}

Iruzur objektiboak

2010/03/18 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Lan txar bat egin izana leporatuta, horrelaxe defendatu du akusatuak egindakoa: "Hilabetez aritu nintzen artikulua prestatzen, eta aitortu behar dut ez nekiela ezer gaiari buruz, baina hainbat gauza garbi nituen. Lehenengoa, bi aldeekin hitz egin behar nuela; aldekoekin, eta kontrakoekin. Bigarrena, nik ez nuela inolako ondoriorik aterako, irakurleak aterako zituela bereak. Eta hirugarrena, homeopatian espezializatutako medikuntza-lizentziadunekin bakarrik hitz egingo nuela".

Profesional zuzen eta objektiboaren eskuliburuari behar den bezala jarraitzen ari zitzaiola konbentzituta hartuko zituen erabakiok kazetariak, baina astebete geroago, errudun deklaratu du haren egunkariko irakurlearen defendatzaileak, hau esanez: "Ebidentzia zientifikoa ez da iritzi-kontu bat eta, zehaztasun zientifikoa nahi bada, ezin da berdina balitz bezala tratatu argi eta garbi desberdina dena, ez eta autoritate-maila bera aitortu frogatu duenari eta ez duenari".

Kazetaritzan (eta baita gizartean ere) oso zabalduta dagoen joera baten adibide argia da El País egunkarian asteotan gertatutakoa. Kazetariak homeopatiaz idatzi behar zuen, eta berdintasunez eman zien hitza bi aldeetako ahotsei, objektibotasunaren izenean; inpartzial jokatzeko. Eta ondo beharrean, gezur zientifiko bat erditu zen ustezko egia periodistiko batetik. Gogoan dut, halaber, joan den urteko beste anekdota adierazgarri bat. Irrati batetik deitu ziguten, eboluzioa defendatuko zuen zientzialari baten izena eskatzeko. Izan ere, eboluzioaren teoriaz hitz egin nahi zuten irratsaioan, Darwinen urtea zenez gero, eta ordurako bazuten kreazionista bat; ez, ordea, eboluzionistarik.

Anekdotaren plurala ez dira datuak, eta ez da zutabe honen helburua kazetariari harrika egitea. Harrika hastekotan, gainera, geuri buruari egin beharko genioke aurrena, objektibotasunaren tranpa horretan eroritakoak baikara gu ere. Indartsua baita, izan ere, inpartzial usteko meme hori: zuzen eta garden jokatzen ari garela sentiarazten gaitu, justu kontrakoa egiten ari arren. Ondo esaten du Perez Oliva irakurlearen defendatzaileak joan den igandean argitaratutako artikuluan bertan: "Ikuspegi-arazo orokor bat dauka (kazetariaren) artikuluak: zientzia-kazetaritzan ez dago tokirik frogatutako eta frogatu gabeko teorien arteko erdibideko jarrerentzat".

Beste kontu bat izango da frogatutako eta frogatu gabeko teoriak bereizten asmatzea, eta hori egin ahal izateko erreminta egokiak eskura izatea. Kasu guztietan ez baita lan erraza, eta batzuetan ez baita posible izango. Ikertzeko, argitaratzeko eta emaitzen zuzentasuna bermatzeko zientziak ezarritako metodoak ez dira hutsik gabekoak. Eta asko dira gaizki egin zirelako edo gutxieneko eskakizunak betetzen ez zituztelako argitaratu ondoren ere baztertu diren emaitzak. Baina homeopatiaz, eboluzioaren teoriaz, astrologiaz, power balance eskumuturrekoez edo erreflexoterapiaz ari garenean, ezinbestekoa da garbi izatea zeinek izan behar duen abiapuntua, eta inpartzialtasunaren zeroa non dagoen. Eta horretarako uko egin behar diegu objektibotasunaren parametro iruzurtiei; eta beldurrik gabe bota memelokerien zakarretara. Iritzi guztiek ez dutelako errespetua merezi, froga zientifikoak ez direlako iritziak, eta gai bati buruzko informazio osatua ez delako, definizioz, aldeko eta kontrako ikuspegien bilduma bat. Pozgarria izan da El País egunkarian halako hitzak irakurtzea irakurlearen defendatzaileari. Hitzok hiru bider kopiatuta adierazi zuen bere poza Javier Armentia astronomo eta dibulgatzaileak bere blogean igandean. Mila aldiz errepikatutako gezurra egia ez baina gezur indartsua bihurtzen denez gero, utziko didazue beste behin kopiatzea nik.

Berria egunkarian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia