}

Genoma, guztiontzat?

2001/05/08 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Dirurik ezaren eraginez informazio genetikoa dohain eskuratzeko aukera desagertzear egon daiteke. Datu-baseak mugatu eta erabiltzaileari ordain-saria eskatzen bazaio, aurrerapauso zientifikoak eragotziko dira eta, giza genomaren kasuan, osasunaren eta medikuntzaren kaltetan izango da. Hitzok Europako Institutu Bioinformatikoko buru Graham Cameron-ek esan ditu, informazio zientifikoaren barreiatzea gai hartuta, Munich-en egiten ari diren biltzarrean. Informazio Zientifikoa eta Jabego Intelektuala: Arazoak eta Aukerak deritzon bilera Europako Patenteen Bulegoak eta Informazio Tekniko eta Zientifikorako Nazioarteko Kontseiluak antolatu dute.

Graham Cameron datu-base publiko baten alde agertu da, diru-eskasiak bultzatuta egun dauden datu-baseen kudeatzaileek ordain-saria eskatzen hasi eta informazioa genetikoa sektore komertzialen esku gera ez dadin. Genomaren alorreko ikertzaileek helburu horrekin bat egin dezaten nahi dute eta datu-baseak doakoak izan daitezen kanpaina jarri dute abian. Horrekin, Giza Genomaren Proiektuak guztiontzako onura biomedikoak ekarriko dituela ziurtatu nahi dutela aldarrikatu dute eta, bide batez, datu base publikoak ezagutzera eman nahi dituzte, ikerketa biomedikoetan dabiltzanen % 50ek besterik ez baititu ezagutzen eta erabiltzen.

Biltzar berean, datu-baseak mugatzea sektore pribatuarentzat ere buruhaustea dela adierazi du Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko (OECD) Benedicte Callan-ek. Asmakuntza Genetikoak, Jabego Intelektualaren Eskubideak eta Lizentziak lantaldeko buruaren hitzetan, horren erakusle dira farmazia-konpainia handiek, Novartis, Bayer eta GlaxoSmitKline kasu, patentatutako informazioa trukatzeko sinatutako hitzarmenak. Elkarte komertzial horien bidez, euren buruak babestearekin batera, patentatutako geneak sektore publikoko ikertzaileetatik "salbu" gorde ditzakete.

Mamu beltza

Gene bat patentatzeko ez da nahikoa sekuentzia aurkeztea, haren funtzio biologikoa ere ezagutu behar da, edozer patentatzeko erabilgarritasuna eskatzen baita. Baina hortik aurrera patente guztiek duten babes legal bera dute geneek ere. Adibidez, patentatutako gene batean ikerketan egin nahi duen edonork jabeari ordaindu egin behar dio. Demagun X geneak X gaixotasuna sortzen duela aurkitzen duzula eta genea patentatu egiten duzula. Bi urte geroago nik gaixotasun horrentzat sendabidea topatu nahi badut, zuk ezin didazu ikerketa egitea galarazi, baina nik ordaindu egin behar dizut genea ikerketan erabili ahal izateko. Estatu gehienetako legeek erabateko babes hori eskaintzen diete patente guztiei, baita geneei ere, baina argi dago gene bat ez dela garbigailu bat. Gainera, zilegi al da geneak patentatzea? Oinarrizko eztabaida argitu gabe, legeak aldatzea eta geneentzako berariazko arauak prestatzea proposatzen dute batzuek, baina ez dirudi oraingoz bide horri helduko zaionik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia