}

Makina-erreminten historia laburra Euskal Herrian

2000/03/01 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Makina-erreminten sektorea garrantzitsua eta punta-puntako izan arren, ez dago denboran oso atzera egin beharrik lehen lantegiak topatzeko. Makina-erremintaren lehen industria modernoa XIX. mendean garatu zen, Industri Iraultzarekin batera, lurrun-makina izan zelarik garapenaren eskailerako lehen maila. Ordura arte animaliez, uraz, haizeaz edo norberaren indarraz baliatzea beste aukerarik ez zuen gizakiak eta lurrun-makinak industria modernoaren garapenaren giltza izan zen indarraz –hitzaren erabateko esanahi fisikoan– hornitu gintuen. Lurrun-makinaren abantailez baliatuta ehungintza garatu zen lehenik eta, bigarren aldian, garraiobideek gozatu zituzten abantaila horiek. Makina-erreminta bigarren aldi horretan azaldu zen, industria astun, industria kimiko, industria metalurgiko eta industria elektrikoarekin batera.

Euskal Herrian, ordea, XX. mendearen atarian agertu zen makina-erremintak egiteko lehen lantegia, Eibarren hain zuzen ere, arlo horretan gerora hain garrantzitsua bilakatu den Deba arroan. Makina-erreminten fabrikazio industrialaren garapen eta eboluzioa herrialde bakoitzaren ekoizpen industrialari lotuta dago erabat, eta Euskal Herriaren garapen industriala berandu gertatu zen Europako beste herrialdeekin alderatuta. Nekazaritza eta arrantza ziren nagusi, nahiz eta Euskal Herriak burdin industria garrantzitsua izan.

Euskal Herrian Gurutz Otxoa eibartarra izan zen aitzindaria,atzeraurrerako zerra-makina sinpleak eta tornu paralelo txikiak egiten zituen lantegia ireki zuenean. 1916an, suhia zuen Jose Retenaga batu zitzaion lanari, eta biak batera fresatzeko makina orokorrak egiten hasi ziren, baita armagintzari begira beharrezko ziren beste zenbait makina-erreminta ere. Bestalde, Ramon Ilarramendik lantegia prestatu zuen 1902.ean Errenterian. Lantegiak metal-galdaketan jarduten zuen eta metalak zein egurra lantzeko makina-erremintak egiten hasi ziren; tornu eta fresatzeko makina orokorrak batik bat. 1913.ean Eulogio Estarta eta Jose Leon Ziaran zutabedun eta mahaigaineko zulatzeko makinak egiten hasi ziren. 1913.an eratu zen Eibarko Armagintza Eskolak ere zeregin garrantzitsua izan du makina-erremintaren industriaren garapenean.

Bizkaian, "La Industria Electromecánica, S.A." izan zen makina-erremintak egiten hasi zen lehena, 1914.ean hain zuzen, eta segituan "Talleres de Guernica" lantegia batu zitzaion lan horretan. Tornuak, zutabedun zulatzeko makinak eta fresatzeko makinak egiten hasi ziren enpresa horiek, produkzioa oro har industria astunaren eskarietara, hots, mekanizazio- eta konponketa-lanetara, baldintzatuta garatu zelarik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia