Harrapari sarraskijaleak

1986/10/01 Aihartza, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Euskal Herria tamainuz txikia den arren, bertan, eta bere kokapen geografikoaren ondorioz, makina bat ingurune edo habitat ezberdin ageri dira. Sarraskijaleak honelako habitatetan zabaltzen dira.

Euskal Herria tamainuz txikia den arren, bertan, eta bere kokapen geografikoaren ondorioz, makina bat ingurune edo habitat ezberdin ageri dira, eta hauei lotuta sekulako aberastasuna landaredi- eta fauna-mailan.

Egia da gizakion presioa, batez ere azken mendean, izugarria izan dela, eta ondorioz hamaika espezie desagertuak edota desagertzeko arrisku bizian daudela, eta beste zenbaitek atzerakada handia jasan duela, bai kopuru aldetik, eta bai hedapen-aldetik.

Ugatza, Euskal Herriko mendi gorenetan izkutatuta, gure faunaren altxorrik garrantzitsuenetariko bat dugu.

Hauen artean hegazti harrapari sarraskijaleak sartu behar ditugu; milaka urtez gure mendi eta soroak hondakinez garbitzen aritu diren hegazti eder eta hegalari bikain hauek atzerakada izugarria jasan dute azken ehun urteetan, batez ere abeltzantzaren beherakada eta gizarte berri honen "osasunbide-neurriak" direla kausa. Hiru dira gaur egun gure mendietan bizi eta ugaltzen diren espezieak: Saiarrea ( Gyps fulvus ), saizuria ( Neophron percnopterus ) eta ugatza ( Gypaetus barbatus ).

Saiarre edo putrea dugu ugariena Euskal Herrian. Hegazti bikain honek hegaletik hegalera 250-280 cm neurtzen ditu, emeak handiagoak direlarik, gainontzeko harraparietan bezala. Hegalari trebea denez, haize-korrontez baliatzen da ahalegin txikienaz distantzia luzean ibili eta bere lurraldeak behin eta berriz miatzeko. Eguzkitiko beroak sortutako korronte termikoetan sartuz, begibistatik galdu arte igotzen da, ondoren planeatzen jaisteko. Bere begi zorrotzei esker, hildako animaliak oso urrutitik ikus ditzake, eta bat aurkitzean talde izugarriak biltzen dira haren inguruan, beren arteko borrokak ikustea gauza arrunta izanik.

Saiak atsedenaldi batean zeruko bazterretan ibili ondoren.

Herri-mailan uste izan denaren aurka, putrea oso animalia beldurti eta iheskorra da; ez da sekula arriskurik ez dagoenaren ziurtasunik gabe sarraskitara hurbiltzen, eta noski, inoiz ere ez litzateke bizirik dagoen animalia batengana inguratzera ausartuko. Besterik dioten informazio guztiak, mitologia hutsa dira.

Saiarreen araldia abendu inguruan hasten da, bikoteak eratu eta habia egiteko toki aproposaren bila hasten direlarik. Habiak haitz eta arroiletan egingo dituzte, eta lekua egokia bada, kolonia zabalak eratzen dira, hauek iraunkorrak izanik. Urtarrila edo Otsailean jarriko duten arraultz bakarraren txitaketak, bi hilabete irauten du eta lan hau arra eta emearen artean banatzen da. Txitoak hiru hilabete behar ditu hasierako lumaxka zuria galdu eta helduen luma arreak lortzeko, eta epe honetan gurasoek sekulako lana egin behar dute honen elikadura osatzeko. Horretarako, arrak nahiz emeak, sarratsetan jan dituen haragi-zati erdi-liserituak okatu egiten ditu, gazteak berriro berehala irensten dituelarik.

Batzutan txito eta gurasoen artean borroka-keinuak ere ikusi ditugu, gazteak amak eman nahi ez zion haragi-zatiren bat hartzeagatik, Nafarroako habia batean ikusterik izan dugunez. Hirugarren hilabetetik aurrera, txitoak denbora luzea iragaten du habian bakarrik, eta gurasoek astean behin edo bitan baino ez diote janaria ekartzen. Laugarren hilabeterako, txitoak 6 kg-tik gora pisatzen du, eta hegan hasteko prest dago.

Hiru hilabeteko sai gazte batek 4 kilotik gora pisatzen du, eta denbora luzez egoten da bakarrik habian.

Saizuria dugu aipaturiko sarraskijaleen arteko bigarrena. Bere etologiari begiratuz, benetan bitxia dugu harrapari zuri-beltz dotore hau. Negua Afrikan igarotzen duen hegazti honek, fama berezia lortu du abestruz-arraultzak harrika apurtu eta bere edukina jateko duen trebetasunagatik. Bestalde, saizuriek bikote iraunkorrak eratzen dituzte, hauek urtero Afrikatik leku berdinera itzultzen direlarik, eta inork hondatu ez badu behintzat, urtero toki berean egingo dute beren habia. Aipagarria da gainera hegazti hauetan sexu-joketa. Ez omen da araldira mugatzen; urte osoan praktikatzen bait dute. Jokabide deigarri hauek direla eta, "sai jakintsu" izengoitiaz ere ezagutzen da.

Sai zurien habia, haitzetan ondo babestutako zaboitegi txiki bat izaten da, eta bertan, adar eta belar igarrez gain mota guztietako hondakinak aurki daitezke: oihal zatiak, sokak, galtzerdi zaharrak...

Saiarrea baino ausartagoa da (saizuriak ez du honek adina arazo elikadura arloan) eta sarratsez gainera edozein zerrikeria jateko gai da. Zabortegietan maiz ibiltzen da hondakinen bila; era berean abereen gorotzetan mokoka ere sarritan ikusi omen da Novel-ek dioenez, nahiz eta seguraski hauetan bizi diren Copris lunaris eskarabido ugariak bilatzeko dela uste den. Hegazti nazkagarria dela esatea antropozentrismo merkean erortzea bada ere, benetan jasanezinekoa gertatzen da habian izaten dituen zerrikerien kiratsa; udako giro beroan batez ere.

150 cm inguruko hegaltzabalera duen sarraskijale hau Martxoaren hasierarako iristen da bere txitaketa-lekura, eta bere hegal zuri-beltz, gorputz zuri, mokoalde biluts eta ziriantzeko isats zuri deigarriak, nabarmendu egiten dute hegan nahiz geldirik. Habia haitzetan egiten dute, depredatzaileentzat atzemangaitzak liratekeen koba edo arrailuak probetxatuz. Lan honetarako materialak ere oso ezberdinak izan daitezke, eta Nafarroako habi batean oihal-zatiak eta "konpresa" zaharrak ere aurkitu ditugu; zabortegiren batetik ekarriak seguraski.

Aire-korrenteez profilatuz saia denbora luzez mantentzen da dotore airean.

Normalean bi arraultz jartzen badituzte ere, txito bakarra aterako da aurrera, eta honek bi hilabete t'erdi edo hiru pasa beharko ditu habian. Orduan, bere lumaia osatua du. Lumak ilunak izaten dira, ia beltzak, eta heldutasun sexuala lortu arte (5-6 urte) ez dute gurasoen kolorazio zuri-beltza lortuko.

Ugatza dugu Euskal Herriko harrapari sarraskijaleetariko azkena, eta baita deigarriena ere. Deabru-itxurako hegazti handi honek (230-280 cm-ko hegaltzabalera du), makina bat mito eta historio bildu du bere inguruan. Honen arrazoinetariko bat, bere itxura beldurgarriaz gain, bere elikadura berezia izan daiteke. Izan ere bere dietaren osagairik nagusiena hildako animalien hezurrak bait dira, hauek ia osorik irensten dituelarik.

Animalia taldezaleak, saiak, sarritan ikusten dira agureen moduan neguko eguzkitan tertulian.

Bizkar eta hegoak beltzak ditu, eta lumardatz zuriek itxura jaspeztatua ematen diote. Lepape eta sabelaldea zuri-gorrixkak dira, eta kolore bereko buruan antifaz moduko marrazki eta "bibote" beltza nabariki ageri dira. Honi betinguruko eraztun gorria gehitzen badiogu, deabru-itxura duela esatea ulergarria gertatzen da. Hegan ikusita, nabarmena du bere ziriantzeko isats luze eta iluna.

Hain animalia ederra antzina Euskal Herrian oso ugaria bazen ere, jadanik kasik ahitu da gure mendietan. Europa osoan desagertua da (Grezia eta Kortsikan ezik), eta azken aleak Piriniotan izkutatuta bizi dira, guztira ehun ale inguru besterik ez direlarik (35 bikote ugaltzaile). Euskal Herrian dauden habiak, esku bakarreko hatzez konta litezke.

Zikin-fama badu ere, animalia txukuna da saia, eta egunero makina bat ordu erabiltzen du lurrak banaka garbitu eta orrazten.

Ugatza goi-mendietako hegaztia dugu, eta habia 2000 m-rainoko altueratan egin ohi du. Txitaketa otsailean hasten da, eta bi hilabeteko iraupena izaten du. Txitoak beste lau hilabete beharko ditu habia uzteko. Altuera eta urtesasoi horietako baldintza gogorrak kontutan izanik, ez da harritzekoa jarritako bi arraultzetatik txito bakarra, eta hori ere larri-larri, hazi ahal izatea.

Lehen esan bezala, hezurrak dira ugatzaren dietaren osagairik nagusiena, haragia mesprezatzen ez badute ere. Ornoak, saihets-hezurrak eta beste hezur txikiak osorik irensten ditu, hauek bere liseriketa-hodiko jariakin bereziei esker asimila ditzakelarik. Bestalde, hezur handiagoak atzaparrez hartu eta airean eramaten ditu. Menditarteko leku izkuturen batean altuera handitik askatu, eta harrien kontra hautsiz gero, hezurmami eta zatiak jaten ditu.

Sai zuria hegalari bikaina dugu, eta urtero Afrikatik etortzen da, habia gure mendietan egin eta txitoak bertan haztera.

Sarraskijale hauen ohitura edo portaerak ikusiz gero, hildako animalia baten aurrean gertatzen den hierarkia eta banaketa zehaztuko ditugu. Aipatu bezala saizuria da ausartena, eta baita txikiena ere, eta hau izango litzateke, beleekin batera, sarratsak aurkitzeko "piloto"-funtzioa beteko lukeena. Saizuria haratustelera heltzean, honen zati bigunak jaten hasiko da, hala nola begiak, mihi eta ahoa, uzkia... Ordurarte gainean hegaka aritu diren saiarreak, arriskurik ez dagoela ikusita, pixkanaka hurbiltzera ausartuko dira, azkenean saizuriak baztertu arte.

Hauek bere moko indartsuz larrua urratu eta hildakoaren errainen bila saiatuko dira, lumarik gabeko lepo luzea horretarako asmakizun ikaragarria delarik; burua haratusteletara nahi adina sartzeko aukera ematen bait die. Behin putreak asez gero, hezurrik handienak eta larru-zati batzuk besterik ez dira geratzen, eta ugatzak honekin konformatu beharra dauka. Izan ere sai-zuriak berak, txikiagoa izanik ere, baztertu egingo bait luke haragi-zati probetxagarriren bat geratuz gero. Hau dela eta, ugatzak katea trofikoaren azken urratsa betetzen du, beste sarraskijaleek ere asimila ez ditzaketen hezurrak bere elikadurarako erabiliz. Ez da makala!

Zoritxarrez, eta beste zenbait animalia eta landarerekin gertatzen den legez, sarraskijaleek ere atzerakada handia jasan dutela aipatu dugu hasieran. Saizurien kasuan, eta beren moldagarritasuna dela medio, arazoa ez da hain larria konparaziora. Saiarreen kasuan berriz, atzerakada handia izan da: R. Elosegik egindako estimazioen arabera, Nafarroan orain 60 urte 600 bikote ugaltzaile ziren eta 1974.ean 282 kalkulatu zituen (%10eko erroreaz); Gipuzkoa eta Bizkaian aldiz ia guztiz desagertu dira, gizakion presioa dela kausa. Ugatzaren kasuan, lehen esan bezala, Pirinio guztian 100 bat ale besterik ez da bizi, Europa erdialdean eta Penintsulan desagertuak direlarik.

Honen arrazoinak ezberdinak lirateke: alde batetik abeltzantzaren beherakadak, eta gizarte "zibilizatuko" "osasunbide-neurriak" (sarratsen lurperatze edota erretzea barne) elikagaia ohostu diete sarraskijaleei. Bestalde R. Elosegik eguraldiaren aldaketa eta hoztea ere aipatzen ditu beherakadaren arrazoin bezala. Izan ere goi-mendietan errefuxiatu diren hegazti hauentzat ugalketarako baldintzen gogortzea suposatzen bait du horrek. Hau nahikoa ez eta, makina bat eskopetero ere badabil mendian zehar, eta urtero izaten dugu astakeriaren baten berri. Azkenik, "piztizale", kolekzionista eta zoologikoen kontura aberasten diren furtiboak, pozoinak eta "naturazale" ajolakabeak ere aipatu behar ditugu, besteak beste, sarraskijaleen iraupenari kontra egiten dioten faktore bezala.

Lehen hilabeteetan saiak txitoa zaintzen egon behar du gehiegizko hotza edota eguzkitiko argi zuzenaz babesteko.

Bukatzeko, azken urte hauetan atzerakada hori gelditu, eta gorakadatxoren bat lortu izan bada, zenbait ornitologo amorraturen lan eskertezinaren ondorio izan dela esan behar da. Janleku artifizialen ezarpena ere kontutan hartu behar da, nahiz eta azken hauen egokitasuna sarraskijaleen jokaeretan sor ditzaketen eraldaketengatik eztabaidagarria izan.