}

Hormonaz gainezka!

2003/09/14 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Uda-garaian nerabeak inoiz baino eroago daudela dirudi. Hormonak borborka izaten dituzte, eta helduek lanak izaten dituzte haien umore gorabeherak ulertzeko eta joan-etorriak kontrolatzeko. Baina udazkena badator.
Amaren sena hormonek eragiten ote dute?

Gazteak txoratzeaz gain, beste lanik ere badute hormonek. Izan ere, animalion eta landareen bizi-funtzioak kontrolatu eta erregulatzen laguntzen dute. Eta horiek hitz potoloak dira benetan.

Besteak beste, gorputzaren hazkuntza, organo sexualen garapena, bihotzaren taupada-maiztasuna eta gernu-kantitatea kontrolatzeaz arduratzen dira. Eta metabolismoan ere ezinbestekoak dira. Galdetu bestela diabetea duen haurrari. Honezkero jakingo du kanpotik jasotzen duen intsulina behar-beharrezkoa duela. Izan ere, haur diabetikoarenak ez du behar adina intsulina jariatzen odolera, eta kanpotik hartu behar izaten dute; intsulina baita odoleko glukosa-kontzentrazioa edo gluzemia kontrolatzeaz arduratzen den hormonetako bat.

Jokaeran eragina dute?

Animaliok dugun sena hormonei zor diegu hein handi batean; ugalketa-garaia sinkronizatzeaz arduratzen dira, besteak beste. Hala ere, gizakion jokamoldean kulturaren eragina ezin daiteke baztertu; horregatik, gainerako animaliak har daitezke eredu gisa.

Nerabezaroan hormonak puri-purian egoten dira.

Ardien kasuan, esaterako, amatasun-sena ozitozina izeneko hormona batek bultzatzen omen du. Jakina da arkumea erditutakoan, amak gorputz osoa miazten diola, baina, berez, ardiek ez dute atsegin erditutakoan askatzen den likido amniotikoa. Erditzeko kontrakzioek ozitozina hormona jariarazten dute, ordea, eta horrek likido amniotikoaz blai dagoen arkume jaioberria miaztera bultzatzen du ardia. Hala, amaren eta kumearen arteko harremana gauzatzen eta sendotzen da.

Gizakion kasuan, berriz, testosteronak gizonezkoen agresibitatea (oldarkortasuna) areagotzen duela esaten da; baina ez hori bakarrik, testosterona-maila egokia ez izateak ongizatean eragin nabaria du, bai gizonezkoetan eta baita emakumeetan ere.

Gaztetasunaren seinale

Hormonen lana fetuan bertan hasten da. Besteak beste, haurraren organo sexualak garatzen laguntzen dute. Eta haurraren lehenengo hilabeteetan hormona sexual horiek oso aktiboak izaten jarraitzen duten arren, haurtzaroan isil xamar egoten dira. Hori, hala ere, ekaitzaren aurreko barealdia baino ez da, haurra nerabezarora heltzen denean hormona sexualen gudarostea lanean hasten baita, jo eta su.

Urteak aurrera joan ahala, hormona gutxiago ekoizten ditu gorputzak.

Hormonen lan amorratuak haur izandakoari gaztetasunaren ezaugarriak ematen dizkio: indarra, azkartasuna, sexu-grina, adimen-argitasuna... eta lotsagabekeria ere ez da falta izaten. Denborak eta zentzuak lotsagabekeria apaltzea lortzen dute, salbuespenak salbuespen. Eta indarra eta bizitasuna ere ez dira betiko izaten, ezta gainerako ezaugarriak ere, tamalez.

Zahartzaroaren lehenengo zantzuak hormona sexualen ekoizpena jaisten hasten denean agertzen dira. Jaitsiera horrek emakumeetan menopausia eta gizonezkoetan andropausia eragiten ditu. Garai horretan sortutako aldaketek osasunari kalte egiten diotenerako badira hormonetan oinarritutako terapiak, terapia ordezkatzaileak deiturikoak.

Sexualak ez diren beste hormona batzuek ere eragina dute gaztetasunean. Somatotropinak, esaterako, azalaren zaharberritzea bultzatzen du, osteoporosia atzeratzen du eta bihotza indartsu mantentzen du, besteak beste. Zerbaitegatik deitzen zaio gaztetasunaren hormona.

Orokorrean hormona gutxiago ekoizten dira zahartzaroan, hori dela eta, beti gazte izateko edabe magikoaren bila hormonekin dihardute lanean.

Supergizona, hormonaz leporaino?

Kirolariak dira gaur egungo supergizon eta superemakumearen kontzeptutik gertuen daudenak: gazteak, lirainak, indartsuak eta azkarrak dira. Baina kirolaren inguruan dopinaren itzal iluna ez da inoiz falta. EPO edo eritropoietina da debekatutako substantziarik ezagunena. Hormona hori kirolarien errendimendua hobetzeko erabiltzen da, globulu gorrien ekoizpena bultzatzen baitu, eta, hala, oxigeno gehiago garraia baitaiteke odolean. Horrek muskuluen jarduna hobetzen du, baina, aldi berean, tronbosia izateko arriskua ere handitzen du.

Kirolean etekina hobetzeko hormonek ondorio larriak sor ditzakete organismoan.

EPOaz gain, beste hainbat hormona erabiltzen dira gorputzaren errendimendua hobetzeko. Baina asko eta asko debekatuta daude osasunean arazoak sor ditzaketelako. Debekatutako hormonetako bat klenbuterola da. Hormona hori duela zortzi bat urte egin zen ezaguna, abereen gibela jan ondoren hainbat lagun kutsatu egin zelako. Klenbuterolak giharrak haztea eta gantzak errazago erretzea eragiten du. Horregatik haragitarako abereei eta lehiaketetakoei eman izan zaie. Gorputz gihartsuak lortzeko asmoz, zenbait gizon eta emakumek ere hartzen dute klenbuterola, dosi txikiagoetan bada ere.

Hormonak gure alde jarri nahi ditugu. Dirudienez, supergizon eta superemakume bihurtzeko lasterbidea dira eta betiko gaztetasunaren edabe magikoa egiteko erabil daitezke. Baina horrek ez du denboraren joana geldituko. Hala ere, ez da ahaztu behar hormonek jende askoren osasuna hobetzen lagundu dutela, eta etorkizunean erabilera gehiago izango dituztela sendagai gisa.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia