}

Zientziak berrien % 1 baino ez du hartzen EAEko egunkarietan

2004/07/05 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia | Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Elhuyar Fundazioak egindako azterketa baten arabera, Gara , Berria , El Diario Vasco , Deia eta El Correo Español egunkarietan argitaratutako zientzia-berriek argitaratutakoaren % 1 hartu dute 2003ko azarotik 2004ko apirilaren bitarteko epean.

Epe horretan argitaratu diren zientzia- eta teknologia-berriak hartu, kazetaritza-generoaren arabera sailkatu, gaika multzokatu, informazioaren iturriak zein diren aztertu eta Erkidegokoak edo kanpoko albisteak diren begiratu dugu. Horrekin guztiarekin, zientzia- eta teknologia-gaiek eguneroko idatzizko komunikabideetan duten presentzia eta garrantzia neurtu nahi izan dugu.

Epe horretan, 1.252 artikulu argitaratu dira EAEko bost egunkari horietan.

Berria, Gara eta El Correo Español egunkarien kasuan, zientzia eta teknologiari buruzko artikulu gehienak egile jakin batzuek idazten dituzte. Dena dela, egunkariek ez dute zientzia-formazioa indartzen (kazetari zientifikoaren figura ez da ohikoa). Joera handia dago sinatu gabeko artikuluak argitaratzeko.

Iritzi-artikulu gutxi izan dira, 18 besterik ez. Beraz, nahiz eta ematen dioten lekua geroz eta handiagoa izan, iritziaren alorrean zientziak hartzen duen garrantzia txikia da. Horrek adierazten du egunkariek ez diotela ematen beste esparru batzuei ematen dieten tratamendua, politikari, administrazioari, ekonomiari eta kirolei ematen dietena, esaterako. Gainera, iritzi-artikuluetan ikertzaileen iritziek pisu gutxi dutela ikusi dugu.

Hala ere, ikerketa horren datu-bilketa bukatu ondoren, zientzia-gaiei buruzko iritzi-zutabe bat jarri du martxan Berria egunkariak. Zutabe hori urteetan egin zen Egunkaria -n, eta, orain, berreskuratu egin nahi dute argitalpen berrian. Zutabea maiatzaren 6tik ari dira argitaratzen, astean behin; kontuan hartu behar da ikerketa horretarako datu-bilketa apirilaren 30ean bukatu zela.

Bestalde, zientzia-albisteak sartu ala ez erabakitzeko, kanpoan ematen zaion indarra hartzen da kontuan, hau da, ‘girotzen’ bada komunikabideek erantzun egiten dute. Oro har, egunkarietan ez dute garrantziaren baloraziorik egiten, ikuspuntu zientifikotik alegia; aitzitik, balorazio hori kanpotik emanda dator. Lan hori beste batzuek egiten dute: agentziek, agintariek, aldizkari espezializatuek eta kongresuetako edota hitzaldietako parte-hartzaileek, besteak beste. Prentsa-kabineteak eta informazio-zerbitzuak ere horren erantzule dira, horiek daudenean komunikabideek hobeto erantzuten baitute.

Sei hilabete hauetan egunkarietan garrantzi edo oihartzun handia izan duten hainbat ikerketa-lerro ere aurkitu ditugu, besteak beste, Marteri buruzko ikerketa eta hegaztien gripea. Oro har, Marteri buruzko ikerketak oihartzun handia izan du bost egunkarietan. Eta Euskal Autonomia Erkidegoko albisteei dagokienez, aipatzekoak dira, besteak beste, Zientziaren Asteak eta Euskadi Ikerketa Sariak egunkarietan izan duten presentzia.

Proiektu hau Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Politikarako Zuzendaritzak finantzatu du.

Txosten osoa desakargatu .

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia