}

Itsutasunaren erruduna, bakterioa

2002/03/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Afrika erdialdean eta Arabiako eta Hego Amerikako hainbat eremutan oso hedatuta dago onkozerkosia izeneko gaitza. Berria eman duen Nature aldizkariaren web gunean azaltzen denez, 17 milioi pertsona inguruk du gaitza. Sintoma nabariena hantura da, eta begietan gertatzen denean, kornea lausotzen du; ondorioz, kataratekin gertatzen den bezala, gaixoa itsutu egiten da.

Onkozerkosiaren eragilea Onchocerca volvulus bizkarroia dela uste izan da orain arte. Izan ere, bizkarroiaren faseetako bat mikrofilaria-moduan da, eta sistema immunearen gehiegizko erantzuna (eta ondorioz, hantura) hildako mikrofilarien zatiek eragiten zutelakoan zeuden zientzialariak. AEBetako Case Western Reserve Unibertsitateko ikertzaileek, ordea, bizkarroiak garraiatzen duen Wolbachia bakterioak ere gaixotasunean parte hartzen duela jakin dute.

Bakterio hori ohikoa da, bai bizkarroi horretan bai beste intsektu eta bizkarroi batzuetan ere. Onkozerkosiaren kasuan, bizkarroiak ugaritzeko bakterioaren beharra duela ikusi da. Ikerketa genetikoki eraldatutako saguekin egin da, eta bakteriorik gabeko bizkarroiak ez duela gaixotasun larririk sortzen frogatu da. Gainera, begian Wolbachia -rekiko bereziki sentikorra den errezeptorea aurkitu dute; hain juxtu, errezeptore hori ezinbestekoa da sistema immunearen erantzuna emateko.

Ikerketaren emaitzak zuzenak badira, antibiotikoak oso baliagarriak izan daitezke gaixotasunaren aurka. Hala ere, ikertzaileak beldur dira horrek ez ote duen bakterioa botikarekiko erresistente bihurtuko; hala gertatuz gero, bakterioa are kaltegarriagoa bihurtuko litzateke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia