}

Donostiako medikuntz zinemaldia

1986/12/01 Juandaburre, B. Iturria: Elhuyar aldizkaria

Guztiz ezaguna da Donostian irailero gauzatzen den Nazioarteko Zinemaldi ospetsua. Hala ere, badira Donostian bertan publiko zabalarentzat horren ezagun ez diren beste zinemaldi batzuk. Nazioarteko Medikuntz Zinemaldia horietako bat da. Aurtengo irailaren bukaeran eta urriaren hasieran, zinemaldi espezializatu honen XVII. ihardunaldia burutu da.

1968. urtean hasi zen zinamaldi hau bere lehenengo urratsak ematen. Ordutik hona, bide luzea jorratu du eta baita fruitu oparoak eman ere. Espezializatutako zinemaldi honek badu bezeria berezia: medikuak eta sendakuntzaz arduratutakoak. Hala ere, publiko zabalari eskainitako sailak ere baditu; aurten gerra bakteriologikoari eskainitakoa esate baterako. Lehenengo urte haietan itxiago zen zinemaldiaren ikuslegoa:

Ihardunaldi hauek hasiera batean ateak itxita zuezkaten, eta 15-20 doktore besterik ez ziren biltzen. Publikoa berezia zenez, pelikulak ez ziren ministraritzaren zentsuratik pasatzen. Hala ere, ateak zertxobait zabaldu genituenean, (erizainei, medikuntz ikasleei eta sanitariei) zentsura jasan behar izan zuten bertan aurkeztutako filmeek.

Javier Maria Sada, zinemaldiko idazkariaren hitzak dira hauek.

Gizartea liberalizatuz joan ahala, zinemaldiko ikuslegoa zabalduz joan da. Gaur egun ikusleen arteko %80 lanbidez osasunarekin zerikusia duena izanik ere (mediku, erizain, ikasle...), bada tartean gaiaz interesaturiko publiko zabal bat ere. Hauentzako gainera, ziklo bereziak eskaintzen dira. Beraz, helburua bikoitza du zinemaldi honek; alde batetik osasun-arazoekin zuzenki erlazionatutako lagunei azken aurrerapen eta tekniken berri ematea, eta bestetik gizartearen osotasunari interes orokorreko zikloez eragitea.

Garrantzitsua da antolatzaileentzat gizartean eragin zabala izatea; zinemaldia zerbait itxi eta esklusibo ez bihurtzea:

Urtero guztientzako ziklo bat antolatzen saiatzen gara; pertsona guztien inreresa kitzikatuko duen zerbait egiten. Iaz esate baterako, Euskadin lurrikara edo itsasikararen moduko istripu eta katastrofeak gertatuz geroko egoera tratatu zen. Duela bi urte drogaren arazoa izan zen mintzagai. Aurten gerra bakteriologikoa izan da. Pil-pilean dagoen arazoa eta guztioi dagokiguna. Gaiari buruzko luzemetraia bat proiektatzen da eta ondoren espezialista baten hitzaldia izaten da. Guk aurten, gerra bakteriologikoaren inguruko zikloaren barnean "Alarma-seinalea" izeneko filmea ikusteko aukera izan dugu eta benetan interesgarri deritzogu.

Pozik daude antolatatzaileak jendearengan lortutako arrakastaz. Donostia bezalako hiri batean 500-600 lagun nola edo hala mobilizatzea oso positibotzat jotzen dute.

Bestalde zinemaldiaren 3.000.000 pta-ko aurrekontua aurrera atera ahal izateko, zenbait erakunde ofizial eta pribaturen laguntza ere badute.

Nazioarteko XVII. Medikuntz Zinemaldia Estatistika

Parte hartu duten Herriak: Alemania, Australia, Britainia Haundia, Espainia, Estatu Batuak, Euskal Herria, Frantzia, Italia, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna eta Suitza.

Proiektatutako filmeak: 58 laburmetraia eta 4 luzemetraia

Partehartzaile-kopurua: 579 lagun

Ziklo monografikoak: gerra biologikoa eta dermatologia

SARIAK

A maila: (gai biologiko, mediko eta kirurgikoei buruzko filmeak):

Lehenengo saria: Thrombosis Alejandro Palés Argullós, Juan Torrás eta J.Mª Alonso doktoreek egindakoa.

Ohorezko aipamenak: Humanismo y Ciencia en Algesiologia Angel Zilvetti Salazar doktorearena.

Donostiako Onkologi Institutuak aurkeztutako filme-sorta.

B maila: (farmakologi laborategiek patrozinatutako filmeak):

Lehenengo saria: Cirugia del cristalino artificial General Optica - Domilech-ek produzitutakoa eta Minero, Carleux eta Quintana doktoreek zuzendutakoa.

C maila: (hezkuntza sanitariorako filmeak)

Lehenengo saria: Navegando hacia la vida Maria Rodriguez - Sabio eta Dino Trucado doktoreek zuzendutakoa.

Ohorezko aipamenak: sexu-hezkuntzari buruz Iruñeako Jose Luis Garcia doktoreak aurkeztutako filme-sorta.

Katharina Komun Max Rueinländer doktorearena.

Paris-eko Caisse Nationale d'Assurance Maladie des Travailleur Salaries delakoak aurkeztutako filme-sorta.


Onkologikoko lanak

Donostiako nazioarteko medikuntz zinemaldiko ekintzen artean, Donostiako Ospitale Onkologikoko zenbait medikuk (Carreras, Bidegain eta Agirregabiria doktoreek alegia) prentsaurreko bat eman zuten. Bertan esandako interesgarriena dakargu hona.

"Laringearen kirurgia funtzionalari buruz zenbait filme aurkeztu dugu. Onkologikoko kirurgi birreraikitzaileak duen erabilpenaz burutu dugu beste filme bat. Lehen tumore bat erauzten genuenean, hondamen handia sortzen genuen gaisoaren bizia salbatzearren. Sortzen genuen mutilazioa konpontzeko biderik ez genuen. Laserrak onkologian izan dezakeen erabilpena izan da aztertu dugun hirugarren gaia...

... Laserra ez da guztia konponduko duen panazea. Laserrak kirurgian izan dezakeen eginkizunaz exageratu egin da. Gu izan gara Euskal Herrian laringean laserrez lan egin dugun lehenak. Jadanik, sei urte badaramatzagu zeregin horretan. Laserrak minibiziaren tratamenduan erabilpen txikia duela seinalatu nahi dut. Minbizia tratatzeko dugun beste arma bat da. Bere erabilpena, gaitz aurrekantzeroso edo aurregaiztora mugatzen da. Aurreratutako minbizietan zeregin eskasa du...

... CO 2 laserra da gure espezialitatean erabilgarritasunik duena. Mikroskopio batez lan egiten dugu. Laserra urrutitik zuzentzen dugu eta guk ez dugu ez behatz eta ez matxardarik hurbiltzen. Bestalde, bisturi moduan, ebaketak egiteko, erabil daitekeenaren abantaila du. Laserrak, zuntz optikoen bidez ere eraman daitezke. Bide honetaz barrunbe izkutuetaraino (biriken bronkiolo txikietaraino adibidez) hel daiteke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia