}

Koltza-olioaren sindromearen eragilea aurkitu dutelakoan

2001/09/21 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


Duela hogei urte, koltza-olio kutsatua kontsumitzeagatik 20.000 pertsona inguru gaixotu eta horietatik 300-400 hil egin ziren. 17.000 inguru lagun oraindik gaixo daude. Koltza-olioaren sindromea deitu zitzaion, eta auziaren arazoetako bat gaixotasuna zein agente edo osagaik eragin zuen jakitea izan zen.

Ikertzaileek sindromea oliba-olio gisa kalean saldu zen koltza-olio industrialak eragin zuela ebatzi ahal izan zuten. Baina inoiz ezin izan da jakin zehazki zein osagai kimikok eragin zuen gaixotasuna. Koltza-olioa anilinaz poluituta zegoela ikusi zen, baina gaixoek azalean eta muskuluetan jasan zituzten sintomak ez datoz bat anilina-pozoitzeek sortzen dituztenekin. Beraz, ikertzaileek urteak eman dituzte sintomak azalduko lituzkeen osagaiaren bila. Orain, badirudi Bartzelonako Biomedikuntza Ikerketetarako Institutuko Margarita Ladonaren taldeak ustezko erruduna aurkitu dutela.

Gorputzak anilinaren deribatuak apurtzen dituenean, 3-(fenilamino)propano-1,2-diol (PAP) sortzen da. PAPa saguei injektatuta andeatu egiten da parazetamola eta honen oso antzeko den 4-amonifenola emanez.

Baina bi substantzia hauek ez lirateke agertuko aurretik PAPa berak iraupen laburreko baina potentzialki toxikoak diren kinonaminetan transformatuko ez balitz. Eta hau izan daiteke horrenbeste heriotza eragin duen gai kimikoa.

Kininaiminak organoetara doazen zainetako azaleko zeluletan sortuko ziratekeen; horietan hantura sortuko zukeen eta sindromearen parte den gorputzaren sistema immuneaz baliatuko zatekeen erasoa gorputz osora hedatzeko. Kininaminoak parazetamolak gibelean sortzen duen moduko toxikotasuna izan dezake, baina koltza-olioaren sindromean toxikotasuna gorputz osoko arteria eta benen azaleko zeluletara hedatzen da.

Ikertzaileak hainbat gaixok horrelako substantzien andeatzean zerikusia izan zezaketen gene akastunak dituztela ohartu ziren urte hasieran. Gaixoen familiartekoek ez dute zertan gene hori izan; horrek azalduko luke zergatik ez ziren gaixotu olio bera kontsumitutako familia bereko kide guztiak.

Aurkikuntza ekarpen garrantzitsua izan daiteke eta orain, besteak beste, literatura zientifikoa arakatu beharko da zehatz-mehatz jakiteko kinonaminoen toxikotasuna zenbatekoa den.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia