}

Brontze garaiko euroa

2001/05/24 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Euroa badator abiada bizian eta laster ez da truke-bulegotik pasa beharko Frantziara, Alemaniara edo Italiara osteratxoa egiteko. Europarren arteko harreman ekonomikoak hobetuko dituela esan digute eta merkataritzarentzat onuragarria izango dela, baina gehienok nagitasun-puntu batekin begiratzen diogu txanpon berriari. Hala ere, badakigu aurrera begira euroak bizitza erraztu egingo digula, neurketa-unitateen sistematizazioak zientziaren eta teknologiaren mundua sinplifikatu zuen gisan. Ingeles jatorrikoak salbu, metroak, zentimetroak, kilogramoak eta gradu zentigradoak erabiltzen ditugu denok eta, hizkuntza bera ez hitz egin arren, primeran ulertzen dugu elkar.

Orain 4.000 urte Mediterraneoaren bueltan loratu ziren gizarteak ez ziren guregandik hain diferenteak eta haiek ere arazo horiei aurre egin behar izan zieten. Garai hartako aztarnategietan aurkitutako arrastoetatik eta orduko idatzietatik badakigu mesopotamiarrak, siriarrak, egiptoarrak... merkatari finak zirela, baita bakoitzak bere pisu-unitateak zituela ere. Antzinako Sirian talentuak, shekel-ak eta mina-k erabiltzen zituzten, baita Ugarit hirian ere, nahiz eta hor unitate horien arteko erlazioa desberdina zen. Egiptoarrek, aldiz, kdt-ak eta dbn-ak erabiltzen zituzten.

Madrileko Complutense Unibertsitateko eta Bostongo Harvard Unibertsitateko bi ikertzaileren arabera, herrialde haien arteko tratuak ezinbestean behar zuen merkataritza bultzatuko eta salerosleen arteko konfiantza bermatuko zuen unitateen truke-sistema bat. Gaurko Nature aldizkarian euren hipotesia azaldu dute.

Zenbaki magikoa 9,4 gramo omen da. Talentu, shekel eta minatan oinarrituta egin dute ikerketa eta Ugaritekoen sistematik abiatuta. Haien shekel bat gure 9,4 gramo direla kalkulatu dute, hain justu, egiptoarren kdt bat bezalaxe eta dbn baten hiru laurdenak bezalaxe. Bi ikertzaileek ikusi dute, biderketa eta batuketa sinpleak erabiliz, unitateen arteko korrelazio zehatzak lortzen direla eta uste dute merkatariek ere berdin egiten zutela. Adibidez, lau shekel (37,6 g) hiru dbn dira gutxi gorabehera (38,49 g). Garai hartako kalkuluen zehaztasunak gramo bateko gorabehera nabarmenduko ez zuelakoan daude ikertzaileak eta konfiantza osoa agertu dute eurek proposatutako balizko truke-sisteman. Makina bat kalkulu eta korrelazio aurkeztu dituzte Nature aldizkarian argitaratu den artikuluan. Bitxia bezain interesgarria.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia