}

Frogatu dute hegaztien eta ugaztunen garunek bide desberdinetatik eboluzionatu zutela

2025/02/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

frogatu-dute-hegaztien-eta-ugaztunen-garunek-bide
Hegazti-enbrioi bat, arrautzaren barruan, neuronen sorrera agerian jarriko duen erreaktiboen injekzioa jaso ondoren. Arg. Fernando García-Moreno

Science aldizkarian argitaratutako bi artikuluk argi utzi dute hegaztiek, narrastiek eta ugaztunek, arbaso komun batetik eboluzionatu badute ere, modu independentean garatu dituztela garuneko zirkuitu konplexuak. Aurkikuntza horiek garunaren garapenaren malgutasun ebolutiboa nabarmendu dute, funtzio kognitibo aurreratuak bide zelular eta genetiko oso desberdinen bidez ager daitezkeela frogatuz.

Lehenengoan, garuneko eremu jakin bat, palioa aztertu dute, eta ikusi dute ugaztun, hegazti eta narrastietan palioaren funtzio orokorrak baliokideak diren arren, neuronen garapen-mekanismoak eta identitate molekularra nabarmen aldendu direla eboluzioan zehar. Palioa, zehazki, ugaztunen neokortexa garatzen den garuneko eremua, funtzio kognitibo konplexuez arduratzen dena, eta gizakiak gainerako espezieetatik gehien bereizten dituen eremua. 

Orain arte, ikertzaileek uste zuten palioaren konplexutasunean zegoela animalia-talde batzuen eta besteen arteko diferentzia, baina antzeko neurona-motak eta antzeko zirkuituak zituztela, prozesamendu sentsorial eta kognitiborako.

Orain, ordea, transkriptomika espazialeko analisiaren eta modelatze matematikoaren bitartez, ikertzaileek frogatu dute hegazti eta ugaztunen prozesamendu sentsorialaz arduratzen diren neuronak gene-talde desberdinak erabiliz eratzen direla. Hortaz, eboluzio konbergentearen adibidea da. 

Bigarren ikerketan, diferentzia horietan sakondu dute: hegaztien garuneko zelula-moten atlas zehatza osatu dute, eta ugaztunenarekin eta narrastienarekin alderatu dute. Hala, ikusi dute hegaztiek beste ornodun batzuetan dauden neurona inhibitzaile gehienak kontserbatu dituztela duela ehunka milioi urtez geroztik. Aitzitik, informazioa transmititzeaz arduratzen diren palioko neurona kitzikatzaileek beste era bateko eboluzioa izan dutela frogatu dute. Nolabait, hegaztiek mekanismo propioak erabili dituzte neurona-zirkuitu sofistikatuak garatzeko, ugaztunen bide berari jarraitu gabe. Ikertzaileek aitortu dutenez, horrek aldarazi egin die garunaren eboluzioa ulertzeko modua.

Bi ikerketetan, Achucarro zentroko eta EHUko Fernando Garcia Moreno Ikerbasque ikertzaileak parte hartu du, Euskal Herriko zenbait zentrotako (Achucarro, CICbioGUNE, BCAM…) eta nazioarteko hainbat ikertzailerekin batera.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia