}

Bihotza osatzeko teknika berriak

2002/02/24 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Kaliforniako El Camino ospitaleko sendagileek itxitako arteriak zabaltzeko teknika berria aurkeztu dute: krioplastia. Orain arteko tekniken antzekoa da, baina, horri esker, bihotzeko ebakuntzetan albo-ondorioak gutxitu egingo dira.
Bihotzeko arazoak egungo bizimoduaren eta elikadura moduaren ondorio zuzenak dira.

Medikuntza asko baliatzen da teknologia berrien garapenaz. Horren erakusle izaten dira konferentzia eta sinposioetan plazaratzen diren teknika berriak. Oraingoan, Miamitik dator notizia.

Hodietako terapiei buruz egin berri den sinposioan, Kaliforniako El Camino ospitaleko adituek itxitako arteriak zabaltzeko teknika berri bat aurkeztu dute. James Joyce sendagilearen iritziz, krioplastia deritzon teknika horrek angioplastia baino gutxiago hondatzen ditu arteriak eta, besteak beste, angioplastiaren albo-ondorioak gutxitzen ditu.

Arteria koronarioen kalibrea itxi edo eragozten denean, miokardioko infartua edo bularreko angina bezalako arazo larriak azaltzen dira. Konponbide arruntena angioplastia egitea da, hau da, bazterreko arteria batean muturrean ponpa txiki bat duen kateterra sartzea. Ponpa nahi adina puzten da eta, horrela, buxadura zabaltzea lortzen da. Odol-fluxua hobetzen denean, "pilotatxoa" atera egiten da.

Baina oso erabilia den teknika horrek arteriatan orbainak uzten ditu eta, gainera, arteria puztu egiten da. Sei hilabete pasatu ondoren, hainbat gaixori odol hodiak berriro lehen bezala estutzen zaizkie, eta bigarren ebakuntza bat egin behar izaten da. Hori eragozteko, angioplastia egitean hodi-itxurako metalezko protesi bat sartzen zaie, baina ez dira espero bezain emaitza onak lortzen.

Itxita dagoen arteria irekitzeko teknika hobea

Krioplastia teknika berriaren albo-ondorioak angioplastiarenak baino txikiagoak dira.

Miamin aurkeztu duten krioplastia berdin-berdin egiten da, baina ponpa puzteko gatzezko disoluzioa erabili ordez, oxido nitrosoa (NO) erabiltzen da. Oxido nitrosoa irriaren gasa da, baina kasu honetan ez du barrerik eragiten. Arteria buxatzen duen geruzaren tenperatura -10 ºC-ra jaitsarazten du eta zelulen apoptosia –zelulen suizidio programatua– eragiten du. Teknika Kaliforniako El Camino ospitalean garatu dute eta, bertako James Joye medikuaren arabera, angioplastiak baino kalte txikiagoa eragiten dio buxatutako arteriari. Krioplastia angioplastia bezain segurua dela ere ziurtatu du, angioplastiaren arrisku berekin, baina albo-ondorio gutxiagorekin.

Krioplastia Europan eta Hego Amerikan probatu da hanketako arterietan. Hamabost lagun tratatu dituzte eta, bederatzi hilabete pasatuta, hamabi pazientek ez dute bigarren ebakuntzarik behar izan, hau da, arteria ez zaie berriz itxi. Normalean, gaixoen % 50-60k bigarren angioplastia behar izaten du hanketako arterietan eta % 20-30ek bihotzekoetan.

Hain zuzen, Estatu Batuetako Elikagaien eta Sendagaien Administrazioak (FDA) bihotzeko arterietan saio klinikoak hastea onetsi du, eta ehun bat lagunekin hasi dira lehen faseko frogak egiten.

Ez da ordezko bakarra

Bihotzeko ebakuntza batzuk egiteko ez da bularraldea ireki beharrik.

Arteria koronario buxatuek sortzen dituzten arazoak ekiditeko, badira oso erabiliak diren beste teknika batzuk ere; bypass-ak esaterako. Ebakuntza-mota horretan, hankako edo bihotzeko beste arteria batzuen bidez zubiak egiten dira.

Hain ezaguna ez bada ere, bada, ordea, beste aukera bat ere. Ebakuntza-mota berri hori gaixo bati bakarrik egin diote oraingoz. 53 urteko gizonezko batek bihotzeko arteriak buxatzen zizkion arteriosklerosi larria zuen eta ezin zen ez angioplastiaz ez bypass arruntaz tratatu. Beraz, buxatutako arteriek eraman beharreko odola toki horretako benen bidez desbideratu zuten. Horretarako, hankako arteriatik ultrasoinuz zuzendutako kateter bat bihotzeraino eraman eta, horren laguntzaz, arteria koronariotik orratz bat pasatu zuten benara. Gero, orratza hodi txiki batez ordezkatu eta balbula eta blokeatzaile bereziak ezarri zituzten benak arteriaren lana bete ahal izateko.

Teknika berri horri esker, benak kaltetutako bihotz-zatira odol oxigenatua eramatea lortzen da eta ebakuntza egiteko ez dago bularraldea ireki beharrik. Gaixo batekin soilik probatu denez, saiakuntza gehiago egin behar dira, baina ikertzaileak itxaropentsu azaldu dira.

Teknika horren berri Circulation aldizkarian eman zen, eta saiakerek aurrera jarraitzen badute, abantaila ugari eskaini eta zeresan handia emango duen teknika izango da. Izan ere, ebakuntzak bi ordu bakarrik irauten du eta gaixoak egun bat edo bi besterik ez omen ditu pasatu behar ospitalean.

Alemaniako, Japoniako eta Estatu Batuetako bihotzeko espezialista-talde batek landutako teknika horri esker, aurreko tekniken bidez tratatu ezin diren gaixoei aukera bat ematen zaie.

Dena dela, hainbeste ikerketa kaleratzen badira, teknika horiek oraindik ere hobetu daitezkeelako da eta, beraz, egokiena elikadura orekatu eta bizimodu osasuntsu bati esker bihotzeko arazoak ekiditea da. Hori da eta oraingoz dagoen biderik ziurrena.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia