Ingurumenari buruz komunikatzeko Elhuyarren dekalogoa
2023/06/07 Elhuyar Zientzia
Aurrekaririk gabeko ingurumen-larrialdi baten aurrean gaude, aldaketa global baten aurrean. Klima-larrialdia, biodibertsitatearen galera, desertifikazioa, kutsadura eta baliabide naturalen xahutzea dira haren sintoma batzuk. Eta dagoeneko ez dago zalantzarik larritasunaz: Nazio Batuen Erakundearen arabera, lurraren 120.000 km2 basamortu bihurtzen dira urtero. Ondorioz, 5 urtetik beherako 75 milioi haurrek gosea pasatzen dute, eta, 2020an, 30 milioi errefuxiatu klimatikok utzi behar izan zuten beren herria.
Ez da krisi ekologiko soil bat. Krisi sozial, ekonomiko zein sanitarioak gurutzatzen zaizkio, elkar elikatuta. Beraz, krisi ekosozial konplexu baten aurrean gaude, eta gizarte mailako hausnarketa sakona behar du.
Elhuyarrek gizarte aktiboa eta kritikoa eraikitzeko egiten du lan, eta, zeregin horretarako, oinarrizkoa da ebidentzia zientifikoetan oinarritutako informazio xehea gizarteratzea. Zientzialariek, gizarte-eragileek, hezkuntzako eragileek eta zientzia-dibulgatzaileek elkarlanean egindako prozesu baten ondoren, ingurumenaren komunikaziorako dekalogoa sortu du Elhuyarrek. Komunikazio arduratsua eta, era berean, sozialki eraginkorra egitea da helburua. Hausnarketarako proposamena izan nahi du dekalogo honek, zuzenean interpelatzen gaituen gai konplexu honetan, lanketa luze baten abiapuntua. Dekalogoa deskargatzeko, sakatu hemen.
1. Sistema konplexua denez, begirada osagarriak integratu: osasuna, berdintasuna, ingurumena, arlo soziala, ekonomikoa, politikoa, teknologikoa, filosofikoa, psikologikoa, ekologikoa, etikoa… Larrialdiaren jatorriak eta eraginak askotarikoak direnez, ezinbestekoa da diziplinartekotasuna.
2. Arazoen eta irtenbideen adibide lokalak eman, baina ez galdu eskala globalaren ikuspegia. Galdera berdinek erantzun desberdinak dituzte, eskalaren arabera. Eskala lokalerako balio duenak ez du zertan baliagarri izan eskala globalerako, eta alderantziz.
3. Ez izan katastrofista. Baliatu etorkizun desiragarriak irudikatzeko. Errealitate larriaren berri eman, baina irtenbide posibleetan jarri arreta. Ingurumen-larrialdiak aldaketak egitera behartuko du gizartea, baina eraldaketa sozialerako potentziala ere badu.
4. Justiziaren dimentsioa eztabaidara ekarri. Ingurumen-krisien eta injustizia sozialen artean lotura zuzena dago. Jatorri bera dute biek: botere-abusua. Irtenbideak bilatzeak baliabideak ekitatez banatzea ere eskatuko du.
5. Aldendu narratiba eurozentristatik. Hemengo ekonomiak, osasungintzak, teknologiak eta zientziak ikuspegi oso eurozentrista dute. Baita ingurumen-larrialdiari aurre egiteko proposatzen diren irtenbide askok ere.
6. Baztertu begirada hertsiak, hala nola androzentrismoa eta antropozentrismoa. Arretaz zaindu ingurumen-larrialdiaren komunikazioak genero-ikuspegia txertatzen duen edo begirada androzentristari begirada unibertsal modura iraunarazten dion. Ikuspegi antropozentristak ere naturaren funtzionamendua ulertzea galarazten du.
7. Denok dugu zer egina, baina ez erantzukizun bera. Ez dute erantzukizun bera Ipar hemisferioko eta Hego hemisferioko herrialdeek, ezta agintari eta herritarrek ere. Datuak eman eta bakoitzari dagokion erantzukizun-maila eskatu.
8. Irtenbidea soziala eta politikoa da, ez soilik teknologikoa. Teknologia beharrezkoa da, baina ez da inoiz nahikoa izango gizakiak planetaren gainean duen jarrera higatzailea baztertzeko. Adi teknologiaren potentzialaren aitzakian benetako eztabaida saihesten duten narratibekin.
9. Naturaren balioak transmititu: bizitza erregulatzea, ongizatea, zaintza, erantzukizuna, oparotasuna, lurraldearen kustodia… Hiru planoak bereizi: balio instrumentalak (biodibertsitatea planetaren bizitza-asegurua da), balio intrintsekoak (ekologikoak) eta harreman-balioak (gizakiok naturarekin lotzen gaituzten harremanak).
10. Osasun Bakarra: kalitatezko bizimodua izateko, ezinbestekoa da kalitatezko ingurumena. Espezie bakoitzak funtzio jakin bat du ekosistemaren sare konplexuan; hortaz, elkarren mendeko gara bizidunak, interdependenteak. Erabat lotuta daude gizakion osasuna, animalien osasuna eta ingurumenaren osasuna.
11. Zalantzan jarri gure sistema ekonomikoan errotutako kontzeptuak: globalizazioa, etengabeko hazkunde ekonomikoa, jaiotza-tasa handitu beharra… Ongizatearen iruditeria berriak sortzen lagundu.
12. Eman hitza mugimendu sozialetatik datozen proposamenei. Besteak beste, ekofeminismoari, gazte-mugimenduei eta lekuan lekuko ezagutza tradizionalari. Haiei ebidentzia zientifikoetan oinarritutako informazioa ematea, gizartea eragile bihurtzeko erreminta ere bada.
13. Ikuspegi kritikoa izateko baliabideak eman, eta negazionismoak hartzen dituen formak identifikatu: “beti gertatu dira aldaketak kliman”, “zientzian ez dago erabateko kontsentsurik”, “teknologia berdeak dira klima-larrialdiari aurre egiteko irtenbidea”, “ez dago zereginik”, “espezieak desagertzea normala da”…
14. Euskaraz komunikatu, jasangarritasuna sustatzeko. Tokian tokiko hizkuntza gutxituek arbasoek naturaren gainean zuten ezagutza globala biltzen dute, eta, ondorioz, memoria ekologikoaren gordailu dira. Orain eta hemen, euskara erreminta baliagarria da naturarekiko atxikimendua indartu eta jasangarritasunaren aldeko eragile bihurtzeko.
Dekalogoa deskargatzeko, sakatu hemen. Eta zabalago, eduki bakoitza hemen jarraian:
1. Sistema konplexua denez, begirada osagarriak integratu
Gainbehera global baten aurrean dago planeta: klima-larrialdia, biodibertsitatearen galera, kutsadura, baliabide naturalen xahutzea, gizarte-desberdinkeria globala eta zaintzen krisia dira haren sintoma batzuk. Ez da ingurumen-krisi soil bat; krisi sozial, ekonomiko eta sanitarioak gurutzatzen zaizkio. Krisi ekosozial konplexu baten aurrean gaude.
Haren jatorri eta eraginak askotarikoak direnez, diziplinartekotasuna ezinbestekoa da egoera ulertzeko eta konponbideak bilatzeko. Begirada horiek guztiak integratu behar ditu ingurumen-larrialdiaren komunikazioak ere: osasuna, ingurumena, arlo ekonomikoa, soziala, teknologikoa, filosofikoa, politikoa, psikologikoa, ekologikoa, etikoa…
Askotan, faktore sozioekonomikoek, ingurumenekoek eta abarrek elkarri eragiten diete, eta interakzio horrek areagotu egiten ditu ondorioak. Sindemia deitzen zaio horri, zenbait epidemiaren arteko sinergia gertatzen delako. COVID-19a izan da adibide bat, osasun-krisia, ingurumen-krisia eta krisi soziala elkartu baitziren, OMEren arabera. Neurri medikoak bakarrik hartzea ez zen nahikoa izan; ezinbestekoa zen neurri sozialak, ekonomikoak, ekologikoak eta politikoak ere hartzea. Ingurumen-larrialdiaren kasuan ere, horietatik guztietatik heldu behar zaio.
Diziplinartekotasuna eta zeharkakotasuna ez dira nahikoa, ordea. Intersekzionalitatearen ikuspegia ere txertatu behar da. Larrialdiari aurre egiteko proposamenak egitean, galdera hauek egitea komeni da: Norentzat dira onurak? Nork proposatu ditu? Zertarako proposatu dira? Badakarte kalterik norbaitentzat?
Hori egin ezean, litekeena da proposatzen diren irtenbideak botere-harreman batetik egitea, eta ez kontuan hartzea mendebaldeko kultura eta ikuspegia, maskulinitatea, heteronormatibitatea, aberastasun ekonomikoa eta zuritasuna gorpuzten ez duten pertsonen errealitateak. Inor atzean utziko ez duten proposamenak direla ziurtatzeko, ikuspegi intersekzionala txertatu: generoa, etnia, klase soziala, adina, orientazio sexuala, desgaitasunak eta beste kategoria sozial batzuk elkarrekin nola gurutzatzen diren aztertu, ez daitezen diskriminazio-egoera anizkoitzak gertatu.
2. Arazoen eta irtenbideen adibide lokalak eman, baina ez galdu eskala globalaren ikuspegia
Ez da erraza ulertzea zer dimentsio hartuko duten klima-larrialdiaren ondorioek, urruti gertatzen badira eta ez badira zuzenean pairatzen. Zaila da dimentsionatzea, adibidez, Afrikan eragin dituen lehorteek zer nolako goseteak ekarri dituzten. Urrutiko adibideak abstraktuak egiten dira, eta eraginkorragoa da norberak gertuko senti ditzakeen adibideak erabiltzea, errealitatearekin konektatzeko: espazioan gertuko diren adibideak, egoeraren larritasunaz jabetu eta norbere arazoa eta erantzukizuna ere badela ikusarazteko; eta denboran gertuko direnak, oraina dela ikusarazteko, eta ez etorkizuna. Beraz, baliatu tokian tokiko eta unean uneko adibideak, ahal den guztietan.
Alabaina, irtenbideak proposatzean, garrantzitsua da eskalaren kontzeptua argi izatea. Izan ere, larrialdiak eskala planetarioa du, eta aintzat hartu behar dira kultura, egoera sozioekonomiko eta ekosistema guztiak, irtenbidea eraginkorra izango bada. Galdera berdinek erantzun desberdinak dituzte, eskalaren arabera: eskala lokalerako balio duenak ez du zertan baliagarri izan eskala globalerako.
Esaterako, Europan proposatzen denak ez du zertan baliagarri izan Amazonian; edo Euskal Herrian bertan, Ipar Euskal Herrian garatutako politikek (izan laborantzaren eremuan edo etxegintzan, esaterako) ez dute zertan balizkoak izan Hegoaldean. Era berean, ikuspegi urbanozentristatik proposatzen denak balio al du landa-eremuetan? Edo maila sozioekonomiko altuko herritarrentzat baliagarri ikusten denak hartzen al ditu aintzat egoera sozioekonomiko apaleko pertsonen beharrak eta errealitateak? Ez galdu inoiz eskalaren perspektiba.
3. Ez izan katastrofista. Baliatu etorkizun desiragarriak irudikatzeko
Kontuz ematen den mezuarekin. Egoera larria da, baina ez itzulezina. Ezkortasun handia transmititzen bada, jende askorentzat paralizatzailea izan daiteke, eta ekoantsietatea eragin diezaieke; beste batzuek, ordea, heriotzaren aurrean bezala, azken egunak aprobetxatzeko gogoa senti dezakete, eta baliabideak are gehiago xahutzeko joera izan; kasurik onenean ere, etorkizuna nolakoa izango den ezin irudikatzeak aldaketarekiko erresistentzia eragin dezake. Beraz, gehiegizko ezkortasuna saihestu behar da.
Komunikazio eraginkorra lortzeko, gogoratu gako garrantzitsu hauek: (1) naturak ikaragarrizko gaitasuna du leheneratzeko; eta (2) irtenbideetan jarri behar da azpimarra.
Hori bai, irtenbideak ez dira erosoak, eta ez ezkutatu deserosoa izango dela. Agian, klima-aldaketa onartzeak dolua egitea eskatuko du; orain arteko pribilegioak galduko ditugula onartzea. Doluak espazioa, denbora eta izena beharko ditu.
Aitzitik, aldaketa sozialerako motor modura ere erakuts daiteke ingurumen-larrialdia. Ongizatea eta justizia berrikusteko aukera bat da. Sistema ekonomiko kapitalistaren ondorioez hausnartzeko abagunea. Gero eta zientzialari gehiagok desazkundea proposatzen dute ingurumen-larrialdi globalari aurre egiteko irtenbide gisa: hazkunde ekonomiko mugagabeari uko egin, eta gizarte honetako produkzio- eta kontsumo-ereduak aldatzea. Jasangarritasuna eta giza ongizatea hobetu ditzakeela diote, hausnarketa sakon bati helduz gero. Baliabideen eta bizitza-kalitatearen banaketa global berdinzalea lortzeko aukera emango luke.
Desazkundeaz hitz egitean, berariaz desberdindu desazkundea, endekapen edo gainbeheraren sinonimo moduan (energetikoa, materiala zein ekonomikoa), eta Desazkundea, mugimendu sozial eta proposamen politiko moduan ulertuta. Izan ere, lehenengoak ekarriko lukeen krisiaren eta gatazkaren aldean, bigarrenak beherakada hori modu kontrolatu eta demokratikoki planifikatu batean egitea proposatzen du, maila globalean justua izan dadin. Orain arte pribilegioduna izan den ipar globala txikitzea eskatuko luke, beste giza talde batzuek hazteko aukera izan dezaten. Nolanahi ere, desazkundearen kontzeptua izendatzeko modua eztabaidan dago oraindik.
4.Justiziaren dimentsioa eztabaidara ekarri
Ingurumen-krisien eta injustizia sozialen artean lotura zuzena dago. Batzuetan zaila da ikusten, baina jatorri bera dute biek: botere-abusua. Esparru sozioekonomiko eta geopolitikoan gertatzen diren gatazkek eragiten dituzte, zeharka. Eta gatazka horien ondorioak, planetak ez ezik, gizaki askok ere pairatzen dituzte: herrialde boteretsuek eragindako zapalkuntzak; pobrezia; genero-arrakala; arraza-, kultura- zein erlijio-identitateagatik gertatzen diren bazterketak; hezkuntza-, osasun- eta elikadura-sistemetan azaltzen diren gabeziak…
Beraz, ingurumen-larrialdiari heltzeak hura eragin duten auzi sozioekonomiko eta politikoak errotik erauzi eta bakearen kultura barneratzea eskatzen du, ezinbestean. Onartuta bakea ez dela gatazkarik eza, injustiziarik eza baizik.
Asko dira klima-larrialdiak azaleratzen dituen injustiziak. Besteak beste, herrialde aberastuen eta txirotuen arteko auzia. Ipar hemisferioko herrialdeek besteen baliabide naturalak kontrolatzen dituzte, eta, ondorioz, herrialde txirotuek etorkizuna baldintzatua dute. Ezin dituzte beren aberastasunak kudeatu, nahiko luketen bezala garatzeko; ez ekonomikoki, ez sozialki. Era berean, herrialde aberastu horiek klima-aldaketan izan duten arduraren eraginez, hegoa gogor pairatzen ari da ondorioak, baina, orain, ipar globalak ditu baliabide finantzario eta teknologikoak eskura klima-larrialdiaren aurrean neurriak hartzeko.
Euskal Herrian bertan ere azaleratzen da justiziaren dimentsioa; besteak beste, energiaren alorrean. Parke eoliko bat sortuko dela komunikatzen denean, zalantza eta kezka ugari aireratzen dira: inpaktu bisual eta ekologikoa handia izanik, non jarri parkea? Haize-errotak jartzeko erabakiak ba ote du atzean kontsumo energetikoa murrizteko politika eraginkor bat? Edo energia sortu eta kontsumitzeko gaitasuna handitzeko helburu hutsez ezartzen dira?
Bestetik, justiziaren beste dimentsio bat ere azaleratzen du ingurumen-larrialdiak: belaunaldien arteko justizia. Etorriko diren belaunaldiek planeta osasuntsu batean bizitzeko eskubidea dute.
Beraz, irtenbideak proposatzean, ezinbestekoa da justiziaren dimentsio horiek guztiak aztertzea, betiere bi plano argi bereizita: etikoa (ez dena negoziagarria, oinarrizko eskubideak daudelako jokoan) eta instrumentala (konponbiderako erabilgarria dena baina negoziagarria dena).
5. Aldendu narratiba eurozentristatik
Zabaltzen dugun zientzia eurozentrista da, nagusiki. Maiz, ez ditu kontuan hartzen munduko errealitate asko eta askotarikoak; planteatzen dituen auziak ez dira esanguratsuak munduaren hiru laurdenentzat. Beraz, mendebaldeko zientzia ez da zientzia unibertsala.
Barruraino txertatua du ikuspegi eurozentrista: finantzatzen diren Europako proiektuak interes politikoekin lerrokatuta daude; egiten dituen galdera zientifikoak eta mundua interpretatzeko modua eurozentristak dira. Komunikatzaile gisa, garrantzitsua da narratiba eurozentrista horiek identifikatzea eta haien bozgorailu ez bihurtzea. Baita haietako askoren bidegabekeriak seinalatzea ere.
Esaterako, ekonomia berdeak zentzua izango badu, eskala txikian ezarri behar da. Eskala globalean ezarriz gero, ez da jasangarria. Ikuspegi eurozentristari uko egiteak eskatzen du munduko beste kultura eta iritzi batzuk ere aintzat hartzea, arazoak identifikatzean zein irtenbideak proposatzean. Adi ibili, zabaltzen den diskurtsoak ez ditzan betikotu ingurumen-larrialdiaren oinarrian dauden egiturazko injustizia sozialak. Kolonialismo berdea zuritu dezake, besteak beste. Lurraren azaleraren % 30 babestuko dela erabakitzean, adibidez, garrantzitsua da kontuan hartzea babesteak ez duela zertan ekarri bertako indigenak kanporatzea; haien aurkako bidegabekeria historikoak errepikatzea litzateke hori. Alderantziz, indigenak barne hartzen dituen babes-eredu baten alde egin behar da, haien bizimodua biodibertsitatea zaintzeko bermea dela frogatu baita.
6. Baztertu begirada hertsiak, hala nola androzentrismoa eta antropozentrismoa
Ebidentzia zientifikoek erakusten dute korrelazio argia dagoela klima-aldaketaren eta generoaren artean. Larrialdiaren ondorioak bereziki larriak dira emakume eta neskatila pobreentzat, adineko emakumeentzat, LGBTIQ+ kolektiboko pertsonentzat, dibertsitate funtzionalen bat dutenentzat, emakume migratzaileentzat eta landa-eremuetan bizi direnentzat. Egoera arruntetan ikusezinak badira, are gehiago larrialdi-egoeretan.
Ikerketa eta politika klimatikoek genero-ikuspegia jaso behar dute, emakumeek sistema androzentristan pairatzen duten zaurgarritasuna kontuan har dezaten. Begirada maskulinoari begirada unibertsal modura iraunarazten badiogu, ikusezin jarraituko dute emakumeen eta bestelako talde zaurgarri batzuen ezaugarriek eta beharrek.
Trantsizio ekosoziala eraginkorrak izango bada, emakumeak erdigunean izan behar ditu, aldaketaren eragile aktibo bihurtuta eta eztabaida ardaztuta. Begirada osagarrien ikuspegia txertatzea ezinbestekoa da ingurumena hobeto zaintzeko, pobrezia murrizteko eta Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko.
Are gehiago, jasangarritasunak gure espeziearen begirada antropozentrista hertsiari ere uko egitea eskatzen du. Antropozentrismoa oso errotuta dago gure gizartean: sinistuta gaude gizakia izadiaren erdigunean dagoela, eta gainerako bizidunak beraren zerbitzura daudela. Ikuspegi horrek naturaren funtzionamendua ulertzea galarazten du, gizakia, naturaren erdian egotetik urruti, makinaria konplexu baten engranaje bat besterik ez baita.
Ekosistemen sare konplexuan, espezie bakoitzak funtzio jakin bat du: batzuk polinizatzaileak dira, beste batzuek materia deskonposatzen dute, beste batzuek lurzorua sortzen dute… Eta denen ekarpenari esker funtzionatzen du sistemak. Ekosistemek nola funtzionatzen duten ulertzea ezinbestekoa da bizidunak interdependenteak garela barneratzeko, gizakiok beste espezieen mendeko dela ikusteko. Beraz, ekologiaren ezagutza zientifikoa zabaltzeak lagundu dezake mendebaldeko gizartearen antropozentrismoa deseraikitzen eta benetako trantsizio ekosozial eraginkor bat bideratzen.
7. Denok dugu zer egina, baina ez erantzukizun bera
Denoi dagokigu ingurumen-larrialdiak eskatzen dituen aldaketa sozialetan inplikatzea. Baina ez dute erantzukizun bera agintariek, enpresariek eta herritar soilek. Ezta soluzioak eskaintzeko aukera eta gaitasun bera ere. Erantzukizun-maila agerian jarri, eta ez egotzi herritarrei ez dagokien ardurarik.
Era berean, ez dute erantzukizun bera Ipar eta Hego hemisferioetako herrialdeek. Txosten zientifikoek argitu zutenez, Ipar hemisferioko herrialdeak dira klima-larrialdiaren % 92aren arduradunak. Gehiegizko igorpenen mapa globala eta zaurgarritasun klimatikoaren mapa globala bata bestearen inbertsio ia zehatzak dira. Irtenbideak bilatzean herrialde guztiei maila bereko erantzukizuna eskatzeak injustiziaren dimentsioa handitzea besterik ez luke ekarriko.
8. Irtenbidea soziala eta politikoa da, ez soilik teknologikoa
Maiz, irtenbide teknologikoak proposatzen dira klima-larrialdiari aurre egiteko: parke eolikoak, kotxe elektrikoak, karbonoa xurgatzeko teknologiak, itsasoko turbina eoliko erraldoiak, gasen igorpena monitorizatzeko sateliteak… Teknologia garbiagoa diseinatzea eta energia berriztagarrik baliatzea beharrezkoa da. Baina ekoizpen-teknologiak aldatzea ez da inoiz nahikoa izango gure sistema ekonomikoak eragiten duen gastu energetiko erraldoiari aurre egiteko eta sistemak sorrarazten dituen berotegi-efektuko gas kutsatzaileak konpentsatzeko.
Teknologiak bere horretan ez du nahikoa gaitasun planetak duen erronkaren magnitudeari erantzuteko. Izan ere, arazoa ez da soilik teknologikoa, eta, beraz, irtenbidea ere ez. Teknologiak lagundu badezake ere, ebidentzia zientifikoek diote ez dela nahikoa ingurumen-larrialdiari aurre egiteko, ez baitu konpontzen oinarrian dagoen arazoa.
Egungo sistema ekonomikoak sortutako arazoak dira, neurri handi batean, klima-larrialdia eragin dutenak; beraz, irtenbideek politikoak, ekonomikoak eta sozialak ere izan behar dute. Besteak beste, sistema ekonomikoa birplanteatzea eskatzen du, haren barruan sortzen baitira egungo kontsumo-portaerak, jarrerak eta garapen ekonomiko etengabearen mendekotasuna. Bestela, teknologiak arazoak konpontzeko balioko duela sinestarazteak gehiegizko itxaropena sortzen du gizartean, eta atzeratu egiten du oinarrizko arazo horien aurkako neurri eraginkorrak hartzea.
Bestetik, teknologia batek egin dezakeen ekarpenaz aritzean ere, beharrezkoa da begiratzea noren esku dagoen gaur egun teknologia hori, zer ondorio dituen horrek, eta noren bizitzak hobetzen dituen.
9. Naturaren balioak transmititu: bizitza erregulatzea, ongizatea, zaintza, erantzukizuna, oparotasuna, lurraldearen kustodia…
Garrantzitsua da naturak gizakiari eskaintzen dion balioa bere osotasunean transmititzea, ez dadin gelditu ikuspegi ekonomizista hutsean. Hiru plano bereizten ditu zientziak:
Balio instrumentalak. Naturak, elikagaiz, urez eta energiaz hornitzeaz gain, bizitzaren prozesu orokorrak erregulatzen ditu: klima, materiaren deskonposizioa, polinizazioa, atmosferaren garbiketa... Horrekin guztiarekin, planetaren eta gizateriaren bizi-asegurua da natura, eta, zehazkiago, biodibertsitatea. Egonkortasuna eta segurtasuna eskaintzen dizkio gure espezieari. Beraz, bioaniztasuna arriskuan dagoen heinean, gure espeziearen biziraupena ere badago jokoan.
Balio intrintsekoak. Berezko balio ekologikoa du naturak, eta existitze hutsagatik dagokigu zaintzea. Are gehiago, erabiltzen dugun hori egoera onean mantentzeko erantzukizuna dugu.
Harreman-balioak. Beste pertsona batzuekin ditugun harremanek elikatu eta asebetetzen gaituzten bezala, naturarekin lotzen gaituzten harremanek ere elikatzen gaituzte. Zaintza da horietako bat. Zaintza ematea eta jasotzea garrantzitsua da bizitza betea izateko. Zainduak garenean bezala, beste pertsona batzuk zaintzen ditugunean ere, onura bat jasotzen dugu, ondo sentitzen baikara. Bi noranzkoko harremana da naturaren kasuan ere. Herri indigenek oso barneratuta daukate hori: Ama Lurra zaintzen baduzu, Ama Lurrak zuri ongizatea emango dizu bueltan. Garai batean, Ipar hemisferioan ere oso barneratuta geneukan hori.
Bestetik, naturaren oparotasunak ere asebetetzen gaitu: udaberrian landareak ernetzen eta loratzen ikusteak, bizia nonahi sumatzeak, uzta jasotzeak eta naturaren oparotasun orokorra sentitzeak indarberritu egiten gaituzte.
Gero eta ebidentzia zientifiko gehiagok frogatzen dute naturarekiko harremana ezinbestekoa dela osasun fisiko zein mentalerako, eta, harremana galtzen ari garen heinean, espezie gisa garatzen ditugun gaixotasunak areagotzen ari direla. Zientzia hautematen hasia da Mendebaldeko gizarteak naturarekiko duen deskonexioak ongizatearen galera eragiten duela. Arazo psikologikoak azaltzen dira: depresioak eta bestelako asaldura psikologikoak.
Baina badago beste harreman-balio indartsu bat ere: lurraldearen kustodia. Guri dagokigu arbasoek utzitako lurraldea hurrengoei egoera onean ematea.
10. Osasun Bakarra: kalitatezko bizimodua izateko, ezinbestekoa da kalitatezko ingurumena
Espezie bakoitzak funtzio jakin bat du ekosistemaren sare konplexuan, eta, hortaz, erabat interdependenteak gara bizidunak. Etengabe geratzen da agerian, esaterako, gizakion osasuna, animalien osasuna eta ingurumenaren osasuna elkarren mendeko direla. Bat ez dagoenean osasuntsu, besteek ere pairatzen dituzte ondorioak. Ideia hori transmititzen du Osasun Bakarraren kontzeptuak, Munduko Osasunaren Erakundeak proposatua. Kontzeptu hori dibulgatzeak lagundu dezake gizarteak interdependentziaren ideia beregana dezan eta bioaniztasuna planetaren bizitza-asegurua dela barnera dezan.
Alabaina, Osasun Bakarraren kontzeptua modu nahiko antropozentristan erabiltzen da sarri, giza osasuna bermatzea bakarrik helburu dela. Diskurtso horietatik aldendu eta kontzeptuan ingurumen-etika barneratzeko beharra aldarrikatzen dute zientzialariek. Hain zuzen, Osasun Bakarraren kontzeptuak bere baitan biltzen ditu hainbat ideia bereizezin:
Batetik, osasuna ondasun unibertsaltzat hartzea eskatzen du. Osasuna ez da gizakiei bakarrik dagokien eskubidea; beste espezieei, ekosistemei eta etorkizuneko belaunaldiei ere badagokie. Osasun publikoek giza populazioen osasunean jartzen dute arreta; Osasun Bakarrak, berriz, gizakien, animalien, landareen eta ingurumenaren arteko osasun-banaketa justua bilatzen du. Alegia, oreka ekosoziala.
Bestetik, ekitate soziopolitikoa eta multikulturala ere eskatzen du: pertsona guztiek dituzte eskubide eta aukera berak. Osasun Bakarrak ez du zentzurik bazterretan geratzen diren komunitate eta ahotsekiko konpromiso sendoa hartzen ez badu.
11. Zalantzan jarri gure sistema ekonomikoan errotutako kontzeptuak
Zalantzan jarri sistema ekonomikoa eta han errotutako kontzeptuak: globalizazioa, etengabeko hazkunde ekonomikoa, jaiotza-tasa handitu beharra… Globalizazioa gizartearen berezko joera naturala dela sinetsarazi zaio gizarteari, baina interes ekonomiko hutsei erantzuten die, eta ondorioak ditu ingurumenean. Asko dira zirkuitu ekonomikoak laburtu behar izateko arrazoiak: ingurumenekoak, ekonomikoak eta sozialak, baina baita demokratikoak ere. Zirkuitu ekonomikoak handiegiak direnean, herritarrek ezin dituzte ulertu; ondorioz, eragiteko ahalmena galtzen dute, eta elitearen esku geratzen da haien kontrola eta erabakia, injustiziak sortuta. Herritarrek eragin ahal izateko, ekonomia hurbilagoa behar da.
Eztabaidan gehiago sakondu: Beharrezkoa al da barne-produktu gordina haztea ondo bizitzeko? Zer da benetako ongizatea? Planeta gainpopulatuta egonik, seme-alaba gehiago izatea al da pentsio-sistema mantentzeko irtenbide onena? Orain arteko sinesmenak zalantzan jartzeak lagundu egin dezake ingurumen-larrialdiak eskatzen dituen aldaketa sozialak aktibatzen.
Zientziak eta zientziaren komunikazioak lagundu dezakete bizimodu-trantsizioa nolakoa izan daitekeen irudikatzen, eta aldaketak osasunean eta ongizatean ekar ditzakeen onurak identifikatzen. Ongizatea oso modu desberdinean ulertzen da kulturaren arabera, garaiaren arabera, adinaren arabera. Beraz, ongizatea birplanteatzeak lagundu dezake ongizatearen ikuspegi kontsumista ikusarazten eta ongizatea birdefinitzen. Zer da benetan garrantzitsua?
Giza zientzietako ikertzaileen arabera, giza ongizateak ekitatea eta oinarrizko beharrak aseta edukitzea eskatzen du, baina ez du zerikusirik aberastasunak pilatzearekin. Gehiago asetzen dute harreman sozialek, naturan egoteak, hezkuntzarako aukerak, bizitzarekiko gogobeteta sentitzeak, lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko orekak, gizartearekiko konpromisoak... Mezu hori transmititzeak eta osasunaren aktiboak identifikatzeak lagundu dezakete desazkundearen beharrak gizartean sortzen duen talka arintzen, desberdintasun ekonomiko-sozialak txikitzen eta aldaketa soziala errazten.
12. Eman ahotsa mugimendu sozialetatik datozen proposamenei
Politikariak ez direnez nazioartean sinatutako konpromisoak betetzen ari, garrantzitsua da gizarteak presioa egitea. Gizartea eragile bihurtzeko bi erreminta eraginkor daude: batetik, gizarte-mugimenduek egiten duten lanari balioa ematea eta haien lorpenak ikusaraztea; eta, bestetik, baliabideak ematea ebidentzia zientifikoetan oinarritutako informazioa izan dezaten.
Ingurumen-larrialdian, badute zeresana kapitalismoaren iruditeria hegemonikoetatik aldentzen diren mugimendu sozialek eta gizartearentzat bestelako etorkizun desiragarriak irudikatzen dituztenek.
Ekofeminismoak, esaterako, sistema kapitalista eta patriarkalak naturarekin erlazionatzeko ezartzen digun moduari erreparatzen dio, lotura zuzena ikusten baitu planetaren esplotazioaren eta emakume zein bestelako talde marjinatuen menderakuntza historikoaren artean. Aldarrikatzen du berrikusi egin behar direla zenbait kontzeptu, hala nola ekonomia, produkzioa, garapena eta lana, ekologikoki eta sozialki jasangarriak izan daitezen. Planetaren zaintza eta bizitzaren zaintza parekatzea proposatzen du, eta ekarpen interesgarria egin diezaioke ingurumen-larrialdiaren auziari.
Bestetik, adituek aurreikusten dute gazteen aktibismo klimatikoa historiako mugimendu globalik handienetakoa izan daitekeela. Beraz, garrantzitsua da gazteei problematizatzen uztea, ikusten dituzten arazoak agerian jar ditzaten. Kontuan izan, horrela jarraituz gero, 2010 urte inguruan jaio diren gazteek klima-larrialdiaren ondorio larriak jasango dituztela adinekoak direnean, IPCC Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Adituen Taldearen arabera.
13. Ikuspegi kritikoa izateko baliabideak eman, eta negazionismoak hartzen dituen formak identifikatu
Eztabaidara zientziaren ekarpenak eta datuak ekarri behar dira, arazoa kokatzeko zein irtenbideak proposatzeko. Ez daitezela hartu erabakiak sentsazio eta aurreiritzietan oinarrituta, baizik eta datuetan eta ikerketetan.
Zientzia-kazetaritzaren ardura bada pentsamendu kritikoa garatzeko baliabideak ematea gizarteari. Desoreka epistemikoaren kontzientzia izateaz gain, Pentsamendu kritikoa garatzeko Elhuyarren dekalogoa baliagarria izan daiteke, informazio osatua lortzeko, nork bere jarrera autoebaluatzeko eta falazia zein jarrera negazionistak identifikatzeko. Halaber, kontuan hartu erakunde askok zuriketa berdea ere baliatzen dutela iruzurraren bidez beren irudia hobetzeko ahaleginean.
Negazionismo-mota batzuk begien bistakoak diren arren, beste batzuk ez dira identifikatzen hain errazak: “beti gertatu dira aldaketak kliman”, “zientzian ez dago erabateko kontsentsurik”, “teknologia berdeak dira klima-larrialdiari aurre egiteko irtenbidea” (positibismo teknologikoa), “ez dago zereginik” (ezkortasun klimatikoa),”espezieak desagertzea normala da”…
Batzuetan, errealitatea deserosoa da, eta gizakiok errealitatea ukatzera jotzen dugu. Orduan, mugimendu negazionistak sortzen dira errealitatea onartu nahi ez dutenen artean. Beti ez da erraza negazionistak identifikatzea. Adi, esaterako, klima-aldaketa onartu bai baina behar diren neurriak hartzeko prest ez daudenekin. Edo, CO2 gutxiago sortu beharrean, CO2-a xurgatzeko teknologiak bakarrik proposatzen dituztenekin. Klima-larrialdiari aurre egiteko irtenbide teknologiko hutsak proposatzea ere bada negazionismo-mota bat. Izan ere, teknologiaren potentzial handiaren aitzakian, benetako eztabaida saihesten dute halako diskurtsoek.
Askotan, interes ekonomiko handiena dutenak dira gehien hitz egiten dutenak. Beraz, adi zer zabaltzen dugun. Edozein iritzik ez du balio. Zientzialariek hamarkadak daramatzate datuak jasotzen. Ebidentzia zientifikoetan eta komunitate zientifikoaren iritzian oinarritu argudioak, eta eman hitza adituei.
Alabaina, ezagutzan ere botere-desoreka handiak daude: oraindik ere, zientziaren ezagutza-esparru jakin batzuk besteak baino gehiago legitimatzen ditugu. Ezagutzaren botere-desoreka horretatik ezin zaio erantzun krisi konplexu honi. Ezinbestekoa da ezagutza-esparru guztien arteko elkarlana.
Are gehiago, ezagutza ez dago akademian soilik. Ezagutzen ekosistema osatua definitu behar da, ez dadin bazterrean geratu, besteak beste, ezagutza tradizionala, gizakiak mendez mende eskuratu duena.
14. Euskaraz komunikatu, jasangarritasuna sustatzeko
Ingurumen-larrialdiarekin gurutzatzen den beste krisi bat hizkuntza-dibertsitatearen galera globala da. Munduko hizkuntzen % 50 galtzear daude, UNESCOren arabera. Ikertzaileek gero eta argiago dute hizkuntzen larrialdia eta klimaren larrialdia elkarri lotuta doazen krisialdiak direla. Naturaren gehiegizko ustiaketak eta injustizia sozialek elementu komun asko dituzten heinean, hizkuntza askok pairatu duten kolonizazio eta botere-abusu historikoa ere testuinguru berean kokatzen da.
Zientziak, ordea, agerian utzi du hizkuntza gutxituak erreminta baliotsua direla ingurumen-larrialdiaren aurka eragiteko. Izan ere, norbanakoek eta kulturek naturarekin duten harremanaren isla dira hizkuntzak, eta, hain zuzen, historikoki gutxituak izan diren hizkuntza-komunitate asko, oraindik ere, oso errotuta daude naturan. Naturaren zaintza barneratua dute, eta haien hizkuntzek naturaren ezagutza xehea gordetzen dute, arbasoek mendeetan pilatua naturarekin batera eboluzionatuz. Memoria ekologikoaren gordailu dira, eta, beraz, jasangarritasunerako erreminta baliotsuak ere bai.
Euskarak ere naturari lotutako hiztegi aberatsa du, lagungarria bertako natura ezagutzeko eta ulertzeko. Kontuan izanik gizakiak bere inguruko paisaiarekiko eta ama-hizkuntzarekiko atxikimendu indartsua izaten duela —bere identitatearen parte izateraino—, euskara erreminta baliotsua da ezagutza ekologikoa transmititzeko, naturarekiko atxikimendua indartzeko eta euskal komunitatea jasangarritasunaren aldeko eragile bihurtzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak sustatu eta finantzatutako proiektua.
Alabaina, munduko hizkuntza gutxituetako asko galtzeko zorian daude; batetik, oraindik ebatzi gabeko abusuen ondorioz, eta, bestetik, gurutzatzen diren eragile ekologikoen ondorioz. Aitortu denez kultura- eta hizkuntza-aniztasuna herrien garapen jasangarrirako funtsezko elementuak direla, interesgarria da hizkuntza-ekologiaren ikuspegia aintzat hartzea. Hizkuntzen eta ingurumen-aldagaien arteko harremana aztertzen duen ezagutza da hizkuntza-ekologia.
Berdintasunean eta giza balioetan oinarritutako garapen-eredu bat eraikitzeko, hizkuntza-dibertsitatea zaindu behar da. Berdintasunaren printzipioa hizkuntzetara ekarrita, berdintasuna ez da egoera desberdinean dauden hizkuntzak berdin tratatzea, baizik eta aukera berdinak izan ditzaten ahalbidetzea. Beraz, tokian tokiko kulturen eta hizkuntzen babes politiko, sozial, ekonomiko eta legaletik etorriko dira ekitatea eta jasangarritasuna.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia