}

Eraldaketa kimiko harrigarria

2001/10/03 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia


Burdina metalikoa burdin siliziuro bihurtzeko metodo harrigarria asmatu da.

Boruroak, karburoak eta siliziuroak oso gogorrak eta makina-erremintaren industriarako balio handiko materialak dira. Bestalde, oso propietate termiko bereziak dituzte. Siliziuroen aplikazio industrial nagusia, adibidez, galdaretako berogailuen harilak egitea da.

Hala ere, siliziuroak lortzea oso prozesu mantsoa eta neketsua da, materiala oso tenperatura altuetan moldeetan injektatu eta pixkanaka hozten utzi behar baitzaio. Prozesu luze hori azkartzeko asmoz, Hannover-eko unibertsitateko zientzialari batzuk siliziuroa egiteko bide berriak ikertzen hasi ziren. Horrela, esperimentu batean, burdinazko harila silizio tetraklorurozko atmosferan utzi zuten, eta ezusteko emaitza lortu zuten.

Siliziuroa sortu zen, eta, espero zutenaren aurka, pieza ez zen hauts bihurtu; aitzitik, lehengo itxurari eta tamainari eutsi zien aldaketa aipagarririk izan gabe. Gasaren silizio atomoek solidoaren azalarekin erreakzionatu zuten egitura kimikoa aldaraziz. Sortzen zen materiala porotsua denez, silizioa egituraren barrualdera ere iritsi eta eraldatu egin zuen. Bukaeran hasierako itxurako solidoa lortu zuten, egitura kimikoa guztiz aldaturik. Solidoa jatorrizkoa baino hauskorragoa ere bilakatu zen, baina, tratamendu termiko baten bitartez, beharrezko trinkotasuna eman dakioke.

Esperimentuan erabilitako pieza oso mehea zen, baina, zientzialarien ustez, denbora luzeagoa erreakzionatzen utzita pieza handiagoekin ere prozesua eraginkorra izango da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia