}

Kirol-markak mugatik gertu

2006/02/12 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Azken urteotako kirol-markak ikusita, badirudi gizakia mugara iristen ari dela. Hau da, geroz eta errekor gutxiago egiten dira. Ondorioz, zenbait adituren ustean, kirolariak, eta batez ere atletak, marka onenen mugara iristen ari dira.
Gaur egun inoiz baino korrikalari profesional gehiago dago; asko munduko errekorrera hurbiltzen dira, baina errekorra egitea beste kontu bat da.

Seguru esaterik ez dago, etorkizuna iragartzea izango bailitzateke, baina, orain artekoa ikusita, gizon-emakumeak euren muga fisikora iristen ari dira kiroletan. Oso une gogorra da hau: ikaragarri zaila da errekor bat egitea, lan asko egin behar da, gogor entrenatu.

Azkeneko hamarkadetan atletismoan zer errekor egin diren aztertu du Britainia Handiko aditu-talde batek. Izan ere, atletismoaren historia batez ere XX. mendeko historia da. Mende guztian izan diren errekorren erregistroa daukagu atletismoan.

Hala, 1910. urtetik hona izan diren munduko errekor guztiak izan dituzte kontuan, 800 metroko lasterketan, maratoian, eta tarteko neurria duten lasterketa guztietan.

Lasterketen bilakaera

Hasieran atletak ez ziren profesionalak. Gero, ordea, eta erregistroek hala erakusten dute, entrenamenduak serio samar egiten hasi zirenean, aurrerakada handia egin zen. Kirolari profesionalak ugaritzen hasi ziren. Gainera, garai hartan dagoeneko epaileak zituzten neurketak egiteko, tresneria nahiko egokia zerabilten (batez ere lasterketetako denborak neurtzeko kronometroak) eta abar.

Estatistikak kontuan izanda, adituek uste dute korrika-lasterketan gertu dagoela errekorren muga.

Horrela, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, bizimoduak ere hobera egin zuen, eta errekor asko egin ziren. Eta, materialei dagokienez ere, aurrerakada nabaria izan zen —gerrarako egindako ikerketak berak ere eragina izan zuen kirolerako materialetan—.

Duela hogei urtetik hona, ordea, kirol-markak ez dira hain sarri hobetu —adituen esanean, markek S itxurako kurba bat egin dute, eta orain kurbaren amaierara iristen ari dira—. Inoiz baino kirolari profesional gehiago dago, materialak etengabe hobetzen dira, entrenamendu-teknikak asko zaintzen dira, kirol bakoitzerako eta kirolari bakoitzarentzako entrenamendu eta dieta egokiena bilatzen dira, kirolaria psikologikoki ondo prestatzen da... eta, hala ere, badirudi giza gorputza mugara iristen ari dela, eta inguruko aurrerapenak ez direla nahikoa kirol-markak astintzeko.

Lehen, hobekuntza txiki batek ( materialean , esate baterako), errekor bat zekarren. Gaur egun ez, ordea. Orain faktore guztietan asko hobetu behar da (materialetan, entrenamenduan...) errekor bat egiteko.

Emakumeak eta gizonezkoak berdintsu

Dirudienez, errekorren moteltzea ez da genero-kontua : emakumeen zein gizonezkoen markak, bienak, ari dira mantsoago hobetzen. Dena dela, adibide moduan emakumeen 1.500 metroko lasterketa jarri dute: azken 20 urteotan behin baino ez da egin errekorra. Horregatik, aipatu dute litekeena dela emakumeak mugatik gertuago egotea.

Atletismoan, gainerako kiroletan bezala, hainbat errekor egin dira materialetan izan diren hobekuntzei esker.

Kaleratu duten txostenaren arabera, gizonezkoak 2020 eta 2060 urteen artean iritsiko dira mugara, gaurko markak % 1 edo % 3 hobetu ondoren; hau da, zertxobait azkarragoak izango dira lasterkariak datozen urteetan, baina ez da izango sorpresa handirik.

Etorkizuna ezin iragarri, baina badirudi hobekuntza, izatekotan ere, materialek ekarriko dutela: estadioko tartana, oinetako bereziak... Materialek eta entrenamenduen azterketak teknologia berriekin. Baina argi dago hemendik aurrera hobekuntzak xumeak izango direla, eta halako batean mugarekin egingo dugula topo.

7K-n argitaratua.