}

Dopin intelektuala

2008/11/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Nork ez du kafeina hartu esna eta erne egoteko une jakin batean? Eta ziur ezagutzen duzula azterketa-garaian intxaurrak, espirulina alga edo latako sardinak jan dituen norbait, baita gogoz kontra ere, jaki horiek memoria hobetzen dutelakoan. Behar bada, jaki horien eragina ez da oso handia izango; zenbait botikek, ordea, eraginkortasun handia dute, eta, hain juxtu, horien erabilerak eztabaidasortu du.

Garunaren jarduera pizten duten botika horiei s mart drugs deitzen zaie, hau da, droga azkarrak. Osasun-sistemaren barruan, kontzentrazioarekin eta memoriarekin lotutako asaldurak tratatzeko erabiltzen dira batez ere, baina osasun-arazorik ez dituztenek ere hartzen dituzte, tartean, ikertzaileek.

Lanean kontzentratzen eta nekea gainditzen laguntzen duten botikak hartzen dituztela aitortu dute ikertzaile askok.

Garunaren jarduera pizten duten botika horiei s mart drugs deitzen zaie, hau da, droga azkarrak. Osasun-sistemaren barruan, kontzentrazioarekin eta memoriarekin lotutako asaldurak tratatzeko erabiltzen dira batez ere, baina osasun-arazorik ez dituztenek ere hartzen dituzte, tartean, ikertzaileek.

Kontua duela hilabete batzuk atera zen argitara. Cambridgeko Unibertsitateko bi ikertzailek, psikiatrian, portaeran eta neurozientzietan adituak, substantzia horiei buruzko artikulu bat argitaratu zuten Nature zientzia-aldizkarian. Artikuluaren asmoa eztabaida piztea zen; izan ere, erabilera terapeutikoa ondo araututa dago, baina egileek ez dute zalantzarik substantzia horiek helburu terapeutikoaz haratago erabiltzen direla. Eta beharrezkoa iruditzen zaie bestelako kontsumo horrek epe luzera dituen eraginak, albo-ondorioak eta abar sakon aztertzea, arduraz kontsumitu nahi dituenak informazio guztia izan dezan.

Besteak beste, artikulu hartan aipatzen zuten ez dutela uste substantzia horietako batzuek kontrako jarrera handirik sortuko dutenik, adibidez, albo-ondorio txikiak edo batere ez dituzten substantziak, eta neurrizko eragina dutenak, esaterako, neurri batean ahaztea galarazten dutenak, edo egun neketsu batean kontzentratzen laguntzen dutenak. "Inork gutxik pentsatzen du lanean kafe bat hartzeak bidegabeko abantaila ematen dionik inori" esanda gero, hau galdetzen dute: "Pilula moduan edo edari gisa hartzeak ezer aldatzen al du?".

Artikulu hark erantzun asko jaso zituen Nature -ren web gunean, eta aldizkarikoek inkesta bat egitea erabaki zuten, jakiteko zenbat ikertzailek hartzen dituzten halako substantziak. Inkesta Interneten plazaratu zuten, eta erantzutea borondatezkoa zen. Guztira 1.400 erantzun jaso zituzten, 60 herrialdetatik.

Zehazki, hiru drogei buruz galdetu zuten: metilfenidatoa (Ritalin), arreta falta eta hiperaktibitate-arazoak dituzten haurrak tratatzeko erabiltzen den botika, ezaguna unibertsitatean ere, batik bat azterketa-garaian; modafinila (Provigil), jet-laga gainditzeko eta loaren asaldurak tratatzeko erabiltzen dena; eta beta-blokeatzaileak, bihotzeko arritmien eta antsietatearen kontrakoak.

Inkestari erantzun dioten bostetik batek substantzia horietakoren bat edo antzeko besteren bat hartzen zuela aitortu du. Kontsumitzaileen artean, adin guztietako ikertzaileak daude, eta gehien bat metilfenidatoa hartzen dute (hirutik bik). Ia erdiak modafinila hartzen du, eta % 15ek beta-blokeatzaileak, hala nola propanolola. Zenbakiak ikusita, ikertzaile batzuek substantzia bat baino gehiago hartzen dutela ondorioztatzen da. Horrez gain, erantzun dutenenen % 80k horrelako beste substantzia batzuk hartzen dituztela adierazi dute; horien artean, adeala (metilfenidatoaren antzeko anfetamina bat), dexedrina eta beste batzuk, baita gingkoa eta omega-3 gantz-azidoak.

Albo-ondorioei buruz ere galdetu zuten inkestan, eta ia erdiak erantzun du baietz, izan dituztela nahi gabeko ondorioak: buruko mina, dardarak, antsietatea eta loezina. Baina kontsumoa tartekatuz gero, albo-ondorioak gutxitu egiten direla ere adierazi dute. Askok osasun-sistemaren barruan eta errezeta bidez lortzen dituzte substantzia horiek, baina beste askok Internet bidez erosten dituzte.

Argi dago: onartu edo ez, substantzia horiek hor daude, eta kontsumoa ere bai, bai terapeutikoa bai bestelakoa. Ikusiko dugu zer bide hartzen duen, baina, behintzat, kontsumoaren gaineko eztabaida hasi da.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia