}

Botiken kutsaduraren ondorio larriak agerian

2020/04/08 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

farmakutsaduraren-ondorio-lazgarriak
Arg. Arek Socha, Pixabay

The Lancet aldizkari medikoak argitaratu berri duen artikulu batek kutsadura farmazeutikoaren arazo larria jarri du mahai-gainean. Botiken erabilera masiboak ingurumenean eta giza osasunean eragiten dituen ondorio suntsitzaileez ohartarazi du, eta, tratamendu masiboak egitean, ondorio kezkagarri horiek aintzat hartzeko deia egin du.

Unax Lertxundi Etxebarria Arabako Osasun Mentaleko farmazialariak eta Gorka Orive Arroyo EHUko Farmazia Farkultateko irakasleak argitaratutako lana da. Artikuluan, batez ere Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) ahaztutako gaixotasun tropikalak kontrolatzeko gomendatzen dituen tratamendu masiboez ari dira. Halakoetan, ingurune geografiko jakin  batean bizi diren pertsona guztiak tratatzen dira aldi berean, milaka edo milioika, gaixo egon edo ez. Afrikan, Asian, Amerikan zein Ozeanian egiten dira, protozooez, bakterioez, txitxareez eta bestelako parasitoez libratzeko ahaleginean. 2017an, esaterako, 1.000 milioi pertsona baino gehiago tratatu ziren horrela.

Tratamendu masiboetan, botika ohikoenak azitromizina antibiotikoa eta ibermektina, albendazol, mebendazol eta prazikuantel antiparasitarioak izaten dira. “Tratamendu masiboak oso garrantzitsuak dira, gaixotasun horiek dituzten ezaugarriengatik, ez baita eraginkorra bakarrik gaixotasunaren sintomak dituztenak tratatzea.  Asintomatikoek ere botatzen dituzte parasitoen arrautzak beren gorotzetan, eta horiek berdin-berdin hil behar dira—dio Unax Lertxundik—. Baina datu oso kezkagarriak daude tratamendu horien ondorioez. Izan ere, botika bat hartzen dugunean, parte bat xurgatu eta erabili egiten du gure organismoak, baina beste parte handi bat gernuaren eta gorotzen bidez kanporatzen dugu, araztegietan amaitzen dutenak. Araztegiak ez daude prestatuta botikak desagerrarazteko, eta azkenean errekan amaitzen dute, ingurumenean barreiatuta”.

Gainera, urak arazteko baliabide urrienak dituzten herrialdeetan egiten dira tratamenduok. Lertxundi eta Oriveren ustez, beharrezkoak dira tratamendu masiboak, baina, orain arte, ez dira behar bezala kontuan hartu haien ondorio ekotoxikologikoak. Oro har, farmakokutsadura aztertzeko behar handia dagoela uste dute.

Gorka Orive Arroyo EHUko Farmazia Farkultateko irakaslea eta Unax Lertxundi Etxebarria Arabako Osasun Mentaleko farmazialaria. Arg. Unax Lertxundi eta Gorka Orive

Gure antidepresiboen, antiinflamatorioen eta beste botiken ondorio larriak

Farmakologian hiru mila printzipio aktibo baino gehiago erabiltzen dira, lurra eta errekak kutsatzen amaitzen dutenak. “Kontzentrazio oso baxuak direla pentsa dezakegu, baina botikak eragin farmakologikoa oso kontzentrazio baxuetan izan dezaten diseinatzen dira. Hortaz, nahiz eta kontzentrazio baxuetan egon, ondorioak larriak dira —argitu du Lertxundik—. Hasteko, antibiotikoekin bakterio erresistenteak sortzen dira uretan. Horrek ospitaletara ekartzen du arazoa bueltan, gero antibiotiko horiek ez baitira eraginkorrak gaixoak sendatzeko”.

Baina arazoak dimentsio handiagoa du. Ekosistema basatietan eragiten dituen arazoak ikusi besterik ez dago. “Voltaren® (diklofenako) antiinflamatorioak, adibidez, saien populazio oso bat desagertarazi zuen Indian, giltzurrunak kaltetuta. Azkenean, gogoratu behar dugu gorputzean ditugun egitura eta konposatu gehienak ez direla gizakietan agertu lehehengo aldiz, eboluzioan. Animalia gehienek dituzte, guk bezala, serotonina, dopamina eta abar —argitu du Lertxundik—. Esaterako, kolesterola tratatzeko botikek, estatinek, gorputzak kolesterola sintetizatzeko erabiltzen duen entzima bat inhibitzen dute. Baina ornodun guztiok entzima bera dugu kolesterola sortzeko. Beraz, kolesterola jaisteko botika hartzen dugun aldioro, parte bat gernuarekin bota eta eragin dezake krustazeo batek, adibidez, muda ezin egitea”.

“Beste adibide bat:  fluoxetinak —Prozac® antidepresiboak— errekan amaitzen duenez, errekako intsektu-larbek hartzen dute han. Metatu egiten dute, gainera, eta, ondorioz, intsektuok jaten dituzten animaliek ugaltzeko arazoak eduki ditzateke gero. Australiako ikerketa batean kalkulatu dute ornitorrinkoek, intsektiboroak izanik, gizakiek hartzen duten antidepresibo-kontzentrazioaren erdia hartzen dutela, egunero, haien elikagaiekin, errekatik. Zer gertatuko zaio ornitorrinko bati egunero antidepresiboa hartuta? Ez dakigu, baina gogoratu ornitorrinkoek serotonina dutela, guk bezala, berdin-berdin”.

“Are gehiago —zehaztu du Orivek—, kontuan hartu behar dugu botika batzuek pare bat ordu ematen dituztela gure gorputzean, baina 40 urtez mantentzen dira ingurumenean”.

Arazoaren dimentsioa ikusita, farmakokutsadura gizartean heldu beharreko gaia dela uste dute. Datozen urteetan, farmakoek gure ingurumenean duten inpaktua ebaluatuko dute Orivek eta Lertxundik; kutsadura farmazeutikoak Euskal Herrian eta, batez ere, Gasteizen duen inpaktua, beti ere osasun-ikuspegi batetik aztertuta. Azken helburua, gizarteari eta osasun-munduan lan egiten profesionalei transmititzea da, arazoaren kontzientzia handiagoa har dezagun.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia