}

Ezohiko pneumonia: izurri berria?

2003/04/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Ezohiko pneumoniaren lehen kasuak azaldu zirenetik, komunikabide batzuek izurri hitza erabili dute gaitzari buruz hitz egiteko garaian. Izan ere, lehenengo gaixoak Txinako eskualde batekoak baziren ere, laster jakin zen Kanadan ere zenbait gaixo bazirela. Geroztik, gaixoen eta hildakoen kopuruak gora egin du etengabe, eta gaitza zabaltzen ari da .

Hala ere, izurri den ala ez jakiteko, goiz da oraindik. Lau mila inguru gaixo daude mundu osoan, eta berrehundik gora dira hildakoak. Hori bai, Txinako osasun-agintariek eta Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) kezka azaldu dute, gaitza geldiarazteko modurik asmatzen ez bada egoera asko okertzeko arriskua dagoelako. Oraingoz, hainbat neurri ari dira hartzen gaitza ez zabaltzeko: hegaldiak kontrolatzen ari dira, gaixoen ingurukoak berrogeialdian jartzen ari dira, Txinako eskoletan umeei egunean bitan hartzen diete tenperatura lehen sintomak azaldu orduko gaixoa antzemateko...

Neurri horietaz gain, ikertzaileak ere lanean ari dira, gaitza sortzen duen eragilea hobeto ezagutzeko eta hari aurre egiteko era aurkitzeko. Dagoeneko lehenengo pausoak eman dira, eta, apirilaren 16an ezohiko pneumoniaren eragilea aurkitu zutela jakinarazi zuen OMEk.

Eragilea, Coronaviridae familiako birusa

Ezohiko pneumoniaren eragilea zein den jakiteko, 13 laborategik elkarrekin egin dute lan. Azkenean, badirudi orain arte ezagutzen ez zen birus bat dela eragilea, Coronaviridae familiakoa. Birusaren genoma guztiz deskodetzea ere lortu dute, eta ez da familiako beste birusetatik oso ezberdina.

Familia horretako birusek, mikroskopio elektronikoz ikusita, koroa-itxura daukate. Itxura hori birusaren estalkian dauden glikoproteinek ematen diote; hain zuzen, proteina horietako baten bidez lotzen zaio birusa zelulari, eta proteina horretara lotzen zaizkio antigorputzak ere. Barruan, berriz, RNA dute; RNA duten birusetatik genoma handiena duten birusak dira familia honetakoak.

Coronaviridae birusak urdaileko, hesteetako eta gibeleko gaitzekin erlazionatzen dira animalietan, baita gaixotasun neurologikoekin ere. Alabaina, gizakietan ez dute sintoma larririk eragiten; normalean arnas aparatuko eta hesteetako infekzio arinak sortzen dituzte, gripea baino arinagoak.

Orain ezagutu den birus honek, ordea, askoz ere sintoma larriagoak eragiten ditu. Hasieran, 38° C-tik gorako sukarra, buruko eta giharretako mina, ondoeza eta eztarriko mina azaltzen dira. 3-7 egun geroago, eztul lehorra eta arnasa hartzeko zailtasuna sentitzen dira, eta odoleko leukozitoen eta plaketen kopurua gutxitu egiten da. Kasu batzuetan, gaitzak ez du aurrera egiten, eta beste batzuetan larriagotu egiten da. Azkenean, gaixoen
% 4 inguru hil egiten da.

Ezohiko pneumonia eragiten duten beste mikroorganismo batzuk Legionella pneumophila eta Micoplasma pneumoniae dira, eta oraingo eragileak ez ditu horiek baino sintoma larriagoak edo hildako-proportzio handiagoak eragiten. Transmisioa ere besteetan bezala gertatzen dela uste da; hau da, batez ere eztula egitean edo hitz egitean gaixoak botatzen dituen tantatxoen bidez kutsatzen da gaitza. Ukitzean ere kutsatzen dela uste dute. Baina oraindik asko dago ikertzeko.

Adibidez, ez dakite nondik nora azaldu den birusa. Lehenengo kasuak tximinoak, sugeak, arratoiak eta beste animalia-espezie asko jateko ohitura duten Txinako eskualde batean azaldu ziren, eta horregatik uste dute animalietan ohikoa zela eta gizakietara egokitzea lortu duela. Gainera, txerrien eta hegaztien Coronaviridae familiako birusekin antza du. Beste batzuen ustez, birus desberdinak konbinatuta sortu da, eta, azkenaldian, kezka handia dago mutatzeko ahalmen handia duela susmatzen dutelako hainbat ikertzailek.

Diagnostikoa eta sendabidea

Eragilea identifikatu orduko, hura ustezko gaixoetan detektatzeko metodoak garatzen hasi dira ikertzaileak. Kontuan izan behar da antzeko sintomak dituzten gaixo guztiak ez daudela halabeharrez ezohiko pneumoniak jota, eta oso garrantzitsua da benetako kasuak zein diren jakitea.

Diagnostikoa egiteko hiru metodorekin ari dira lanean: birusaren aurkako antigorputzen detekzioa gaixoen odolean —ELISA testaren edo immunofluoreszentzia bidez—; birusaren material genetikoaren detekzioa, bai odolean bai beste ehunetan —PCR testa—; eta birusa hartu eta zelula-kulturetan haztea.

Sendabideei dagokienez, oraindik ez dago birusaren aurkako botika eraginkorrik. Gaixo batzuetan, birusen aurkakoak eta sintomak arintzeko botikak bateratuta, emaitza onak lortu dira, baina ez dago berariazko sendagairik. Txertoa izateko aukera ere ez da berehala gauzatuko. Hala ere, aditu batzuk itxaropentsu daude, ikerketak beste gaixotasun batzuetan baino azkarrago ari direlako ematen emaitza onak. Ekainaren 17-18an, zientzialariak Genevan bilduko dira gaia aztertzeko; zalantzarik gabe, ordurako datu gehiago egongo dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia