Bikini-operazioa, aurten ere gizen-gizena
2011/05/28 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Berez, Dukanen dieta ez da asko bereizten beste urteetan protagonista izan direnetatik. Haiek bezala, zientzia-kutsuko argumentuak ematen ditu, baina erreferentziazko argitalpen zientifikoetan ez da azaltzen dietaren eraginkortasuna eta segurtasuna frogatzen dituen ikerketarik. Horrez gain, emaitza azkarrak agintzen ditu, miragarriak; elikagai batzuk hobesten ditu, eta beste batzuk, berriz, debekatu; arau zorrotzak ezartzen ditu; jarraitzaileen artean jende ospetsua dago...
Alegia, oinarrian gainerako dietak bezalakoa da. Bereizgarri handiena, agian, sortzailea da. Hain zuzen, Dukan doktoreak sortu zuen dieta 1970eko hamarkadan, erdi-txiripaz, paziente baten burugogorkeriak behartuta.
Nonbait, garai hartan Dukan neurologoa zen Parisen, eta bere pazienteetako batek asma eta obesitate larria zituen. Argaltzeko metodo asko probatu omen zituen, denak alferrik. Beste behin ahaleginduko zela agindu zuen, baldintza batekin: haragia jango zuen. Hala, Dukanek nahi adina haragi jaten utzi zion; hori bai, ezin zuen besterik jan. Pasadizoak amaiera zoriontsua du: pazienteak bost kilo galdu zituen bost egunetan.
Diotenez, horrela jaio zen Dukan dieta, Dukanek neurologia baztertu, nutrizioa ikasi, eta bere metodoa hedatzen hasi zen. Metodoa proteinetan oinarritzen da, eta lau fase ditu; laugarrena bizi osora luzatzen da. Frantzian sekulako arrakasta izan du: bost liburu salduenen artean daude Dukanek idatzitako hiru, eta, guztira, 3.500 milioi kopia saldu ditu Frantzian bertan.
Osasun-arduradunen kezka
Osasun-arduradun frantziarrek, ordea, ez dute bat egin Dukanen jarraitzaileekin. Are gehiago: joan den urtearen amaieran, argaltzeko metodoen arriskuei buruzko txosten bat kaleratu zuen ANSES erakundeak (elikagaien, ingurumenaren eta lanaren osasun-segurtasunaz arduratzen den erakunde ofiziala), eta udaberri-hasieran prentsa-ohar bat zabaldu du, txostenean aipatutako ondorioak gogorarazteko. Epaia garbia da: Dukan dieta, beste dieta ezagun asko bezalaxe, arriskutsua da osasunerako.
Dieta horien artean daude Atkins doktorearena, Guttersen doktorearen dieta kaliforniarra, Cohen doktorearena, Mayo klinikarena, Montignacena, Ornish doktorearena, Weight Watchers dieta, Delabos doktorearen krononutrizioaren dieta, aukerako zoparen dieta, limoiarena, eta, noski, baita Dukanena ere. Elkarren artean desberdintasunak badaude ere, oro har, denek eragin ditzakete aldaketa fisiologikoak, metabolikoak eta psikologikoak. Bestalde, bereziki arriskutsuak dira populazio-talde jakinentzat, hala nola gaztetxoentzat, emakumezko haurdunentzat, adinekoentzat, haurrentzat eta gaixo daudenentzat.
Beste herrialde batzuetan ere antzeko erantzuna eman dute arduradunek. Adibidez, Espainian, Dietisten eta Nutrizionisten Elkarteak ohar bat plazaratu zuen joan den hilean, Dukan dieta salatzeko. Haien arabera, dieta "ez da eraginkorra, iruzurrezkoa da, eta arriskutsua izan daiteke". Zehazki, proteina gehiegi jateak gaixotasun kronikoak garatzeko arriskua areagotzen du: osteoporosia, giltzurrun-gutxiegitasuna eta harriak, minbizia, gaitz kardiobaskularrak... eta obesitatea!
Amaitzeko, bitxikeria bat: 2003an, Dukan doktoreak Gizonezkoek biribiltasunak nahiago dituzte izenburua duen liburua atera zuen, eta hurrengo esaldia idatzi zuen han: "Zure aldakak, zure izterrak, zure aurpegiaren eta belaunen biribiltasunak sexu-igorle naturalak dira, gizateriaren hasieran zugan ezarritakoak".
Gararen GAUR8 gehigarrian argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia