Eva eta giza klonazioa

2003/01/14 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Joan den abenduaren 27an Eva jaio zela esan ziguten eta jaioberri hura klonatutako lehen gizakia dela. Eta esan ziguten, egun gutxian proba genetikoak egingo zizkiotela eta frogatuko zutela prentsaren aurrean egindako adierazpen horiek egia zirela.
Brigitte Boisselier Clonaid-eko zuzendaria.

Baina egunak pasatu dira; Eva ez du inork ikusi eta frogarik ez da inora iritsi; hori bai, raeldarrak zein diren ongi baino hobeto jakin dugu. Raeldarren arabera, zibilizazio estralurtar batek sortu gintuen klonazioz eta, haien ustez, giza klonazioa betiko bizitzarako bidea da.

Talde hau duela 30 urte sortu zen Frantzian. 1973an, Rael goitizenez ezagutzen den kazetari frantses bati izaki estralurtar bat agertu zitzaion eta egia jakinarazi zion: gizakia laborategietan sortu zela duela 25.000 urte.

Horrelako ohorea eskertzeko, estralurtar jakintsu haien mailara iritsi nahi izan du Rael-ek; eta berriz klonatu du gizakia. Eta, estralurtarren metodoari jarraiki, munduaren aurrean agertu eta bere egia jakinarazi digu.

Baina hemen, Lurrean, zientzialarien artean behintzat, beste modu batera egiten da lan. Ikerketak aldizkarietan argitaratzen dira, besteek irakur eta eztabaida ditzaten. Eta egiazkoak direla frogatu behar da. Datuak emanez. Eta emaitzak ikusten utziaz. Eta nahi duenak errepikatzeko moduan.

Raeldarren ustez, giza klonazioa betiko bizitzarako bidea da.

Raeldarrek oraingoz ez dute inolako frogarik eman; baina askok susmatzen dute nahi zutena lortu dutela. Publizitatea eta dirua.

Zoritxarrez, giza klonazioaren auziari arnas berria ere eman diote; eta zientzialari asko beldur dira arnas horrek ez ote dituen ikerketak itoko, berriz ere hasi baikara giza klonazioaren kontrako argudio etikoak eta erlijiozkoak aditzen. Eta batzuek tentazioa dute argudio horiek lege bihurtzeko.

Garrantzitsuagoa da, ordea, zientzialariei aditzea. Zientzialariek behin eta berriz esan dute klonazio-teknikak hastapenetan baino ez daudela, arrakasta oso txikia dutela, bizi den klon bakoitzeko ehunetik gora bidean galtzen direla eta bizi direnek ere osasun-arazoak izaten dituztela.

Ardiak, saguak, txerriak eta behiak klonatu dira, bai, baina prozesua ez da ondo ulertzen eta asko dago oraindik ikasteko; adibidez, oraindik ez da tximinorik klonatzea lortu. Gauzak horrela, gizakiak klonatzeko saioak egitea astakeriatzat jotzen dute zientzialariek.

Herri Irratiarentzat prestaturiko iritzi-artikulua.