}

Orken lengoaia desberdinak

1990/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

John Ford-ek, Vancouver-eko Aquarium Publikoko itsas ugaztunen zaindariak dioenez, orkek “lengoaia” nahiz “dialekto” desberdinetan hitz egiten omen dute. Lengoaien arteko desberdintasunak ingelesa eta japoniarraren artean dagoen adinakoa izan daiteke.

Lengoaiak, itsas azpian komunikaziorako erabilitako txistu eta deietan bereizten dira. Orkak “oihartzunarekiko” nabigazioan doazenean emititutako sonarraren antzeko energia handiko “klik”ak, oso desberdinak izaten dira beraien artean.

Orkak itsaso gehienetan baldin badaude ere, kontzentraziorik handienak leku hotzetan aurki daitezke; Islandian eta Kanadan adibidez.

Ford-ek, Washington-eko Estatuko iparraldeko itsasoan, 350 orka ikertu ditu. Orka hauek, oso hurbileko eremuetan bizi diren bi komunitatetan banaturik daude.

Iparralderantz bizi den komunitatea 16 famili taldez osaturik dago eta Vancouver irlaren iparraldetik Alaskaraino bizi dira. Hego alderago dagoen Komunitatea hiru taldez osaturik dago eta Vancouver irlaren hegoaldetik Grays Harbour-eraino bizi dira.

Animalia hauek emititzen dituzten soinuetako asko giza entzumenak jaso ditzakeenen atarian daude. Beraz, soinu hauek grabatzea posible da. Horretarako, itsasuntziaren albo batean mikrofono bat kokatzen da. Jasotako soinuak anplifikatu egiten dira ondoren grabatu.

Ford-ek, grabatutako soinuak ikertu ondoren, orka-talde bakoitzak normalean 12 dei desberdin egiten dituela dio. Ford-ek, orken deiak, baleenak eta izurdeenak desberdinak direla badaki. Gainera, orka-talde bakoitzak bere dialektoak dituela aurkitu du.

Dialektoak belaunaldiz belaunaldi transmititzen direla ere frogatuta dago. Ford-ek dioenez “Aldaketak oso poliki gertatzen dira eta dialektoek ehundaka urte behar izaten dituzte garatzeko”. Beraz, hemendik ondorioztatzen denez, zenbait dialektok milaka urte eduki ditzake”.

Orain arte ezagutzen dena oso gutxi da, baina zenbaterainoko konplexutasuna ote dute orken lengoaiek?

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia