}

Natura harrigarria

2001/05/15 Elhuyar Zientzia

Asobara tabida liztorrak ez du aukerarik, ondorengoak izatekotan Wolbachia bakterio bizkarroiarekin bizi behar du. Aurkikuntza Frantziako Villeurbanne Unibertsitateko Frank Dedeine eta Claude Bernard ikertzaileek egin dute, liztorraren larbak bakterioa hiltzeko antibiotikoarekin tratatzen ari zirela. Harrituta, antibiotikoz tratatutako larba emeek hazitakoan arrautzak ekoizteko gaitasunik ez zutela ikusi zuten.

Wolbachia bakterio bizkarroiak ornogabe asko eta asko kutsatzen ditu eta horien ugalketan parte hartzen du. Bakterioa kutsatutako emeek ipinitako arrautzen bidez transmititzen da belaunaldiz belaunaldi eta bizirauteko makina bat estrategia harrigarri erabiltzen ditu. Adibidez, espermaren bidez transmititzen ez denez, kutsatuta ez dauden emeek eta kutsatutako arrek ondorengoak izatea eragozten du. Alderantzizkoa ez, ordea; horrela, espezie horren ondorengoak ere kutsatuta egongo direla ziurtatzen baitu. Zenbaitetan, Wolbachia bakterioa gai da arra izango den larba eme bihurtzeko.

Asobara tabida liztorraren kasuan, espezie ostalariaren ugalketaren gaineko kontrola are handiagoa da oraindik, bizkarroirik gabeko arrautzak ez baitira garatu ere egiten. Bizkarroirik gabe, liztorra antzutu egiten da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia