}

Cornelius Rhoads: gerra sendabide?

2019/10/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Barin hiria, Italiaren hegoaldean. 1943. urtea zen, eta II. Mundu Gerra pil-pilean zen. Cornelius Rhoads (1898-1959) mediku estatubatuarra ospitaleko zauritu amaigabeei begira geratu zen: gerrak ez zuen ezer onik ekarriko. Inoiz ez. Inoiz ez?

cornelius-rhoads-gerra-sendabide
Arg. Wikipedia

—Rhoads jauna! —oihukatu zion erizain batek—. Alemaniako hegazkin batzuek portua bonbardatu, eta USS Liberty itsasontzia sutan utzi dute. Ehun tona ziape-gas zeramatzan ontziak, ene. Zauritu asko dago!

Zauritu gehiago! Rhoads jaunak lanari ekin zion. Ziape-gasaren eragina zertan zetzan ikusi zuen: gasak eragin eta berehala, gaixoen globulu zurien (leukozitoen) kopurua hazi egiten zen; hurrengo egunetan, berriz, ia batere globulu zuririk gabe geratzen ziren zaurituak, eta gasaren esposizio bortitza jasandako asko hil egiten ziren.

Egunen joanean, Rhoads harriturik geratu zen: leukozitoei egindako kalteaz gain, ez zegoen ia bestelako infekziorik gaixoetan.

—Itxuraz, ziape-gasak globulu zuriei bakarrik eragiten die! —ohartu zen txundidura handiz, benetan ezohikoa iruditu baitzitzaion. Zerbait atera ote zitekeen bitxitasun hartatik? Bada, bai! Izan ere, kimioterapiaren abiapuntua izan zen hura: leuzemian, globulu zuriak neurri gabe ugaritu, eta kalte handiak sortzen dituzte. Gaixotasun haren aurkako arma boteretsua zeukaten orain.

Ordain garestia izan zen, baina zoritxarreko bonbek zorioneko ondorioa ekarri zuten!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia