}

Koralak: itsasoko altxorrak

2000/02/13 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Floridako koralezko arrezifeak Ipar Amerikako koral-hesi bakarra dira eta munduko hirugarren handienak. Floridako irlekin batera, itsasoan 220 milia luzatzen den eskualdea osatzen dute, Miamitik 60 miliara hasi eta Kubatik 90 miliara bukatzen dena. Koralezko arrezife horiek Ipar Amerikan bakarra den itsas ekosistema konplexu eta aberatsaren oinarria dira eta horregatik itsas santutegi izendatu zituzten 1990ean.

Santutegia osatzen duten 9.800 km karratuek Floridako irlak, Floridako badia, Mexikoko golkoa eta Ozeano Atlantikoa barne hartzen dituzte. Koral-hesiak lur-masa lehorren inguruko uretan hazten dira eta baldintza fisiko oso zehatzak behar dituzte garatu ahal izateko. Normalean, Kaprikornio eta Kantzer tropikoen arteko guneak dira koral-hesien bizileku, ur tropikalak beroak, argiak, nutriente -nitrogeno eta fosforo- gutxikoak eta tenperatura zein gazitasun-maila egonkorrekoak baitira. Dena den, ozeanoetako itsaslasterrek gune bateko egoera fisikoa alda dezakete eta arrezifeen garapen-eskualdeak zabaldu edo murriztu. Floridan, esaterako, Golkoko itsaslasterreko ur beroen eraginez dagokiona baino iparralderago hazten da koral-hesia.

Golkoko itsaslasterrak Atlantiko hegoaldetik, Karibeko itsasotik eta Mexikoko golkotik datozen ur tropikal beroak iparralderantz garraiatzen ditu, Floridako koral-hesirantz. Ur bero horiei esker hazi da koral-hesia hain iparraldera eta ur bero horiei esker gune tropikaletako arrain eta itsaskiak Floridan bizi dira, nahiz eta Florida eskualde geografiko tropikala ez den.

Arrezifeak kaltzio karbonatoa erabiliz milaka urtetan zehar eraikitako itsaspeko hiriak dira eta, noski, kaltzio karbonatoa ekoizten duten organismoen komunitateez osaturik daude. Kaltzio karbonatoa itsas landare eta animalia askok ekoizten dute, baita zenbait alga-espezie eta itsas ornogabek ere. Kaltzio karbonatoa izaki horien eskeletoa da, hura giza eskeletoaren antzerako barne-eskeletoa edo barraskiloen antzerako kanpo-eskeletoa izan daitekeelarik. Bi kasuetan, karekizko eskeletoek uhinak jasaten dituzten egitura zurrunak eratzen dituzte: arrezifeak. Eta arrezifeen osagai nagusia koralak eta zenbait alga-espezie direnenean, arrezifeei koralezko arrezife deitzen zaie.

Arrezifeen oinarri edo ehun biziduna polipopeak -anemona txikien itxurako koralak- dira, eta horiekin batera, edo hobeto esanda horien barnean, fotosintesia egiteko eta Eguzkiko energia elikagai bihurtzeko gai diren izaki txikiak bizi dira: zooxanthellae deritzen zelula bakarreko algak. Berdeak edo horiak diren alga horiek ematen diete kolorea koralei. Baina kolorea emateaz gain bi zeregin nagusi dituzte zooxanthellae ek: nahiz eta koralak haragijaleak diren -zooplanktonez elikatzen dira-, bizitzeko behar duten oxigeno eta energia gehiena alga horien fotosintesiaren albo-produktu moduan jasotzen dute. Bestetik, koralek sortutako kaltzio karbonato berria oinarrizko egiturari lotu ahal izateko ezinbesteko ingurune alkalinoa sortzen dute zooxanthellae ek

. Koralen eta algen arteko erlazioa sinbiotikoa da, hau da, algak koralentzako onuragarriak dira, eta alderantziz. Algei esker koralak bizi eta hazi daitezke eta koralak hazten badira, algen bizilekua handitu egingo da. Izan ere, koral-hesietan oso ohikoak dira organismoen arteko erlazio sinbiotikoak .

Oinarrizko egiturari kaltzio karbonatoa gehituz koralaren eskeletoa hazi egiten da eta, eskeleto handiago hori, kaltzio karbonato gehiago sortuko duten bizidun berrientzako bizileku bilakatzen da. Egoera egokian eta denbora nahikoa emanez gero, pertsona heldua baino handiagoak izatera irits daitezke zenbait koralezko egitura. Batzuen hazte-abiadura ez da urteko zentimetro batera iristen, beste batzuk berriz 10 zentrimetro handitu daitezke urtebetean. Azken horiek, ordea, hauskorragoak izan ohi dira.

Koral-hesiak karekizko eskeletodun organismoen eraikinak baino gehiago dira, ordea. Arrezifeen biodibertsitatearen oinarri-oinarrian itsas belarren zelai zabalak eta mangle zuhaitzen sutraien armiarma-sareak daude. Itsas belar deritzen landareak ez dira algak, benetako sustrai, zurtoin eta hostoak dituzten landareak baizik. Ikertzaileen ustez itsaspeko baldintzetara egokitutako lehorreko landareen ondorengoak diren itsas belarrek zeregin ugari dituzte koral-hesiaren mesederako: biziarentzako ezinbestekoa den oxigenoa sortzen dute; hostoek eta sustraiek sedimentu eta partikulak harrapatzen dituzte eta ura garden gordetzen dute; sutraiek eta izaten dituzten zurtoin horizontalek itsas hondoak olatuen higaduratik babesten dituzte. Eta mangleek beste hainbeste.

Mangleak ingurune tropikaletan hazten diren kostaldeko zuhaitzak dira, nahiz eta batzuetan itsas barnean ere aurkitzen diren, sustraiak ur azpian eta adaburua ur gainean dutelarik. Zuhaitzok ur gazia ur geza bihurtzeko gai dira eta, horri esker, ingurune gazietan bizi daietzke. Batzuek gehiegizko gatza hostoen bidez kanporatzen dute eta beste batzuen sustraiek gatza bera zurgatzea galarazten dute. Mangleek, itsas belarren modura, sedimentuak harrapatu eta ura garden gordetzen dute, baina, aldi berean, hainbat elikagaien ziklo biologikoetan ere parte hartzen dute. Itsas belar eta mangleak koral-hesietako faunaren bizileku dira: babes eta elikagai-iturri dira arrain, itsaski eta arrezifeetan bizi diren animalia askorentzat. Landare horiek gabe, ez legoke arrezifeetako faunarik: sustraien babesean larba txikiak arrain bihurtzen dira eta kostaldeko txoriek ur gainean ikusten diren adarretan egiten dute habia.

Koralezko arrezifeak elkarrekiko menpekotasun handia duten bizidunez osaturiko ekosistema konplexu eta hauskorrak dira eta beste edozein itsas ingurunek baino biodibertsitate-maila handiagoa dute: Lurrean dauden 23 animalia-filumetatik 22 bertan aurki ditzakegu. 100 koral-espezietik gora, ehundaka arrain-espezie eta hamaika belaki, itsas triku eta zizare. Itsaskiak ere ugari dira koralezko arrezifeetan, otarraina besteak beste.

Floridako itsas santutegia gain beherea doa, ordea. Azken urteetan arrezifeen gaixotasunak ugaritu, koralak zuritu eta koral bizidunen geruza murriztu egin dira, algak inbaditzaile izateraino ugaritu dira eta zenbait arrain-espezieren populazioa asko murriztu da. Arrezifeen osasun ezaren adierazgarri dira horiek guztiak. Koralen zuritzea azken urteetan oso kezkagarria bilakatu den fenomeno "naturala" da: uren tenperaturak handiegiak direnean, zooxanthellae algek koraletatik ihes egiten dute eta koralen pigmentua horiek direnez, algarik gabeko koralak zuri geratzen dira. Arazoa ez da kolorea galtzea, ordea. Algarik gabe, koralen elikagai-iturririk garrantzitsuena desagertu egiten da eta zuritzeak denbora gehiegi iraunez gero, koralak hil egingo dira. Itsasoko urek tenperatura-ziklo naturalak dituzten arren, koralen zuritzea oso arazo kezkagarri bihurtu da: azken 20 urteetan 6 zuritze-aldi masibo gertatu dira eta 1998koak, munduko koral asko hil zituen.

Beste fenomeno kezkagarria algak gehiegi ugaltzea da. Zooxanthellae z gain, koraletatik at bizi diren hainbat alga-espezie aurki ditzazkegu arrezifeetan. Alga horiek itsaslasterrek ekarritako nutrienteez elikatzen dira eta nutriente asko dagoenean, azkar ugaritzen dira. Nahiz eta neurrian beharrezkoak diren, horietako alga gehiegi dagoenean koralak eta itsas belarrak estal ditzakete, Eguzki izpiei sarbidea itxiz. Eguzkirik gabe ez dago fotosintesirik eta fotosintesirik gabe ez dago bizitzerik. Zenbait alga-espeziek, gainera, koralen gaixotasunak sor ditzakete.

Koralak zuritu, arrainak, itsaskiak eta itsas belarrak hil eta algak ugaritu. Koralek kalte handiak jasan dituzte azken urteetan eta iragarpen ezkorrenen arabera, koral-hesiak itsasoetaik desagertu egingo dira 2070. urterako. Negutegi-efektua dago arazo horietako askoren oinarrian; kostaldeko eta irletako biztanleen hondakin-uren behar ez bezelako kudeaketa beste hainbaten atzean. Baina gizakiaz kanpoko eragileeak ere izan daitezke koralen gainbeheraren kausa.

Koralak garatzeko beharrezko baldintzak:

  • Argiaren irradiazio handiko azalerak: 2.000 uE/m2 /s
  • Oxigeno-ugaritasuna: 5,0-7,0 mg/l
  • Uhertasun-maila txikia: 0,01-0,10 mg/l
  • Nutriente-kopuru txikiak: 0,01-0,1 uM
  • Tenperatura egonkorrak: 18-30 oC
  • Gazitasun-maila egonkorrak: % 33-36

Koralak eta piratak

Floridako Itsas Santutegiak koloretako landare eta arrainak bezain jatorri naturalekoak ez diren altxorrak ere babesten ditu. Ipar eta Hego Amerika Europarren kolonia ziren garaian, Amerikatik Europarako bidean eta Europatik Amerikarako bidean, itsasontzi ugari pasatzen ziren Floridatik. Eta horietarik zenbait, bertan daude ehortzirik. Floridan eta Karibe aldean hain ugari diren ekaitz tropikalak izan ziren hondoratze askoren errudun, baina koral-hesia ez zen atzean geratu. Arrezifeak non zeuden adierazten zuen lehen mapa osotua 1825. urtean argitaratu zen eta maparik gabe, sakonera gutxiko urak begi-bistaz urrunetik antzematea zaila zen. Horri esker, edo horren erruz, Floridako uretan beste inon baino ugariagoak dira XVIII. mendeko ontzi kolonialak. Gerrek eta itsas guduek ere bere arrastoa utzi dute Floridako itsas hondoetan: Seminola tribu indiarren arteko gudetatik hasi eta Bigarren Mundu Gerrateraino luzatzen diren hondoratzeak. Egun 400 gune arkeologikotik gora daude aztergai Floridako itsas hondoetan, baina beste asko aurkitzeke daudelakoan dira ikertzaileak. Gune horiek historiaren ondarea diren tresna eta abarren gordeleku dira, baina galdutako urre eta harribitxiekin amets egiten duten altxor-bilatzaile askoren irrika ere bai.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia