ikertzailearen iritziz, igelen eredua eskasa da, ugaztunengan duen efektua oso ahula delako. Igelak infektatzeko dosi erraldoiak sartu behar zaizkie. Ikusi beharko litzateke zer gertatzen den M. Tuberculosis baziloa PGRS proteinen genea galtzen duenean.

Horrelako ikerketari New Yorkeko Albert Einstein College of Medicinen prestatutako metodologiaz ekin dakioke. Hango William Jackobs mikrobiologoak zuzentzen duen taldekoek beste bazilo batekin hasi zituzten esperimentuak. Baziloak kordoi egituretan elkartzeko ahalmena eta infekzioa sortzeko ahalmena segituan lotu zituzten. Kordoiak egiteko proteinak kenduz gero, bakterioen efektu kaltegarriak desagertzen ziren.

Ezaugarri orokorra

Esperimentu bera M. Tuberculosis bakterioarekin errepikatu zuten, horrek kordoi egituretan elkartzeko joera duelako. Hori guztia laborategian baieztatzeko, saguak erabili ziren. Jakobsen taldeak arrakasta izan zuen. Bere iritziz, kendutako proteinak, bakterioa kaltegarria izateko ez ezik, gorputzaren barruan bizirik irauteko ezinbestekoak suertatu ziren. Beste zientzialari batzuek zalantzan jartzen dute azken ondorio hori.

Menperatutzat hartu izan dugun tuberkulosia, beraz, ez dago uste bezain kontrolatuta, eta adibide gehiago dago. Aldagai asko sartzen dira arazoan. Hasieran alderantzizkoa bete bazen ere, gizakiaren eta bakterioen lasterketan ez gara gu irabazleak. Dena den, bada garaia horrelako gaixotasunen ikerketa genetikoari ekiteko, eragin handiena garatu gabeko herrialdeetan dutenena barne.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia