Downen sindromea zuen haur neandertal baten fosila aurkitu dute
2024/06/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hezur tenporalaren zati bati esker, frogatu dute neandertalek zailtasunak zituzten haurrak zaintzen zituztela. Fosila Cova negra kobazuloko aztarnategian aurkitu zuten (Xátiva, Valentzia), eta, hasieran, animalia batena zela uste izan zuten. Gero, ordea, ohartu ziren duela 150.000 urteko haur neandertal batena zela. Tomografia axial konputerizatua erabilita, berriz, belarrian jaiotzatiko malformazioak zituela ikusi dute, hala nola hodi erdizirkularraren displasia, eta otitisak eragindako fistula bat, zeinak orekan eta entzumenean eragingo baitzion. Ikertzaileen esanean, gaur egun, patologia horiek denak batera Downen sindromea duten pertsonek baino ez dituzte izaten.
Horrenbestez, ondorioztatu dute neandertalek, heldu gaixoak edo elbarriak ez ezik, gutxiegitasun nabarmenak zituzten haurrak ere zaintzen zituztela. Hain zuzen, Downen sindromea zuen haur hori sei urtez bizi izan zela kalkulatu dute, orain arte aurkitu diren historiaurreko Downen sindromendunak baino askoz ere gehiago, baita sapiensak izanda ere. Ikertzaileek iradoki dute, haur hark zituen beharrei erantzuteko, ama ez zela nahikoa izango; alegia, taldea arduratuko zela hura zaintzeaz. Horrek erakusten du, beraz, neandertalek estrategia sozial konplexuak zituztela.
HM Ospitaletako, Alcalako Unibertsitateko eta Valentziako Unibertsitateko otoakustika ebolutiboko eta paleantropologiako ikertzaileek gidatu dute ikerketa, eta Science Advances aldizkarian argitaratu dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia