Gizonezkoentzako pilula: noizko?
2003/04/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Egon badaude gizonezkoentzako antisorgailuak, ezagunenak kondoia eta basektomia dira. Baina biek eragozpenak dituzte. Batetik, kondoiak sexu-bidezko gaixotasunak ez kutsatzeko ere balio du; hala ere, bat baino gehiago dira amodio-jolasetan erabat biluzik aritu nahiago dutenak. Bestetik, basektomia oso eraginkorra da, baina itzulgarria ez denez, seme-alaba gehiago eduki nahi ez duten gizonezkoek bakarrik aukeratzen dute normalean.
Beste bide bat eskaini nahian, emakumezkoen pareko antisorgailua egiten saiatu dira ikertzaileak. Emakumezkoen pilula hormonala da, obulazioa eragotziz funtzionatzen du eta oso segurua eta eraginkorra da. Gizonezkoentzat horren antzekoa egiten saiatu direnean, baina, eragozpen askorekin egin dute topo ikertzaileek.
Bideetako bat espermatozoideak sortzeko prozesua blokeatzea da. Gizonezkoen testosterona hormonaren maila igota, eragin hori lortzen da: testosteronak hipotalamoko hormonak jariatzea eragozten du; ondorioz, ez dira espermatozoideak ekoizten. Alabaina, testosterona ezin da ahotik hartu, urdailean degradatu egiten baita; gainera, kaltegarria da gibelarentzat. Ahoz hartu beharrean, injektatzeko aukera dago, baina egunero ziztatzea ez da oso erakargarria, ezta?
Berotan goxo
Beste bide bat beroa erabiltzea da: nahikoa da barrabiletan tenperatura gradu bat edo bi igotzea espermatozoideen ekoizpena galarazteko. Berez, ez du espermatozoideak sortzeko prozesuan eragiten, baizik eta heltzekoan; hau da, beroaren eraginez, espermatozoide heldugabeak ez dira heltzen, eta, ondorioz, ez dira mugitu eta obulua ernaltzeko gai. Orduan, barrabilen tenperatura igoaraziko duten galtzontzilo bereziak jantzi eta kito!
Bada ez, ez da hain erraza. Izan ere, espermatozoideak heltzeko prozesua erabat blokeatuta dagoela ziurtatzeko, gutxienez hiru hilabetez itxaron behar da, eta denbora horretan alfer-alferrik eraman behar dira galtzontzilo berogarriak. Eta neguan, tira, baina udan barrabilak beroxeago alferrik eramateak ez du oso gustagarria izan behar.
Metodo fisikoak alde batera utzi eta kimikoetara itzuliz, bada beste aukera bat: espermatozoideen mugikortasuna gutxitzeko gai kimikoak erabiltzea. Konposatu kloratu batzuek eragin hori dutela frogatu da. Espermatozoideak ezin badira mugitu, ezin dute obulua ernaldu; beraz, irtenbidea izan daiteke. Gainera, konposatu kloratu horiek bi astez hartzea nahikoa da eragina antzemateko. Baina hemen ere badago baina bat: oraindik ez dute konposatu kimiko horiek kantitate handietan ekoizteko sistema asmatu.
Horiek denak azkeneko saioak izan dira; aurretik beste asko egin dira, eta ez dute aurrera egin, batzuek albo-ondorio larriak zituztelako eta beste batzuek ez zirelako batere praktikoak.
Botikatik antisorgailura
Duela gutxi, ordea, zenbait gaixotasun tratatzeko erabiltzen den molekula batek itxaropena piztu du. Molekula horren izena NB-DNJ da, eta azukre bat da, ez hormona bat. Gaucher-en gaitza tratatzeko erabiltzen da. Gaixotasun hori dutenek bareko eta gibeleko hipertrofia izaten dute, eta NB-DNJ hartuta sintomak arintzea lortzen da.
Kontua da molekula hori bera probatu dutela orain beste gaixotasun batekin, Fabry-ren gaitzarekin. Gaitz hori herentziazkoa da, eta sintometako batzuk giltzurruneko gutxiegitasuna eta hipertentsioa dira. NB-DNJ gaixoei ematen hasi eta hiru astean arrak antzutu egiten zirela ikusi zuten. Molekula hartzeari utziz gero, hiru aste pasatuta ugalkor ziren berriro.
NB-DNJ molekulak barrabiletan eragiten du, espermatozoideen ekoizpenean hain zuzen. Ez du espermatozoideak sortzea galarazten, baina ez dira behar bezala osatzen: espermatozoideen mintzaren osagaietako batzuk, esfingolipidoak, ez dira ekoizten. Ondorioz, espermatozoideak desitxuratuta sortzen dira, eta ez dira obulura iristeko gai mugikortasun-arazoak dituztelako.
Hori guztia sagu arretan frogatu dute, eta gizonezkoetan ere gauza bera gertatzen dela uste dute ikertzaileek. Oraingoz, ez dirudi molekula toxikoa denik, beste gaixotasunak tratatzeko erabili denean ez baita albo-ondorio larririk antzeman. Gainera, hormonen mailak ez dira aldatzen; beraz, ez du ‘gizontasunean’ eragiten. Eta hori garrantzitsua da: gizonezkoetan probatu diren antisorgailuetako batzuk hormona-mailetan eragiten zuten, eta emeen ezaugarriak azaltzen ziren kasu batzuetan: gorputzeko ilea galtzen zuten, ahotsa mehetzen zitzaien eta sexurako grina desagertzen zen. Noski, ez dago gizonik horrelako ondorioak jasateko prest dagoenik.
Dena dela, merkatura ateratzerako, hamaika froga pasatu beharko ditu molekula horrek. Halaber, hainbat ikertzailek ohartarazi dute esfingolipidoek bestelako zeluletan ere parte hartzen dutela, eta haietan kalteak agertzeko arriskua dagoela. Oso kontuz ibili beharko dute, beraz. Izan ere, ez dira nolanahiko kontuekin ari lanean. Ezetz, polit hori?
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia