}

Entzefaloa eta barrabilak, diruditen baino antzekoagoak

2021/06/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

entzefaloa-eta-barrabilak-diruditenak-baino-antzek
Barrabil-ehunak, mikroskopiopean. Arg. Cambridgeko Unibertsitatea

Portoko eta Birminghamgo unibertistateetako ikertzaileen arabera, giza ehun antzekoenak entzefaloarena eta barrabilena dira. Haien esanean, organo horien morfologia eta funtzioak oso desberdinak diren arren, azken 40 ureetako ikerketek erakutsi dute badituztela parekotasunak, adibidez, espresio genetikoan: giza gorputzeko organo guztien artean, espresioan antzekoenak entzefaloa eta barrabilak dira. Gizonen sexu-disfuntzio eta asaldura neurologiko batzuen artean erlazioa dagoela ere iradoki izan dute. Hortaz, ebidentzia horiek aintzat hartuta, ikertzaileek entzefaloaren eta barrabilen, eta neuronen eta espermatozoideen arteko antzekotasunak aztertzea erabaki zuten.

Ikerketa horretan, gorputzeko atalek ekoitzitako proteinak aztertu eta alderatu zituzten, antzekotasunak ikusteko. Hala, antzekotasunik handienak entzefaloaren eta barrabilen artean aurkitu zituzten: 13.442. 

Bi organoek partekatutako proteina gehienek ehunen garapenarekin eta komunikazioarekin zerikusia zuten. Azaldu dutenez, aurkikuntza hori ez da harrigarria izan, kontuan hartuta bi organoetako proteinek erregai-kantitate handiak kontsumitzen dituztela; batek pentsamendua prozesatzeko, eta besteak milioika espermatozoide ekoizteko. Eta biak daude espezializatuta ekoizten duten materiala kanporatzen: neurotransmisoreak eta espermatozoideak.

Beste antzekotasun batzuk ere topatu dituzte, besteak beste, metabolismoan, kalte oxidatiboan, odolarekiko duten hesian... Egindako ikerketak bi organoen funtzioak hobeto ulertzeko eta haiekin lotutako gaixotasunak tratatzeko terapia berriak bilatzeko balio izan duela azpimarratu dute.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia