}

Geneen gorabeherak

2006/01/22 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Itxuraz, gizakion egoa zapuzten ari da genetikan aurkikuntzak egin ahala. Giza Genoma proiektuak erakutsi zuen gizakiak uste zen baino gene gutxiago dituela. Eta, orain, ikusi dute eboluzioan askoz atzerago dauden animalia sinple batzuen geneak eta gizakiarenak oso antzekoak direla.
Platynereis dumerilii itsas zizarearen geneen zati bat gizakiarenarekin alderatu dute, eta antza omen dute.

Espezieen eboluzioa ikertzeko bideetako bat geneak dira: espezieen genoma aztertuta, DNAk nola eboluzionatu duen jakin daiteke. Orain arte, hainbat animalia-espezieren genomak deskodetu dira: gizon-emakumeona, txinpantzearena , saguarena , arratoiarena , txakurrarena —abenduan bertan eman dute horren berri—, malariaren eltxoarena, puxika-arrainarena ... Eta genoma horiek alderatzen jardun dute ikertzaileek.

Bereizten gaituena, batzen gaituena

Esate baterako, joan den urtearen hasieran iragarri zuten puxika-arrainaren genoma deskodetu zutela. Ornodunen artean, genomarik txikiena duen animalia da puxika-arraina. Arrain horren zelulek gizakienek baino zortzi edo bederatzi aldiz DNA gutxiago dute. Bien DNA alderatuta, biak komunean izan zuten arbaso hartara iritsi ziren, neurri batean.

Orain, berriz, are eta atzerago egin dute ikertzaileek, eta itsas zizare baten genomarekin alderatu dute. Platynereis dumerilii du izena zizare horrek, eta, morfologikoki, duela seiehun milioi urteko fosil batzuen oso antzekoa omen da. Hori dela eta, “fosil bizidun” esaten diote, ia eboluzionatu ez duen espezie bat delako.

Espezieen eboluzioa ikertzeko euskarri egokia da DNA.

Itsas zizare hori oso sinplea da itxuraz; haren genoma ez, ordea. Garai batean uste zen morfologikoki sinpleak ziren espezieen genoma ere sinplea zela; baina ikusi dute uste hori okerra zela. Zenbait espeziek bai, genoma sinplea dute: euliak, esate baterako. Antza denez, batez ere eboluzio azkarreko espezieek jo dute genoma sinpleago batera, ornogabeek batez ere —euliak, esate baterako—. Motel eboluzionatzen duten animaliek, ordea, badirudi genomaren atal gehienak mantendu dituztela.

Esate baterako, gizakiaren geneak askoz konplexuagoak dira euliarenak baino, nabarmen. Nahiko mantso eboluzionatu du, eta, itsas zizarearekin egindako ikerketak erakutsi duenez, geneetako intronek iraun egin dute eboluzioan. Intronak proteinarik kodetzen ez duten geneen atalak dira, eta, neurri batean, geneen konplexutasuna erakusten dute.

Espezie batzuek genoma sinpleagotzera jo dute eboluzioan, intsektuek, esate baterako.

Kontua da itsas zizare horren genomaren zati bat deskodetu dutela Europako Biologia Molekularraren Laborategian, eta, giza geneekin alderatuta, ikusi dute zizarearenak gizakiarenak bezain konplexuak direla. Intronak izateaz gain, intron horiek antzeko posizioetan daude zizarearen geneetan eta gizakiarenetan.

Erantzun bat eta hamaika galdera

Hala, argi geratu da hasiera hartako animaliek dagoeneko gene konplexuak zituztela, eta ornogabe askok genoma sinpleago baten alde egin dutela eboluzioan, hala nola euliak. Hori batetik; eta, bestetik, ikusi dute gizakiaren eboluzioan aspalditik iraun duten atalak direla intronak.

Argi dagoenez, espezieen eboluzioaren bidea uste baino konplikatuagoa izan da. Zenbat eta azterketa genetiko gehiago egin, orduan eta nabarmenagoa da ikerketa gehiagoren beharra, galdera bati erantzunez batera beste hamaika galdera azaltzen baitira azalpen eske.

7K-n argitaratua.