}

Lagundutako lehen orkakumea

2001/04/09 Elhuyar Zientzia

Lagundutako ernalketa arrunt bilakatu da gizakien artean, baita animalia askoren artean ere. Itsas ugaztunetan ez hainbeste.

Kaliforniako Sea World parkeko albaitariak pozik daude, laster ernalketa artifizial bidez sortutako lehen orkakumea izan baitezakete begien aurrean. Sea World parkeetan 12 urte daramatzate lagundutako ernalketa orkekin saiatzen, baina orain arteko saio guztiek porrot egin dute. Kaliforniako parkeko Kataska orka, ordea, Orlandoko parkeko Tilikum orkaren haziarekin intseminatu zuten eta arrakasta izan du lehen aldiz. Kataska umealdiaren 14 hilabetean dago jada eta orka txikia abuztuan jaioko dela espero dute ikertzaileek.

Orka ez dago desagertzeko arriskuan eta, alde horretatik behintzat, ez dago ernalketa artifiziala egiteko premia bizirik. Parkeetan bestelakoa da arazoa. Orkak hain handiak izaki eta parkeak ez hainbeste, parke batean ezin da orka ugari eduki eta ugalketa uste baino konplexuagoa da. Hori dela eta, parkeetako orken dibertsitate genetikoa txikia da. Intseminazio artifizialak arrakasta izanez gero, dibertsitate genetikoa handitzeko aukera egongo litzateke orkak hara-hona ibili gabe.

Arrakasta-itxurarekin plazaratu dute ikerketa, baina zer pentsatu asko ematen du berriak, arazo baten konponbide gisa saldu baitute, baina arazoa eurek sortua dela aipatu gabe. Testuingurua ahaztu eta ikerketaren alderdi positiboak soilik kontuan hartzea zilegi al da?

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia