}

Gizakiak eboluzionatzen jarraitzen du, eta azkar, gainera

2007/12/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Giza eboluzioa ez da gelditu, ezta moteldu ere. Hainbat zientzialarik aurkakoa uste bazuten ere, azken 5.000 urteetan aurreko garaietan baino askoz ere aldaketa gehiago gertatu dira giza genoman. Hori frogatu dute Estatu Batuetako Wisconsingo Unibertsitateko antropologoek. Haien esanean, duela 6 miloi urte giza espeziea txinpantzeetatik bereizi zenetik, aldaketa-erritmoa oraingoa izan balitz, gaur egun baino 160 aldiz handiagoa izango litzateke bi espezieen arteko desberdintasun genetikoa.
Giza genoman gertatzen ari diren aldaketa asko berariazkoak dira kontinente bakoitzean.

Wisconsingo ikertzaileek giza genomaren aldaketak aztertu dituzte, eta noiz gertatu diren ere begiratu dute; emaitzaren arabera, gaur egungo gizakia genetikoki desberdinagoa da duela 5.000 urteko gizakitik hura Neanderthalgo gizaki batetik zena baino. Hain zuzen ere, azken 5.000 urteetan, hautespenaren erritmoa beste edozein garaitakoa baino 100 aldiz handiagoa izan dela kalkulatu dute.

Aztertutako pertsonen jatorria ere izan dute kontuan ikertzaileek. Besteak beste, txinatarrak, japoniarrak, afrikarrak eta iparraldeko Europakoak ziren tartean, eta haien geneen % 7an duela gutxi eboluzionatu dutelako probak aurkitu dituzte. Gainera, giza taldeak bereizten ari direla ondorioztatu dute. Europan, Asian eta Afrikan oso azkar ari dira aldatzen geneak, baina aldaketak berariazkoak dira kontinente bakoitzean. Horren ondorioz, gero eta antz txikiagoa dute kontinente batzuetako eta besteetako pertsonek. Ikertzaileek azaldu dutenez, horren arrazoia da ez dela gene-truke handirik egon kontinenteen artean, gizakia duela 40.000 urte Afrikatik atera zenetik.

Populazioaren hazkundea

Europaren iparraldeko pertsona gehienei esneak ez die kalterik egiten; bai, ordea, Asiako eta Afrikako askori.

Eboluzioa azkartzearen gakoa, berriz, giza populazioak izan duen hazkundea da, ikertzaileen ustez. Duela 10.000 urte, munduan milioi gutxi batzuk bakarrik zeuden; duela 2.000 urte, 200 milioi zeuden; eta gaur egun 7.000 milioi izateko bidean gaude. Populazioa haztearekin batera, aldaketa garrantzitsuak izan dira kulturan eta ekologian, eta horrek egokitzeko aukera berriak ekarri ditu. Azken 10.000 urteetan, adibidez, aldaketa nabarmenak egon dira hortzetan eta hezurduran, eta dietak eta gaixotasunek bultzatutako aldaketa genetikoak gertatu dira.

Horren adibide garbia da laktasaren genea . Txinan eta Afrikan, pertsona gehienei esneak kalte egiten die, ezin baitute esnearen laktosa digeritu. Izan ere, haurtzaroa gainditutakoan, laktasa entzimaren genea desaktibatu egiten zaie, eta, beraz, ez dute sortzen laktosa digeritzeko behar den entzima hori. Europaren iparraldean, aldiz, gehienek gene hori aktiboa dute, baita helduaroan ere. Nonbait, inguru hartan sortu zen gaitasun hori ematen dien mutazioa, eta, hori abantaila bat izan zenez, aldaketa genetiko hori hedatu egin da Europan zehar.

Gaixotasunak ere eragile

Gaixotasunek ere eragin handia dute giza eboluzioaren norabidean.

Gaixotasunek ere eragin dute eboluzioa azkartzean, batez ere, hiriak sortu zirenetik. Genetikariek badakite hogei mutaziok baino gehiagok ematen dutela nolabaiteko erresistentzia malariarekiko. Pentsatzekoa da aldaketa horiek aurrera egingo dutela.

Duela gutxi, berriz, gene bat, CCR5 genea , duela 4.000 urte sortu zela frogatu zuten, eta orain Europarren % 10ek du gene hori. Hiesarekiko babesa ematen duelako aurkitu dute, baina, lehen, badirudi baztangatik babesten zuela; horrek hedatzen lagunduko zion.

Ikertzaileetako batek zientzia-fikzioko istorioekin alderatzen du kontua. Haren esanean, fikzioan gertatzen den legez, giza historian mutanteak sortzen dira, eta haiek aurreko populazioa ordezkatzen dute, batzuetan isilean, hobeto egiten dietelako aurre gaitzei eta goseteei, eta beste batzuetan borrokaren bidez. Eta gu mutante horien oinordekoak gara.

Zazpika-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia